Jaurlaritzaren diru laguntzak. Euskal hedabideak

«Babesle nagusia» dela erantzun du Jaurlaritzak

Azaldu du diru laguntzak banatzean hedabideen «eraginkortasuna» lehenetsi duela.BERRIAren kontra dagoela ukatu du gobernuak

Maite Asensio Lozano.
2014ko urriaren 22a
00:00
Entzun
«Eusko Jaurlaritzak BERRIAren babesle nagusi izaten jarraitzen du». Diru laguntzaren murrizketak batik bat Interneteko sare sozialetan eragindako kexei erantzun egin zien Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak, atzo arratsaldean, ohar baten bidez. Laguntzen banaketan izandako irizpide aldaketa defendatu zuen, baita diru kopurua jaitsi izana ere: «Kontuan hartu behar da BERRIAren aurrekontua 484.977 euro jaitsi dela aurten. Hala ere, Jaurlaritzaren diru laguntza ez da kopuru berean jaitsi (208.217 euro gutxiago). BERRIAk berak gutxitu duen aurrekontua baino gutxiago gutxitu da diru laguntza».

Hedabideen esparrua «lehentasunezkotzat» jo du Jaurlaritzak, eta horren adierazle jarri du 2012tik diru laguntzen saila urritu ez izana: 4.875.000 euro banatu ditu 122 hedabideren artean. Dirua nori eman ebaztean, baina, irizpidea aldatu du aurten gobernuak: irismenaren arabera ezarri ditu puntuen %70. «Hedabidearen eraginkortasunari eman zaio garrantzia bereziki», azaldu du oharrean. «Euskararen erabilera jarri dugu diru laguntzen erdigunean, hedabideen kontsumoa, alegia».

Irismenari eta eraginkortasunari lotutako kalkulua nola egin duen ez die argitu Jaurlaritzak komunikabideei, baina zertzelada batzuk eman ditu oharrean: «Batetik, hedabideak duen zabalkundea hartu da kontuan, eta, bestetik, hedabide horren jardun esparruan dauden kontsumitzaile potentzialak ere aintzat hartu dira; bi datuok erkatuta baloratu da nagusiki hedabide baten eraginkortasuna. Bere esparruan zenbat eta jende gehiagorengana heldu, orduan eta diru laguntza handiagoa jasoko du». Horrela, tokiko hainbat hedabideren diru laguntza handitu egin da: «Irakurle gehienengana iristen dira».

Ekuazio horren ondorioz, 1.301.963 euro jasoko ditu BERRIAk aurten, iaz baino ia 210.000 gutxiago. «Esan behar da ez dugula ezagutzen inon ere tamaina horretako diru laguntza jasotzen duen beste hedabiderik». Gobernuak BERRIAri «babes bikaina» eman diola nabarmendu du, «euskararen erabilera prentsan bultzatzearen alde egiten duen lanarengatik», eta ildo berean jarraituko duela baieztatu du.

«Diru laguntza hau ematen duen erakunde bat ez dago inolaz ere BERRIAren kontra. Euskararen erabilera sustatzearen alde dago Jaurlaritza», erantsi du. Areago, euskarazko kazetari «diskriminazio positiboa» egiten zaiola adierazi du: «Euskal hedabide ezberdinen aurrekontuaren %18,72 diru laguntzen bidez finantzatzen du Eusko Jaurlaritzak. BERRIAren kasuan, ordea, aurrekontu osoaren %21,38 ordaintzen da».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.