Elizaren pribilegioak. Opus Dei Nafarroan

Maitasun ez hain desinteresatua

Escriba de Balaguerrek 1952an sortu zuen Nafarroako Unibertsitatea. 48 ikaslerekin jarri zuen martxan erakundea. Egun, enpresarik handienetako bat da Opus Deik zuzentzen duena. Hori lortzeko Nafarroako Unibertsitateak jasotako mesede tratuaren auzia mahai gainean izan da, hasieratik.

Espainiako errege-erreginak, Nafarroako presidente Yolanda Barcina, Espainiako Kultura ministro Jose Ignacio Wert eta Opusen unibertsitateko errektore Alfonso Sanchez Tabernero. JESUS DIGES / EFE.
edurne elizondo
Iruñea
2015eko apirilaren 12a
00:00
Entzun
Nik Iruñea hiriari erakutsi diodan baino maitasun froga handiagorik ez da: Espainiako hiri guztien artean aukeratu dut, Opus Deiren lehen unibertsitatearen egoitza hartzeko».

Jose Maria Escriba de Balaguerrek erran zituen hitzok, Iruñean bertan, 1960ko urriaren 25ean. Nafarroako hiriburuko seme kutun izendatu zuten egun hartan. 1952. urtean sortu zuen Escriba de Balaguerrek Nafarroako Unibertsitatea. Zuzenbide ikasketak martxan jartzeko asmoz abiatu zuen, eta Kontu Ganberaren egoitza izan zuen lehen aterpe. 48 ikasle eta zortzi irakasle izan zituen Opus Deiren unibertsitateak lehen ikasturte hartan.

Orduko enborrak hamaika adar eman ditu urteotan guztietan; Opus Deik zuzentzen duena Nafarroako enpresarik handienetako bat bilakatzeraino. Escriba de Balaguerren obrak izan duen garapen hori ulertzeko ezinbertzean hartu behar da kontuan Nafarroako Gobernuan agintea izan dutenek bete duten rola. Antza, ez zen hain desinteresatua Nafarroako Unibertsitatearen sortzaileak Iruñea hiriari aitortu zion maitasuna. Eta santuak jaso zuen ordaina.

Nafarroako Unibertsitatearen aldeko mesede tratuaren auzia mahai gainean izan da, hasieratik, Opus Deiren inguruko eztabaidan. Iruñeko zinegotzi izandako Miguel Angel Muezek, adibidez, argi erran zuen 2011n, Pamielak Universidad del Opus: historia de un expolio (Opusen unibertsitatea: espoliazio baten historia) liburua argitaratu zuenean: «Guk Opusi ez genion inolako erraztasunik eman. Gure aurretik egon zirenek, ordea, dena eman zioten». Hainbat egileren testuak jaso zituen liburu horrek; tartean, Muezenak berarenak. 1967tik 1979ra bitarte izan zen karguan zinegotzia.

Kontuz elkarteko kide eta kazetari Patxi Zamorak ez du zalantzarik: «Opus Deik Nafarroan egindako ibilbidearen atzean dago gobernuak eman eta denon artean ordaindu dugun babes ekonomikoa». Unibertsitateko eraikinak hartzen dituzten lurrak, bai eta eraikin horietako hainbat ere. Horiek dira Opus Deik jasotako sarietako zenbait.

Administrazio publikoak unibertsitate pribatuari emandako babesa harago doa, hala ere, Zamorak salatu duenez. Nabarmendu du, bertzeak bertze, Nafarroako Ogasuneko zuzendari ohi Idoia Nievesek Nafarroako Parlamentuan agerian utzitakoa: Nafarroako Unibertsitateak ez dituela zergak ordaindu bere langileei espezietan pagatzeagatik; hau da, matrikulak doan emateagatik. Nafarroako Foru Auzitegi Ekonomiko Administratiboak argi erran du, berriki, Opus Deik ordaindu egin behar duela. Sententziak 2009, 2010 eta 2011. urteetako jarduerari egiten dio so. Geroztik, matrikula doan ematea jada ez da espezietan ordaintzea, lege aldaketa bati esker.

«Nafarroako hainbat agintarik normaltzat jotzen dute interes publikoari kalte egiten dioten hitzarmenak sinatzea Opus Deiren gisako erakunde pribatu batekin; naturaltzat hartzen dute; hori da larriena», salatu du Ricardo Feliu soziologo eta irakasleak. Argi du Nafarroako Unibertsitatea Iruñean dela herrialde horretan abantailak dituelako.

«Administrazio publikoak dituen mekanismoak zeintzuk diren jakinik, horiek baliatu egiten dituzte, sinatzen dituzten kontratuen berri ez emateko», azaldu du Feliuk. Eta adibide bat jarri du egoera horren adierazgarri: «Zenbat hitzarmen sinatu dituzte Nafarroako Unibertsitateak eta Nafarroako Gobernuak herritarrek jakin gabe?», galdetu du. «15.000 euro baino gutxiagokoak badira, ez dute lehiaketa publikorik egin behar, eta, ondorioz, ikusezin bilakatzen dira».

«Harrigarriena da Opus Deik pentsatzea herritarrok gure diruarekin ordaindu behar dugula bere ideologia ultrakatoliko, ultraeskuindar, misogino, homofobo eta atzerakoia». Maite Garbaio arte kritikariarenak dira hitzak; Nafarroako Unibertsitateak urtarrilean arte garaikideko bere museoa zabaldu zuenean idatzi zituen, eta orain berretsi egin dizkio BERRIAri. Opusen unibertsitateko errektore Alfonso Sanchez Tabernerok egindako adierazpenen harira erran ditu hitzok Garbaiok; Sanchez Tabernerok azaldu baitzuen, museoa inauguratu behar zutenean, bazuela proiektu horrentzat diru publikoa jasotzeko esperantza.

Galdutako aukera

Zenbat. Eta zergatik. Zenbat diru eman dion Nafarroako Gobernuak Opus Deiren unibertsitateari; eta zergatik. Horri buruzko informazio gardena eta osoa zor die administrazioak herritarrei. Horixe nabarmendu dute Feliuk eta Zamorak. «Kontuak diru publikoa kudeatzen duen gobernuari eskatu behar dizkiogu», zehaztu du Zamorak. Nafarroako Parlamentuan Idoia Nievesen auziaren harira egindako ikerketa batzordean horretarako aukera galdu zela uste du. «Parlamentariak ez ziren fin ibili», kexatu da.Ez ziren gai izan hariari behar bezain bertzeko indarrez tira egiteko, kazetariaren ustez.

Aztertu beharreko alorrak anitz dira, Zamoraren hitzetan, eta aitortu du ez dela lan erraza. «Opus Deik botere esparru guztietan badu jendea». Ildo horretan, Opus Deiko kide izan gabe ere «soziologikoki erakunde horren unibertsoan» dagoen gizarte sektoreak duen eragina nabarmendu du Ricardo Feliuk. Ez da oraingoa eragin hori. Frankismoaren garapenarekin lotu du soziologoak Nafarroako Unibertsitateak herrialde horretan egindako bidea.

«Bitxia da, baina Opus Dei Nafarroara ailegatu zenean elite tradizionalek gaizki hartu zuten; haien ikuspuntutik, modernitatea islatzen zuelako; 1950eko hamarkadaren bukaeran, autarkia bazter utzi, eta desarrollismoaren bidetik egin zuen aurrera frankiskoak. Desarrollismo horren oinarri ideologiko nagusia teknokrazia zen, eta esparru horretan Opus Dei bilakatu zen eragile nagusi, Nafarroako Unibertsitatearen eskutik». Horrek guztiak ekarri du «gauzak egiteko modu» bat. Horixe nabarmendu du Feliuk. «Horrek ekarri du normaltzat eta naturaltzat jotzea Nafarroako Unibertsitatearen gisako erakunde bat diru publikoarekin laguntzea eta babestea».

Arlo ekonomikoa gainditzen du harreman horrek. Garbaiok ere horixe nabarmendu du: «Urte luzez emakumeek ezin izan dute Nafarroan abortatu; eta orain, Antsoainen dagoen klinikaren aurrean artzapezpikuak berak egiten ditu protestak». Urtarrilean zabaldu zuten museoaren bidez, eragin hori artearen esparrura zabaldu nahi du unibertsitateak, arte kritikariak salatu duenez. Kontuan izan behar da, gainera, Opus Deiren museoak hartu duen bilduma nafar guztien esku utzi nahi izan zuela Maria Josefa Huarte haren jabeak. Hitzarmena sinatzera ere heldu ziren Huarte bera eta Nafarroako Gobernua, 2001ean. Ziudadelan egin behar zuten bilduma erakusteko museoa. Baina Espainiako Kultura Ministerioak ez zuen horretarako baimena eman, eta bertan behera gelditu zen arte bilduma nafarren esku uzteko aukera.

Bertze hainbat esparrutan ere nagusitu da Nafarroako Unibertsitatea, gobernuaren babesari esker. Osasunarena da aipagarrienetako bat. Esparru horretan, kontua ez da bakarrik gobernuak Klinika Unibertsitarioarekin hitzarmenak sinatzen dituela, edo gobernuak Nafarroako Unibertsitateko langileak klinika horretan arta ditzaten ordaintzen duela; harago doa Opus Deiko kideen eragina. Nafarroako Ikerketa Biomedikorako Institutuarekin gertatu dena aipatzen ahal da, adibidez. Gobernuak, hasieran, garai hartako Osasun kontseilari Maria Kutzen eskutik, institutu horretatik kanpo utzi zuen Nafarroako Unibertsitate Publikoa (NUP). Atzera egin behar izan zuen gero, Nafarroako Parlamentuak berak auzian esku hartu eta gero.NUPek proiektutik at jarraitzen du, halere, unibertsitate publikoko kideek argi dutelako institutuaren ardura erakunde pribatuaren esku izanen dela, nagusiki.

Osasunaren esparrua bazter utzi gabe, aipatzekoa da, halaber, Nafarroako Gobernua badela CIMA Medikuntza Ikerketa Aplikatuko Zentroko bazkideetako bat. Feliuk azaldu du eraikineko solairuren bat itxi egin behar izan dutela, proiektuak ez duelako lortu espero zuten emaitza. Gehiago erran du soziologoak. «Nafarroako Unibertsitatea krisian da; ez dut erranen makalaldian dagoenik, baina lehen ez zituen lehiakideak ditu orain; Opus Dei baino eskuinagora kokatzen diren erakundeak badira». Aldaketarako aukerak ere eragiten diola uste du Feliuk. «Gardentasunak ez dio onik egiten Opusi. Gordeka aritzen da». Aldaketaren bidez «leihoak zabaltzeko» beharra nabarmendu du soziologoak; bat egin du Zamorak. Ilunak argitzen hasteko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.