Bizkaiko industria. Ezkerraldea, alkateen ikuspegitik

Zer jarri industria zegoen lekuan

Industria astunaren gune izateari utzi, eta zerbitzuen inguru bihurtu da ezkerraldea. Hala ere, eskualdeko lau alkatek bat egin dute: industria berria erakartzeko gaitasuna eta ahalmena eduki dezake eremuak.

Barakaldoko Mega Park merkataritza gunea Hego Euskal Herriko handiena da. MARISOL RAMIREZ / FOKU.
Lander Muñagorri Garmendia.
2018ko ekainaren 3a
00:00
Entzun
Aberastasun iturri izan dira, historikoki, ezkerraldeko eta meatzaldeko eskualdeak. Bizkaiko industria astunaren sehaska izan zen iraganean, baina baita desindustrializazio prozesu oso baten biktima ere. Langabezia tasa handiak izan ditu ordutik, eta 2008. urtean hasizen krisiak areagotu egin zuen lehenagotik ere erasandako eskualdearen egoera. %23ko langabezia tasa izan zuten eskualdean, eta, 2017ko azken hiruhilekoan %17,5era jaitsia bazen ere, Bizkaiko %14,2ko batezbestekotik gora dago oraindik. Industriak iraganean izan zuen pisua galdua dauka, eta, ekinbide asko aurkeztuagatik, oraindik ere zaila da eskualdearen egoera.

Erakundeetako ordezkariak badakite zer egoera duten ezkerraldean eta meatzaldean, eta iraganean industria handiak kokatuta zeuden orubeetan bestelako enpresa edo alternatibak bilatu dira. Aldaketa horren lekuko zuzenak izan dira eskualdeko herritarrak, eta, bilakaera horren berri izateko, lau alkaterekin hitz egin du BERRIAk. Amaia del Campo Barakaldoko alkateak, Xabier Cuellar Trapagarangoak, Maite Etxebarria Abantokoak, eta Saulo Nebreda Ortuellakoak zertzelada batzuk eskaini dituzte eskualdeak zer norabide hartuko duen etorkizunera begira.

INDUSTRIATIK ZERBITZURA





«Iraganetik ezin da bizi, bainairaganetik kas daiteke». Amaia del Campok Barakaldoren garrantzi historikoaz hitz egin du, eta azpimarratu Euskal Herriko erdigune industriala izan zela. Baina baieztapen horretatik ezin du bizi hiriak, gaur egun errealitatea bestelakoa baita: 1996an, herriko aberastasunaren %14 industriatik zetorren, eta, 2015ean,%6,3k besterik ez zuen jatorri hori. Gaur egun zerbitzuek eskaintzen diote herriari aberastasunaren %78,5. Eta bilakaera garbi ikusten da Bizkaiko Labe Garaiak zeuden orubetik metro gutxitara joanez gero. 2004. urtean zabaldu zuten Mega Park merkataritza gunea, Hego Euskal Herriko handiena. Proiektu horrekin, industriaren erdigune izateari utzi zion Barakaldok, eta merkataritzaren gune bihurtu zen.

Baina Del Campo berak ere badaki sektore horrek industriak baino oinarri ahulagoak izan ditzakeela: «Krisiak agerian utzi du zerbitzuen sektorea ahulagoa dela enpleguari dagokionez». Horregatik, nabarmendu du lanean ari direla iraganean galdutako industria berreskuratzeko. «Zerbitzuen sektorea bakarrik bultzatzeko apustua ez da ona hiriarentzat, eta, horregatik, XXI. mendeko industria erakartzeko lan egin beharra daukagu; aste honetan, Makina-erremintaren Biurtekoa egin da, eta Barakaldo hiri erakargarria dela erakutsi diegu azokara etorri direnei».

Hori baita, haren ustez, enpresei erakutsi behar zaiena, lantegia jartzeko moduko ahalmena daukatela. Bada, era berean ari dira lanean Trapagaranen ere. HangoGalindo industrialdearen zatirik handiena hartzen dute Babcock Wilcox zenaren pabiloiek. 2011n itxi zutenetik utzita dago orube hori, baina «antzinako lur industrialak betetzea» da oraintxe Cuellar alkatearen helburu nagusia. Eta ez da gutxiagorako, 1996.eta 2015. urteen artean industriak sortzen zuen aberastasunak hogei puntu galdu baitzituen Trapagaranen. Babcock Wilcoxen itxierak zerikusi handia izan zuen bilakaera horretan, eta egoerari buelta eman nahi diote.

Horretarako, lursail horiek enpleguz bete beharko lirateke, eta, hain justu, urtarrilean Amazonek interesa azaldu zuen han banaketara bideratutako gune bat jartzeko. «Baina beste enpresa batzuk ere interesatuta daude». Alkateak ez du izenik eman nahi izan, baina interesa azaldu duten enpresak industria eta zerbitzu arlokoak direla argitu du. Denetarik dagoela, alegia. «Babcockeko puzzlea nahiko beteta dago, baina hilabete batzuk itxaron beharko dugu albiste hori eman arte».

Iraganean izandako ahalmen ekonomikoa berreskuratzeko, industriak okupatu zituen lurrak beste modu batean aprobetxatu behar direlako, Ortuellako Nebredaren ustez: «Egia da kasu askotan zerbitzuek ordezkatu dutela industria, eta industriaren balio erantsia galdu egin dela; baina argi dago egokitzen jakin izan dugula, lehen burdina eraldatzen zen lekuetan, orain industrialdeak daude, eta aukera berriak».

Orain gutxi, ordea, General Electricek Ortuellan zuen lantegiko ekoizpena etetea erabaki zuen: «Kolpe handia izan zen, baina orain joera aldaketa bat nabaritzen ari gara, eta industrialdeen gaur egungo itxurak ez du zerikusirik duela sei urtekoarekin». Enpresak Ortuellako industrialdeetara inguratzen ari direla azaldu du, eta «horrek lanpostua badakar, hori positiboa da». Cuellarrek bilakaera hori nabarmendu du, eta lanpostu oro garrantzitsua izango dela: «Etorkizuneko industria ez da antzinakoa bezalakoa izango, hau da, ez dira egongo hain lantegi handiak; uste dut enpresa ertainek izango dutela etorkizuna, eta horri balioa eman behar zaio».

ETORKIZUNEKO ERRONKAK





Handiak ala txikiak izan, badirudi berrikuntza teknologikoen eskutik joango dela etorkizunerako industria. Azken urteetan, 4.0 industrian ahalegin berezia egiten ari da Eusko Jaurlaritza, eta ezkerraldean ere erronka horri eutsi diote. Euskadiko Teknologia Parkeen sarea Abanton 4.0 industriara bideratuko den teknologia parke bat eraikitzen ari da. Etxebarria alkatearen ustez, garrantzitsua da «ilusioa berreskuratzea» bigarren sektoreak ahalmena galdu duen eskualdean: «Jakitun gara eskualdearen egoera ez dela ona, baina aurreikuspen positiboak dauzkagu eraikitzen ari diren teknologia parkean, horrek eragin handia izango duelako eskualdean».

Abantotik ez oso urrun, Bilboko portuan Haizea Wind lantegia ere inauguratu zuten joan den astean, itsasoko haize errotentzako dorreak egingo dituen enpresa. Del Campok industria mota berri bat ikusten du bi egitasmo horien atzean: «Eskualdean izan genituen enpresa askoren eraginez,ingurumena asko kaltetu zen; gaur egun, ez dugu halako kalterik eragin nahi, eta etorkizuneko industriak atseginagoa izan beharko du hirigintza aldetik, eta baita sozialki ere». Horregatik, iraganeko moldeek ez dute balio Nebredarentzat: «Labe garaien ispiluak ez du balio jadanik, lehen eskuz egiten zirelako prozesu asko, eta orain dena dagoelako automatizatua; beste industria baten bila gabiltza».

Mekanizatutakoa izango den etorkizuneko industria mota horrek geroa izango duelakoan daude lau alkateak. Baina badakite, halaber, aukera berri horretan ezkerraldeak eta meatzaldeak trena galdu nahi ez badute hezkuntzan lan handia egin beharko dutela. «Alde horretatik, dema handia daukagu aurretik», dio Del Campok. «Etorkizuneko lanpostu horiek betetzeko enpresek zein langile behar dituzten jakin beharra daukagu, eta horren araberako hezkuntza eskaini; oraintxe ildo horretan lan egiteko laguntzak eskaintzen hasiak gara herriko langabeei».

Eskualdeak gabezia bat baitauka alde horretatik, Etxebarriaren ustez: «Iraganean pertsona asko eraikuntzan ibili ziren, eta askok ez daukate industria berri horietara sartzeko behar besteko ikasketarik». Horregatik, helburua bi bidetatik joango dela uste du Abantoko alkateak. Alde batetik, gazteek etorkizuneko lanpostuetan lan egiteko ikasketakegin ditzatela bultzatu, eta, beste alde batetik, kualifikatu gabeko eskulan horri behar besteko jakintzak eskaini. Eta hori eskualdeko pertsonekin egitea garrantzitsua izango dela uste du Del Campok, «eskualdean sortzen den aberastasuna tokiko bertako herritarren artean banatu ahal izateko».

AZPIEGITUREN ESKUALDEA





Industria mota hori erakartzeko ahalmena badauka, gainera, eskualdeak. Hala uste du, behintzat, Cuellarrek: «Guk badakigu gure ingurua aprobetxatzeko modukoa dela, eta gure komunikabideak oso onak direla ere badakigu». Ezkerraldeak inportazio eta esportaziorako azpiegitura garrantzitsu bat baitauka: Bilboko portua. Horrekin batera, Loiuko aireportua ere gertu dago, eta autobia sare garrantzitsua ere badauka.

Hori nahikoa ez, eta 2027. urterako itsasadarraren azpitik igaroko den tunel bat egitea aurreikusita dauka Bizkaiko Foru Aldundiak. Getxo eta Portugalete arteko tunel horrek lehendik erakargarri diren azpiegiturak hobetuko dituztela uste du Del Campok: «Komunikazioak hobetu ditzakeen edozein baliabide beti izango da positiboa, eta beti izango da industria erakartzeko puntu bat gehiago». Horregatik, eskualdeak dituen zailtasunei aurre egiteko baliabideak egon badaudela uste du Barakaldoko alkateak. «Azpiegitura horiek aukera ezin hobe bat eskaintzen digute eskualde gisa garatuz joateko; badakigu trabak dauzkagula, baina aukera horiek dauzkagula jakitea ere garrantzitsua da».

Horregatik guztiagatik, ezkerraldeak iraganean eduki zuen indar ekonomikoa berreskuratzeko aukera eduki dezakeela uste dute lau alkateek. Del Campo urrunago doa: «Iraganean hiri industrial bat izan ginen, eta gure erronka berriz ere hala izatea da». Ekintzaileei bide eman nahi diela azpimarratu du, baina egia da horretarako lan asko egin beharko dela. Gaur-gaurkoz zerbitzuen eskualde baita iraganean industriarena izan zena. Hala ere, martxan jarri diren egitasmoei esker, etorkizun berri bat marraztu daiteke.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.