Presoei tituluak iruzurrez eman izana ukatu egin du Goirizelaiak

UPDk eta PPk EHUren aurka jo dute, esanez «sare antolatuak» daudela presoek titulua lortzeko.Dokumentuak faltsutzea egotzita, Covitek salaketa jarri du sei presoren kontra

Garikoitz Goikoetxea.
2015eko ekainaren 25a
00:00
Entzun
Mesedezko tratua izan zutela euskal presoek, iruzurrean lortu zituztela tituluak, hori bideratzeko «sare antolatuak» daudela unibertsitatean. Estilo horretako salaketak egin zizkioten atzo PPk eta UPDk Iñaki Goirizelaia EHU Euskal Herriko Unibertsitateko errektoreari. Covite biktima taldearen salaketa hartu dute oinarri: sei euskal presok titulua iruzurrean eskuratu zutela. Ukatu egin du hori Goirizelaiak: nabarmendu du unibertsitateak legea bete duela beti, eta hala berretsi dutela auzitegiek ere. Errespetu faltatzat hartu du PPk eta UPDk EHUri buruz susmoak zabaltzea.

Eztabaida gogorra eduki zuten atzo Eusko Legebiltzarrean Goirizelaiak eta PPko eta UPDko bozeramaileek: Iñaki Oiarzabalek eta Gorka Maneirok. Agerraldia PPk eskatu zuen, Covitek euskal preso batzuen aurka jarritako salaketen berri emateko. Goirizelaiak argitu zion inork ez duela EHU salatu, presoak baizik, eta, beraz, errektoreak ez daukala horren berririk.

Hortik aurrera, Coviteren salaketa oinarri zutela, estu hartu zuten errektorea. Galdera eran, iradokizunak egin zituzten. «Presoen neurrira» egindako ikasketez mintzatu zen Oiarzabal: «Jakin nahi genuke EHUk bat egin ote duen ETAko presoek espetxe onurak lortzeko duten estrategiarekin». Maneirok «oso ondo antolatutako sareak» aipatu zituen. Covitek dio selektibitaterik egin gabe sartu zirela EHUn preso batzuk, eta beste batzuek dokumentu faltsuak erabili zituztela. Espainiako Auzitegi Nazionalean salatu ditu sei preso, Bizkaiko Fiskaltzak salaketa artxibatu ondoren.

Maneiroren galderak

Goirizelaiak «errespetua» eskatu zuen EHUrentzat, eta PPren eta UPDren adierazpenak salatu: «Ez dago eskubiderik». Unibertsitatea legez kanpo aritu den zantzurik badute auzitara jotzeko eskatu zien, biziki haserre, ohi ez bezala. Goirizelaiak azaldu du lehen ere egin dituztela halako salaketak, eta auzitegiek atzera bota dituztela. Areago, EHUk ikertu zituen presoen notak, eta ez zuen ikusi mesedezko traturik: «Besteen pareko emaitzak dituzte, nahiz eta ikasgai gutxiagotan jardun». Horregatik, «mesedezko tratua» eman izana ukatu du errektoreak.

Erantzunarekin konforme ez, eta Maneirok haratago jo zuen eztabaidan, Goirizelaiari galdezka: «Bada kontatu beharko zenigukeen ezer?». Irmo erantzun zion: «Hau serioa dela uste duzu?». Gainerako taldeak PPren eta UPDren aurka agertu ziren; EH Bilduk iragarri du idazki bat aurkeztuko duela legebiltzarrean «EHUren izen ona zikintzea» salatzeko.

Gaiaren jiran, ekinbide gehiago prest dituzte PPk eta UPDk. Gaur, ikerketa batzordea sortzeko eskatuko dute parlamentuan —ez dute lortuko, gainerako taldeak kontra baitaude—. Maneirok iragarri du irregulartasunen «lekukoak» dituztela, EHUko irakasle batzuk. «Hitz egingo dute». Oharra egin du: «Hau hasi baino ez da egin».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.