Albistea entzun

Emakumeak politikan

'Statu quo'-a jokoan

Zehaztu al daiteke botere gune garrantzitsuetara iristen diren andreen profila? Zergatik izan dira, batik bat, eskuindarrak lidergo postuetan? Aldatzen ari ote da joera hori? Bestelako politikak sustatzen dituzte andreek?
BERRIA Tamaina handiagoan ikusi

Maialen Unanue -

2016ko urriak 2

Angela Merkel, Margaret Thatcher, Christine Lagarde. Azken urteetan botere gune garrantzitsuetako buru izan diren emakumeak zerrendatzerakoan hutsik egin ezin duten andreak dira. Munduaren alde honetako biztanleentzat, emakume boteretsu erreferenteak dira: alderdi politikoetako buruak, gobernuburuak edo lehen ministroak, nazioarteko organo ekonomiko nagusietakoen buruak. Gizonen aldean, gutxiengoa dira: salbuespenak. Euskal Herrian, esaterako, zazpi hiriburuetan emakume bakarra izan da alkate: Yolanda Barcina (UPN), Iruñean. Michele Alliot-Marie (PR) ere, urte luzez Donibane Lohizuneko (Lapurdi) alkate izana, botere gune garrantzitsuetan izan da, batez ere Frantzian: Defentsa, Barne, Justizia eta Atzerri ministroa izan zen 2002-2011 artean. Euskal Herrian bi gobernuburu emakume izan dira, Nafarroan: Barcina, eta, iaztik, Uxue Barkos (Geroa Bai).

Zer dute antzeko botere gune garrantzitsuetara iristen diren andreek? Zehaztu daiteke profil zehatz bat? Andreak buruzagi aritzeak politika egiteko beste modu bat dakar? Euskal Herriko Bilgune Feministako kide Garbiñe Elizegi Narbartek testuinguruan jarri du arreta, hasteko: «Sistema kapitalista heteropatriarkala sistema bera betikotzeko helburua duten pertsonentzat diseinatua dago». Botere postu garrantzitsuak, alde horretatik, gehienbat «gizon, zuri, heterosexual eta errenta handiko herrialdeetakoak» direnek betetzen dituzte. «Hori erabat betetzen ez dutenek ere lortu dute, gero eta toki gehiagotan; gehienetan, banaka eta nekez. Eta sistema kolokan jarri gabe». Zenbait andre bigarren zaku horretan daude, bi baldintza betetzen badituzte: «Ideologikoki patriarkatuak irautea ziurtatuko duten balioak defendatu eta, aldi berean, fisikoki heteroarauarekin apurtzen ez badute».

Ideia horrekin bat dator Arantxa Elizondo Zientzia Politikoetako EHUko irakaslea: «Emakume eskuindarrek aukera gehiago izan ditzakete halako postuetara iristeko, alderdiek ez dituztelako arriskutzat hartzen: normalean, andre horiek ez dute transformazio proiekturik alderdi barruan, eta gizartean ere ez dute bultzatzen aldaketa sozial handirik». Alderdiaren zimendu ideologikoei jarraitutasuna emateaz gain, emakume horiek gidaritzat ezartzeak lagun ote diezaieke alderdi kontserbadoreei progresista itxura ematen? «Izan daiteke. Askotan, zentro-eskuinekoek esaten dute beraiek ez dutela kuotarik behar, badituztelako baliogarriak diren emakumeak, merituz iristen direnak erabakiak hartzeko guneetara», azpimarratu du Elizondok. Elizegik beste funtzio bat ere ikusten dio emakumeak buruzagi gisa jartzeari: «Eskuinak patriarkatuaren existentzia ukatzeko ere erabiltzen du emakumeen presentzia».

Politikarako baldintzak

Botere gune desberdinen testuinguruan jarri du arreta Laura Gomez Zientzia Politikoetako eta Administrazioko lizentziadun eta Gipuzkoako Foru Aldundiko Berdintasun zuzendari ohiak. Bi esparru desberdindu ditu: alderdietako buruzagitza eta boto bidezko ganberen osaketa. Ganberen kasuan, legeak ezartzen ditu kuotak —Eusko Legebiltzarrerako %50eko kuota ezarri zen 2005ean—; beraz, testuinguru horretan ulertu behar da azken urteotan emakumeen presentzia handitzea. Alderdien buruzagitzetan andreak topatzea, berriz, «salbuespena» dela azpimarratu du Gomezek, eta hiru arrazoi definitu ditu hori azaltzeko. Batetik, «klasea» legoke: «Emakume herritar guztiek baldintza eta eskubide berak izan arren, politikan parte hartu ahal izango dute baldintza material hobeak —dirua, denbora eta haurrak zaintzeko langile atzerritar bat dutenek, esaterako— eta baldintza sinbolikoak dituztenek —ikasketak dituztenek, sare sozial eta familiarrak dituztenek, euren buruarengan konfiantza dutenek...—». Bestetik, botere gune horietara iritsi diren emakumeek alderdiko gizonen berrespena dute edo «familiatik datorkien karisma maskulino» baten oinordekoak dira: tartean aipatu ditu Marie Le Pen, Hillary Clinton eta Cristina Fernandezen kasuak. Azkenik, Gomezen esanetan, euren emakume profila «lausotu» dute edo haiengandik sozialki espero denarekin «hautsi» egin dute euren balioa aitortua izan dadin; eta, horretarako, «kulturalki maskulinitatearekin eta lidergo politikoarekin lotutako ereduetan» oinarritu dute euren lidergoa.

Hirurak bat datoz: eskuineko alderdiek ez dituzte arriskutzat emakumeak, badakitelako ez dutela sistema zalantzan jarriko euren emakume izaeraren bidez. Alderantziz. Elizondo: «Eskuindarrak sistema erreproduzitu nahi du, eta gertuago dago eskatzen den eredutik». Elizegi: «Generoaren araberako lan banaketa onartzen dute, eta eroso daude rol horretan, baita publikoaren eta pribatuaren bereizketarekin ere». Gomezen ustez, euren emakume izaeraren bidez gauza bakarra aldarrikatuko dute eskuineko andreek: «Eurak ere izan daitezkeela ordezkari eta agintari. Baina ez dute sistema osoa kolokan jartzen generoen arteko desberdintasun eta desberdintasun sozialen eragile gisa: emakume horiek beti defendatuko dute statu quo-a euren andre izaeraren gainetik».

Eta ezkertiarrak?

Zer gertatuko litzateke alderdi ezkertiar batek andre bat buru jarriko balu? «Ezkerreko alderdiek nola edo hala sartzen dituzte euren transformazio sozialerako proiektuan feminismoaren hainbat aldarrikapen», azaldu du Elizondok. Hala, «alderdiek eurek sustatuta», emakume ezkertiar bat botere gune batera iristean, badute gizartea aldatzeko grina hori, «naturala»: «Euren burua feministatzat ez duten andre ezkertiarrek ere bestelako ezaugarriak izaten dituzte, eta bestelako gaiak ekartzen dituzte agenda politikora».

Elizegiren esanetan, ezkerreko mugimenduetan teoria feministak onartzea lortu bada ere, ez dira eramaten praktikara. «Emakumeek zaintzaile rola dute oraindik askotan. Gizonezko super militantearen figura elikatu da zenbait hamarkadatan». Alde horretatik, Elizegiren ustez, emakumeek zailtasunak dituzte ezkerreko mugimenduetan beren «tokia aurkitzeko»: «Harreman patriarkalak talde barruan gertatzen dira, eta emakumeak deseroso sentitzen dira bazterketa horrekin, egiturazko zapalkuntza gisa ikusten baitute. Boterera iristeko eta boterea banatzeko bidea kolektiboa da, eta kolektiboan ez zaio emakumearen borrokari aitortzarik ematen. Beraz, lehenengo zailtasuna barne kontraesanei aurre egitea izan ohi da».

Emakume ezkertiarrek zailtasun gehiago dituzte lidergoan aritzeko, Gomezen ustez. «Politikan aritzea hautatzeko aukera txikiagoa dute eskuindarren aldean, eta alor pertsonaleko zenbait kontu alboratu behar izateko probabilitatea handiagoa dute».

Politikan aritzeko hautua egiten duten emakume ezkertiarrentzat, erabakitze guneetara sartzea «borroka bat gehiago» da Gomezen ustez, eta zalantzan jartzen dituzte politika egiteko moduak, eremu horretan sozializatu gabe egonik ere: «Zenbat eta sistemaren alor gehiagori kontra egin, orduan eta gehiago jartzen dute ezbaian euren burua eta lidergorako duten potentzialitatea».

Gomezen ustez, eskuindar zein ezkertiar, bada politikan aritzea hautatzen duten andreek elkarrekin duten zerbait: desberdin tratatzen dituzte. «Ez direlako nahikoa emakume kontsideratzen, edo gehiegizkotzat hartzen direlako». Adibideak «milaka» dira, baina arreta jarri du Kataluniako Anna Gabrielek (CUP) eta EH Bilduko hainbat emakumek jasandako «oldarkortasunean» eta «erasoetan». Andre ezkertiarrek jasan behar dituztenak azpimarratu ditu Elizegik ere: «Sistemaren erasoen makineria guztia haien aurka jartzen da, erasoak pertsonalizatuz, itxurarekin edo bizimoduarekin lotuta gehienetan».

Aldaketarako zirrikituak

Ia esklusiboki gizonena den esparrua emakumeek betetzeak bestelako politikak egitea ekarriko luke? «Ez da hala: emakume batzuek soilik alda dezakete, feministak badira eta ikuspuntu progresista badaukate», azaldu du Elizondok. Zer aldatu behar den ere argi du: «Historian, oro har, instituzioak itsu egon dira zainketaren eta pertsonen bizitzaren inguruan. Andreen begiradak ekar dezake aldaketa orain gutxi arte esparru pribatuko eta ez publikoko arazotzat jo izan direnetan: pixkanaka aldatzen ari da».

Gomez ere bat dator: «Interpreta dezakegu emakumeak lidergo politiko exekutiboetara iristea zabaltzen ari dela egun». Bi mugimenduk eragin dute hori, haren esanetan. Batetik, «transformatzailea» dago: «Krisi sistemikoaren garaian, gehiengo sozial garrantzitsu bat sistema globalki ari da inpugnatzen, eta badirudi emakumeak lidergoan aritzeko bideak irekitzen ari direla, batik bat ikuspuntu feminista batetik agenda transformatzailea duten emakumeentzat eta ibilbide profesionalagatik aitortza jaso dutenentzat». Bestetik, mugimendu «estetikoa» legoke. «Andreek itxaropena berriz piztu dezaketela pentsatzen da, baita hauteskundeei begira sinesgarritasun handiagoa izan dezaketela ere: berritasunaren eta aldaketaren sinbolo dira».

Andreek jasaten dituzten hainbat zapalkuntzatan jarri du arreta Elizegik: «Zenbat eta zapalkuntza gehiago pairatu, orduan eta zailagoa da gune horietara iristea —emakumea, ijitoa, lesbiana, langilea, euskalduna, etorkina, beltza, gorputz ez-normatiboa duena...—». Emakumeek botere guneetara iristeko bidea zein den ere argi adierazi du: «Lidergo kolektibo eta feministak sortu behar dira».

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Albiste gehiago

CO2 neurgailu bat Iruñeko taberna batean, airearen kalitatea ona dela adierazten. ©JESUS DIGES / EFE

Nafarroako Gobernuak baieztatu egin du ostatu barruak irekiko direla

Maria Ortega Zubiate

Astelehenetik aurrera izango da; gehienez edukieraren %30 erabili ahalko dute. CO2 neurgailuak jartzen badituzte, guztiz bete ahal izango dituzte establezimenduak
Jendea, maskara jantzita, Bilboko kaleetan paseatzen. ©MARISOL RAMIREZ / FOKU

Astebetean %37 jaitsi dira positibo berriak Hegoaldean

Edurne Begiristain

Beste 463 kasu atzeman dituzte, eta %4,4 da positibo tasa. Urkulluk dio atzeratu behar izan diren ebakuntzak «aurki» berreskuratuko direla

Bilaketa zaildu du gorpua non zegoen ez jakiteak

A.L.A

Gorpuzkien bilaketaren inguruko txostena aurkeztu du Jaurlaritzak. Adituek diote litekeena dela Beltranen gorpuzkiak disolbatuta egotea
<b>Zalla. </b> Gertatutakoa salatzeko elkarretaratze jendetsua egin zuten atzo Beltranen jaioterrian. ©MONIKA DEL VALLE / FOKU

Beltran bilatzeari utzita, ardurak argitzeko eskaera gailendu da orain

Ainhoa Larretxea Agirre

Jaurlaritzak jakinarazi du eten egin dutela beharginaren bilaketa. Oposizioak, gehiengo sindikalak eta Zaldibar Argituk Jaurlaritzari eskatu diote bere ardura hartzeko

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Izan zaitez BERRIAlaguna

BERRIAlagunei esker eskaintzen dugu balioz osatutako informazioa. Egizu ekarpena gure eginkizunarekin segi dezagun.

Izan zaitez BERRIAlaguna