Jaiotza tasa. Familiak laguntzeko politikak

Zenbat? Bakoitzak nahi adina

Haur eskolak, gazteentzako etxeak eta lan baldintza hobeak eskatzen dira usu jaiotzak sustatzeko. Politika horiek lan merkatuaren kaiolatik askatzeko eskeak ere badira. Xedea, bat: ume kopurua norberak ebaztea.
Bikote bat umearekin Nafarroako haur eskola batean, funtzionamenduari buruzko argibideak jasotzen.
Bikote bat umearekin Nafarroako haur eskola batean, funtzionamenduari buruzko argibideak jasotzen. JUANAN RUIZ / ARGAZKI PRESS

Arantxa Iraola -

2017ko urriak 15
Familiei, haurrei eta nerabeei arreta egokia emateko ondu duten plan berria esku artean du Nafarroako Gobernuko Gizarte Eskubideetako presidenteorde eta kontseilari Miguel Laparrak. «Prest dugu, azken ukituren bat besterik ez du falta; aurkeztera goaz aurki». Plan hori egiteko asmoaren berri eman zuenean, iragan maiatzean, azaldu zuen helburuetako bat hona: guraso izan nahi duten guztiei bermatu behar zaie eduki nahi duten haur kopurua izateko modua. «Argi dago, oro har, familiek, emakumeek zehazki, nahi luketen baino ume gutxiago izaten dituztela; beraz, jaiotzak sustatzeko politikak egitean, ez da inor konbentzitzera jo behar, baizik eta pertsona horiek dituzten bizi helburuak gauzatu ahal izateko bideak irekitzera». Teresa Martin Garcia demografia gaietan aditua da CSIC Espainiako Ikerketa Zientifikoen Kontseilu Nagusian. Bat dator: «Zuk andre edo gizonei galdetzean zenbat ume izan nahi lituzketen, oro har, bi umetik gorako kopuru bat esaten dute. Baina ugaltze erreala batez beste andreko 1,3 umetan dago Espainian. Desfase bat dago. Eta, ezin uka, etsipen puntu bat; emakumezko askok uko egin behar diote izan nahiko lituzketen haurrak izateari».

Horrelakoak saihesteko, atondu duten planean, Ekonomia Lankidetza eta Garapenerako Erakunde OCDEk emandako irizpideei erreparatu dietela esan du Laparrak. Batetik, etxebizitza politikan eragin nahi dute, gurasoenetik lehenago irteteko. «Lehen umea oso berandu izaten da kasu askotan; ondorioz, familia askok zail izaten dute haur gehiago izatea». Hor eragin nahi dute: «Ahal bada, familiak lehenago sortzen hastea da asmoa». Enpleguaren egonkortasuna ekarriko duten urratsak ere aintzat hartuko dituzte, eta familia eta laneko jarduna bateratzeko neurri hobeak sustatuko dituzte. «Esaterako, haur eskoletan, 0-3 urte arteko umeentzako sarean, tasak urritzen ari gara, eta horretan jarraitzea da asmoa. Garrantzitsua da eskola horietan erantzun gabeko eskaririk ez egotea ere». Zerga politiketan ere neurriak izango dira, seme-alabak hazten ari diren sendien onurarako.

Lerro horiexetan jarriko dute, beraz, indarra: «Beste herrialde batzuetan hartu izan dituzten neurriak horiek dira; familiak lehenago sortzea dakarte, eta ondoren ume gehiago izan nahi dituztenek ere, horretarako aukera gehiago izatea». Hamar urterako plan bat dute, esaterako, haur eskolei begira. «Egun ja diru sarrera urriak dituztenei asko urritu dizkiegu tasak, jangela besterik ez dute pagatu behar izaten ia». Horretan sakondu nahi dute. Etxebizitza politiketan, alokairu soziala sustatzea dute helburuetako bat. «Epe laburrera, 524 etxebizitza jarri nahi dira, lehen fasea ja eskaintzeko bidean dago; horrek esan nahiko du %50 handitzea alokairu sozialeko etxeen kopurua. Jauzi indartsua da». Baztertu egingo dituzte, aldiz, haurrak jaiotakoak eman izan ohi diren diru laguntza zuzenak. Erabaki egokia dela adierazi du Martinek ere. «Ume bat izan eta haztearen kostuak, zuzenak eta zeharkakoak, oso handiak dira; ematen den laguntza ekonomikoa handia izanda ere, horrela ez dira aintzat hartzen kostu hori bere gain hartu dutenen beharrak».

Esparru autonomikoak zedarritzen duen joko eremutik at dauden hainbat eskumen izanda, oraindik ere plan hobea atondu ahal izango litzatekeela ohartarazi du Laparrak. Eskura nahi lituzke, esaterako, «etorkinen fluxua kontrolatzeko» hainbat baliabide: atzerritik datozenen lan baimenak kudeatzeko. «Izan ere, aintzat hartu behar egun Nafarroan jaiotzen diren umeen %20k ama atzerritarrak dituztela; hori horrela ez balitz, jaiotza tasa, egun ja justu-justukoa, oraindik ere apalagoa izango litzateke».

Eskolak eta baimenak

Espainian bezala Euskal Herrian ere, jaiotza tasak«ultrabaxuak» direla onartu du CSICeko ikertzaileak. «Eta geratzeko etorri dira». Apal-apal horietatik, ordea, tasa «moderatuki baxuetara» egin beharko litzatekeela uste du. Eta egiturazkoak dira horretarako egin behar diren hainbat aldaketa. «Hainbat ikerketak argi erakusten dute ugaltze tasa handiagoa dela, oro har, honako egoeretan: enplegurako sarbide errazagoa eta iraunkorragoa duten herrialdeetan, haurrak hazteak dakartzan gastua familiak eta estatuak partekatzen dituenean, haurrak hazteko ardura aiten eta amen artean orekatuagoa dagoen horietan, eta lana eta familia bateratzeko politika aurreratuagoak dituztenetan». Aldagai asko daude, beraz. Eta hainbat nagusitzen dira. «0-3 urte arteko umeentzako eskola sare on bat izatea, esaterako, oso politika eraginkorra da ugaltzea sustatzeko», azaldu du Martinek. Gainditu beharreko traba handi bat prezioa dela uste du: «Oso kostu handia dute askotan eskola horiek». Haurra izan osteko baimenak ere luzatzera egin behar dela adierazi du; egun, Hego Euskal Herrian hamasei aste dituzte emakumeek —parteka ditzakete bikotekidearekin—, lau gizonek. Iparraldean ere hamasei aste dituzte amek; 11 egun aitek. Nolanahi ere, gero Frantziako legeriaren barruan badira diruz lagundutako hainbat lizentzia.

Baimen horiek guztiak luzatzera eta parekatzera —guraso bien artean— egin behar dela uste du Martinek. «Nik uste dut bi gurasoen ardura sustatzera egin beharko litzatekeela: biei baimen igualak ematera. Osorik ordaindutako baimenak izan behar dute, eta transferiezinak. Ikerketa askok erakusten dute aitak haurren hazkuntzan gero eta inplikatuago egon, orduan eta aukera gehiago daudela bikote horiek ume gehiago izateko». Egungo baimenak motzegiak direla argi du. «Begira, orain gutxi ikerketa kualitatibo bat egin genuen lehen umea izandako bikoteekin. Ikusi genuen sarritan andreak umea izan eta bost-sei hilabetera hasten direla lanean; baimena hartu, horri oporrak eta edoskitzea gehitu...Halaxe egiten dute askok. Gainera, horixe da, medikuen arabera, edoskitzerako ezinbestekotzat jotzen den gutxieneko epea, eta andreak, nolabait ere, hori beteta ama on sentitzen dira». Onartu du, ordea, egokia litzatekeela haurraren lehen urtean harekin egotea, hark gurasoetako bat ondoan izatea. Bigarren zati horretan aitek aparteko protagonismoa hartzeko modua izan behar luketela adierazi du. «Batez ere, garrantzitsua litzateke tarte horretan aitek bakarrik zaintzea umeak. Interesgarria da haiek ere zaintzaile nagusiaren rola hartzea, parekidetasunean sakontzeko».

Badira, ordea, politika horiek herren ikusten dituzten ikertzaileak. Patricia Merino antropologoa da, ikasketa feministetan aditua. Orain gutxi argitara eman du Maternidad, Igualdad y Fraternidad (Amatasuna, Berdintasuna eta Senidetasuna) liburua; bertan gaitzetsi du amatasunak ez duela behar adinako aitortzarik egungo gizartean, eta, begirada berri batekin irudikatu behar direla familiak laguntzeko politikak. «Izan ere, kontziliazio politika hegemoniko ia denak bat datoz: berdintasuna soilik denok lan merkatuan sartuta etorriko da». Huts larria deritzo, ordea, gauzak egiteko modu horri: «Izan ere, enplegu duina pribilegio bat da askotan, populazioaren heren bati dagokio, eta, beraz, falazia batean oinarritzen dira politika horiek». Europako Batasuneko beste herrialde askotan ohiko diren laguntzen falta ikusten du, bereziki, Espainian eta haren peko autonomietan. «Ardurapeko ume bakoitzeko ematen diren prestazioak: unibertsalak. Ongizate sistema garatuagoak dituzten herrialdeek, badituzte halakoak».

Hileroko diru sarrerak

Hara laguntza horien zenbait adibide: Frantziako legeriak familiei hilean 129 euro ematen dizkie, bigarren umetik aurrera. Urtean 67.140 euro baino gutxiagoko diru sarrerak izan behar dituzte; gainerakoan, kopurua apalagoa da. Hiru umerekin, kopurua hilean 295 euro da. Alemanian, lehen bi umeengatik hileko 184 euro jasotzen dira; hirugarrenarengatik, 190; hortik aurrera, 215. Espainiako legeriak horrelako diru laguntzak diru sarrera oso apalak dituzten familientzat mugatzen ditu—11.000 euro pasatxo urtean—, eta krisiarekin agertu diren haurren pobrezia kasuak, hein handi batean, horrek ekarri dituela pentsatzen du Merinok. «Sendi bakoitzari hilean 70 euro emanda ere, tasa horiek nabarmen apalduko lirateke». Aldiz, horrelakoak sustatu beharrean, EBn, 0-3 urteko umeen eskolatzea lehenestera egin dela pentsatzen du: «Hori da EBk gehien sustatu duen kontziliazio politika. Ez dago nabarmentzen ez duen txostenik...».

Aldiz, 0-3 eskolak sustatuta, gizon eta emakumeei zuzenduriko baimenak parekatzera eginda, asmo gaizto bat ikusten du Merinok. «Feminista asko daude jarrera horretan, baina, nire ustez, emakumeena den esperientzia bat ukatuta berdintasunera iritsi nahia esan nahi du horrek... Finean, horrexek besterik ez gaitu bereizten andreak eta gizonak; guk uteroa dugu, haiek ez. Hori ukatuta berdintasuna lortu nahi izateak, ez du zentzurik». Emakumeen premiak aintzat hartuko dituzten neurriak nahi ditu. «Nik amaren autoritatea defendatzen dut: 0-3 tartean erabakigarria izan behar duela uste dut».

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna