Koronabirusa

Beste zazpi txertaketa gune Euskal Herrian

Zenbait gune jarri dituzte: bi Bizkaian, bi Lapurdin, bat Araban, bat Gipuzkoan eta bat Nafarroa Beherean. AstraZeneca txertoaren 66.598 dosi jaso dituzte Hego Euskal Herrian

Barakaldoko BECeko (Bizkaia) txertaketa gune masiboa, atzo, ireki eta ordu batzuetara. J. FONTANEDA / FOKU.
Oihana Teyseyre Koskarat - Amaia Ramirez de Okariz Kortabarria
2021eko apirilaren 4a
00:00
Entzun
Gero eta gehiago dira txertoak emateko atondutako guneak Euskal Herrian. Bi gune jarri dituzte Bizkaian, eta beste bi Lapurdin; Gipuzkoan bat jarri dute, Araban beste bat, eta Nafarroa Beherean beste bat. Txertoak ere gero eta gehiago ari dira iristen. Hego Euskal Herrian, esaterako, AstraZenecaren 66.598 dosi jaso dituzte azken egunotan. Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailaren arabera, horrek modua emango du dosiak emateko erritmoa «azkartzeko».

Hego Euskal Herriari dagokionez, Durangon, Barakaldon (Bizkaia), Irunen (Gipuzkoa) eta Gasteizen jarri dituzte txertaketa gune masiboak, eta helburua da espazio horietan 61 eta 65 urte arteko pertsonei AstraZenecaren txertoa ematea. Gotzone Sagardui Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburuak atzo jakinarazi zuenez, AstraZenecaren 52.298 dosi jaso zituzten ostiralean, eta berehala hasi ziren txerto horiek ematen. Haren arabera, asmoa da bihar arte ematea dosi horiek, «etenik gabe». Nabarmendu zuen oraingoz ez daukatela txerto gehiagoren iritsieraren berri, baina espero dutela, halere, apirilean zehar gehiago iristea. Txertaketa gune berriei dagokienez, osasun arduradunek azpimarratu zuten herritarren erantzuna «ona» izaten ari dela, eta «lasai» daudela.

Ipar Euskal Herrian, asteartetik aitzina beste hiru txertaketa gune irekiko dituzte, Hazparnen, Hiriburun (Lapurdi), eta Bidaxunen (Nafarroa Beherea), Eskualdeko Osasun Agentziak, Pirinio Atlantikoetako prefeturak eta herriko etxeek jakinarazi dutenez. Guztira, beraz, hamahiru zentrotan jarri ahal izango da txertoa Iparraldean. 75 urtetik gorako herritar guztiek eta 50 urtetik gorako herritar zaurgarriek har dezakete txertoa jartzeko ordua, Doctolib plataformaren bitartez edo zuzenean txertaketa gunera deituz. Eskualdeko Osasun Agentziaren arabera, Ipar Euskal Herria barne duen Pirinio Atlantikoetako departamenduan herritarren %5,5ek jarri dute txertoa dagoeneko.

Nafarroako Gobernuak, bestalde, koronabirusaren kontrako txertoen dosi gehiago jaso ditu asteon. 16.800 Pfizer txertoarenak dira, eta 14.300, AstraZenecarenak. Era horretan, lurraldeko gobernuak ohartarazi du AstraZenecaren dosi horiekin 65 urtetik beherakoei txertoak ematen hasiko dela pixkanaka, eta telefono bidez jakinaraziko dietela noiz izango duten horretarako aukera, helduenetatik hasita. Bien bitartean, 80 urtetik gorako pertsonak txertatzen ere jarraituko dute, eta aurreikuspena da hilaren 6rako lehen dosi guztiak emanda egotea. Era berean, 70 eta 80 urte artekoak txertatzeko prozesu bat ere abiatu duela adierazi du Nafarroako Gobernuak.

Horrez gainera, baheketak egin zituzten ostiralean Arguedasen eta Urdiainen (Nafarroa), azken egunetan positiboek gora egin ostean. Nafarroako Gobernuko Osasun Sailak atzo jakinarazi zuen Arguedasen 691 proba egin zituztela, eta hamabi positibo atzeman zituztela. Urdiainen, berriz, 391 herritarrek egin zuten proba, eta ez zuten positibo bat bera ere atzeman. «Aztarnari taldeek kontaktuak identifikatzen aurrez eginiko lana islatzen du datu horrek», erantsi zuen departamentuak.

719 kasu Hegoaldean

Nafarroako Gobernuak eta Eusko Jaurlaritzak emandako datuen arabera, Hego Euskal Herrian 7.976 PCR proba eta antigeno test egin zituzten herenegun, eta 719 kasu atzeman zituzten, ostegunean baino lau gehiago. Positiboen kurba, beraz, gora doa egunez egun, eta baita ehunekoak ere: %9,01ekoa da. Hain zuzen, OME Osasunaren Mundu Erakundeak %5ean du ezarria izurritea kontrolpean edukitzeko muga, baina eskainitako azken datuek kopuru hori ere gainditu egin dute. Igoera, beraz, etengabekoa da.

Lurraldeetako egoerari dagokionez, beste egun batez jarraian Bizkaian detektatu zituzten positibo gehienak: 213. Hala ere, gertu dago Nafarroa: 195 ditu. Gipuzkoan, 197 kasu atzeman zituzten; eta Araban, 105. Gainerako bederatzi positiboak EAEtik kanpo bizi diren herritarren artean jasotakoak dira, Jaurlaritzaren arabera.

Erietxeak ere betetzen ari dira. Jaurlaritzak, larunbatero egin ohi duen eran, ez zuen datu orokorrik eman atzo, baina jakinarazi zuen Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako erietxeetan beste 48 pertsona ospitaleratu zituztela gela arruntetan. Nafarroan, berriz, 111 pertsona daude eremu horretako geletan. ZIU zainketa intentsiboetako unitateetako egoerari dagokionez, Hegoaldeko ospitaleetan 113 gaixo daude.

Ipar Euskal Herrian, atzo sartu ziren neurri berriak indarrean: herritarrak ezin dira 10 kilometro baino gehiagoko tartean ibili, eta eskolak itxita egonen dira hiru astez, gutxienez.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.