Nafarroako zentro guztietan ezarriko dute Skolae programa

Ikasleek berdintasunarekiko konpromisoa adierazteko gai izatea da egitasmoaren helburua. Iaz 700 irakaslek parte hartu zuten

Hamasei ikastetxetan ezarri dute Skolae programa. IDOIA ZABALETA / FOKU.
Ane Eslava.
2018ko apirilaren 17a
00:00
Entzun
Skolae berdin bidean izeneko hezkidetza programak berdintasunarekiko konpromisoa adierazteko gai diren ikasleak lortzea du helburu. Iaz sortu zuen Nafarroako Gobernuak, eta 2016-2017ko ikasturtean hezkuntza maila guztietako hamasei ikastetxe publikok hartu zuten parte egitasmoan. Hiruzpalau urte barru, eskola publiko eta itunpeko guztietan txertatzea aurreikusi dute.

Maria Solana Nafarroako Hezkuntza kontseilariak, Aitor Lakasta Ebaluazio, Kalitate, Prestakuntza, Berdintasun eta Bizikidetza Zerbitzuko zuzendariak eta Pilar Mayo Berdintasun teknikariak programaren lehenengo fasearen balorazioa egin zuten atzo. Lortutako emaitzekin pozik daudela adierazi zuten.

Solanaren hitzetan, ikasleek «bizitza proiektu propioa hautatzeko, eraikitzeko eta bizitzeko gai izatea» da egitasmoaren helburua. Horretarako, planak ikasketa ibilbide bat proposatzen du, hezkuntza aro bakoitzeko helburuak zehazten dituena. Heldu den ikasturtean 50-100 ikastetxetan aplikatuko dute egitasmoa, eta haien erronka da hemendik hiru edo lau urtera ikastetxe publiko eta pribatu guztietan egotea.

Parte hartu duten zentroetako 700 irakaslek bost formakuntza modulu jaso dituzte. Horretarako, bederatzi pertsonako hezitzaile talde baten laguntza izan dute. Ikasgeletan erabiltzeko material didaktikoa ere sortu dute: 208 fitxa.

Bestalde, parte hartu duten irakasleetako 90ek trebakuntza berezia jaso dute, ikastetxeen diagnostikoa eta hobekuntza planak egiteko. Horrez gain, gurasoekin eta herrietako begiraleekin elkarlanean aritu dira.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.