Noiz sortua: 2018-04-22 00:30:00

Zerua berriz pizteko dei bat

'Itzali argia, piztu izarrak' leloarekin egiten da Starlight gaua, toki askotan; ostiralean estreinakoz egin zuten Donostian: udaletxeko terrazan hainbat teleskopio jarri zituzten, eta azalpenak eman zituzten astroak ikusten irakasteko.
Jende asko erakarri zutenudaletxeko terrazan ipini zituztenteleskopioek.
Jende asko erakarri zutenudaletxeko terrazan ipini zituztenteleskopioek. JON URBE / FOKU Tamaina handiagoan ikusi

Arantxa Iraola -

2018ko apirilak 22

Orain 40-50 urteko zerua du gogoan Juan Antonio Aldunzinek. «Aski zen hiri eta herrietako kaskoetatik 2-3 kilometro urruntzea, zerura begiratu eta izarrak ikusteko: Esne Bidea bera, hortxe ageri zen». Egun, ezinezkoa da. Argiz bete dira hiri eta herriak, eta horrek dakarren kutsaduraren ondorioz, bakanak dira zerura begiratu eta lehen begiratuan ikus daitezkeen astroak. «Esaterako, Pirinioetara egin behar da, mendi aldera», azaldu du Aldunzinek. Nafarroako Erriberara ere usu jotzen dute astronomia zaleek. Baina hiri guneetatik urrun beti. «Izan ere, pixka bat urrunduta ere, distira hain da indartsua!» Arazoaren gainean ohartarazteko, ostiral gauean Starlight gaua egin zuten Donostian, Aranzadi elkarteko astronomia taldeak antolatuta. Mundu mailako egitasmo bat da, eta estreinakoz egin zuten Donostian. Teleskopioak eraman zituzten Donostiako Udaletxeko terrazara, eta nahi izan zuen orori modua eman zioten astroak ikusteko, eta horiei buruzko argibideak jasotzeko.

Esperientzia hobetzen laguntzeko, udalak udaletxeko fatxadako argiak itzali zituen —ekitaldia hasi eta tarte batera—; terrazakoak ere bai. Eskertu zuten antolatzaileek, izan ere, argiak itzali ahala, piztu egiten da zerua: edertu, antzaldatuta. «Esaterako, Alderdi Ederreko argi guztiak [hantxe parean dago, udaletxe aurrean] itzaliko balituzte, asko igarriko litzateke: izar gehiago ikusiko lirateke», nabarmendu zuen Aranzadiko ordezkari Virgina Garciak. Hain justu, gogora ekarri zuen zein den Starlight egitasmoaren leloa, xedea: «Itzali argia, izarrak pizteko».

21:00etatik 23:00tara ipini zituzten teleskopioak. Ilara luzeak sortu ziren horietatik begiratu ahal izateko. «Izugarria!». Harridura hitzak sorrarazi zituen esperientziak kasurik gehienetan. Mendebaldera begira jarri zituzten hasieran teleskopioak, Ilargia eta Artizarra ikusteko, bereziki. Gauak aurrera egin ahala, beste zeru pusketa batzuk arakatzeko era eman zuten. Terrazako arkupeetan, berriz, zerua ikusten ikasteko gakoak eman zituen Virginia Garciak Stellarium programaren bidez, pantaila bat baliatuta. Konstelazio nagusiak zein diren adierazi zuen, eta horiek nola aurki daitezkeen. Eta nola identifikatu. Oinarrizko azalpenak ziren asko, eta entzuleek biziki estimatu zituzten: «Izarrek, adibidez, ñir-ñir egiten dute; planetek, ez: haietan ez da atzematen kliskarik». Jendeak egindako galderak ere erantzun zituzten. Opakutasuna kendu zioten zeruari, eta hura beste era batean ikusteko jakingarriak izan ziren guztiak.

Argi kutsadura

Hiri eta herriak argiztatzean «gehiegikeriak» egiten direla esan du Aldunzinek, eta kritikatu egin behar direla argi kutsadura areagotzea dakarten neurri desegokiak. «Egunak argia du; gaua, izadian, iluntasunerako tartea da. Gauak ahalik eta ilunena behar luke. Aldiz, gero eta argi gehiago dago. 'Gero eta argi gehiago, hobeto', esaten da sarri». Onartzen du hiri eta herriak argiztatu beharra, baina neurriz kanpoko argiztatzeak kaltea besterik ez dakarrela pentsatzen du. «Gaueko ingurumena hondatzen ari gara». Faunari, florari eta giza atsedenari egiten dio kalte horrek: behar ez den diru eta energia «xahuketa» ere badakar kasurik gehienetan.

Argiztatzeko erabiltzen diren argi klaseei ere erreparatu behar zaiela esan du: argi horien orientazioari ere bai. «Lurrera begira jarri behar dira argiak, potentzian pasatu gabe, eta garrantzitsua da kolorea ere. Orain LED argiak ari dira nagusitzen, abantaila handiak dituzte: foku jakin batera doaz, eta errazagoa da argiak lurrera begira ipintzea. Hori lortzen da ari da LED argiei esker. Alde horretatik, oso onak dira. Aldiz, gehienak oso zuriak dira, eta aholkatzen dira tonu horiagoak, doratuagoak. Nafarroako herriren batean ikusi ditut, baina ez daude orokortuta halakoak».

Cel fosc elkarteko kidea da Aldunzin, eta argi kutsaduraren kontra dihardute bertan. Hiri eta herrietan eragiten saiatzen dira. Eremu pribatuan ere ari dira sarri; izan ere, gehiegikeriak ikusten dituzte, saltoki handietan, kartel erraldoietan eta antzekoetan. Gehiegizko argia, kliskan ari diren izarrak ikusteko eragozpen.

Goizeko buletina

BERRIAren papereko edizioaren gai nagusiak biltzen ditu egunero (astelehenetan salbu). Goizean goiz iristen da zure posta elektronikora.

Albiste gehiago

Maiatzaren 28an eguneratua, 18:00etan. ©BERRIA

Koronabirusaren azken datuak

Berria

Azkeneko 24 orduetan hiru pertsona hil dira COVID-19 gaitzaren eraginez, 23 positibo atzeman dituzte PCR probekin, eta sei gaixo ospitaleratu dituzte. Euskal Herrian 28.976 gaixok eman dute positibo guztira, koronabirusa atzemateko probaren bat eginda. Horietatik 2.037 hil dira. Grafikoak, albiste barruan.

Baionako ospitalea, artxiboko irudi batean. ©Guillaume Fauveau

Mugak irekitzeko eskariak ugaritu egin dira

Berria

Edouard Philippek aipatu du mugako kontrolak kentzeko aukera. Ekainaren 15etik aitzinera izanen litzateke. Iñigo Urkulluk eta Alain Roussetek eskari horixe egin dute; Urkullu Espainiako presidenteari zuzendu zaio, eta Rousset, Frantziakoari, gutun bidez. «Akitania Berria-Euskadi-Nafarroa Euroeskualdean mugaz gaindiko mugikortasuna errazteko» eskatu diete. Nafarroako Gobernuak ere bat egin du eskari horrekin.

Gipuzkoaren eta Lapurdiren arteko mugako saltokiak. Muga ekainaren 15ean zabaltzea «litekeena» dela esan du Edouard Philippe Frantziako lehen ministroak. ©Jon Urbe / Foku

Ipar Euskal Herria bigarren fasean sartuko da ekainaren 2tik aitzina

Oihana Teyseyre Koskarat

Ostatuak zabalduko dituzte, baina neurri zorrotzak errespetatzeko baldintzarekin. Hirugarren fasea ekainaren 22an hastea espero dute.

Irun eta Hendaia arteko muga, apirila erdian ©Guillaume Fauveau

«Mugaz gaindiko mugikortasuna zabaltzeko» eskatu dute Urkulluk eta Roussetek

Berria

Gutun bat bidali dio Iñigo Urkullu EAEko lehendakariak Espainiako Gobernuko presidenteari, «Akitania Berria-Euskadi-Nafarroa Euroeskualdean mugaz gaindiko mugikortasuna zabaltzeko». Gutun beraren kopia helarazi dio Alain Rousset Akitania Berriko presidenteak Edouard Philippe Frantziako Gobernuko lehen ministroari.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna