Katalunia 

Aske geratzeko eskaera ukatu dio Gorenak Jordi Sanchezi

Igor Susaeta.
2018ko otsailaren 7a
00:00
Entzun
Jordi Sanchezek Soto del Realeko kartzelan jarraituko du. Kataluniako prozesu subiranistaren harira sedizio delitua egozten dio Espainiako Fiskaltza Nagusiak ANC Biltzar Nazional Katalaneko presidente ohi eta JxC Junts Per Catalunyak hauteskundeetan aurkeztutako zerrendako bigarrenari, eta Pablo Llarena Espainiako Auzitegi Goreneko epaileak atzo kaleratutako autoak dio auzipetuak «ideologia subiranista mantentzen duela», leporatutako delitua «berriro errepikatzeko arriskua» dagoela beraz, eta ez diola ekintza publikoari «muzin» egin. Joan den urriaren 16tik dago behin-behinean espetxean, Jordi Cuixart Omnium Culturaleko presidentearekin batera.

Llarenaren esanetan, fiskaltzaren eta beraren tesia defendatzeko «elementu berriak» agertu dira Josep Maria Jove Generalitateko Ekonomia eta Ogasun Departamentuko idazkari nagusia zenaren agendan. Hamar orrialdeko autoan dioenez, agenda horretan «nabari» da ANCk, besteak beste, «herritarren mobilizazioak kontuan hartzen zituela, independentzia lortzeko elementu estrategiko moduan». Oriol Junqueras Kataluniako presidenteordeari bezalaxe, parlamentu berria osatzeko saiora zein inbestidurakora joateko eskatutako baimenak ukatu izan dizkio Llarenak.

Twitter bidez baloratu zuen autoa Sanchezek, eta nabarmendu, juridikoki «esplikaezina» dela. Joan den ostiralean Joaquim Forn Kataluniako Gobernuko Barne kontseilaria zenari ere ukatu zion askatasuna Llarenak. Atzo kaleratutakoaren antzekoa zen autoa, aipatzen baitzuen ustezko delitua berriro egiteko arriskua dagoela eta ideologia subiranistari eusten diola. JxCko diputatu hautatu zuten Forn, baina parlamentari aktari uko egin zion urtarrilaren 23an. Horren harira, Llarenak zehaztu zuen erabaki horrekin espetxealdia «saihestea» duela asmo Fornek. Joan den azaroaren 2tik dago Estremerako kartzelan, Junquerasekin batera.

Efe agentziak iturri judizialak aipatuz kaleratutakoaren arabera, lau inputatuek kartzelan segituko dute epaiketa egin bitartean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.