Arrauna. Kontxako Bandera

Aldizkako beste sute bat

Urdaibaik «oso garbi» dauka Zierbenak «nahita» eragin zuela bi taldeen arraunen arteko talka, eta uste du proba dezakeela hori. Zierbenan, hala ere, lasai daude, eta Euskal Federazioak babestu egin du uretako epailearen lana.
Zierbenako eta Urdaibaiko arraunek tupust egin zutenean, herenegun, Kontxako Banderako gizonezkoen bigarren txandan.
Zierbenako eta Urdaibaiko arraunek tupust egin zutenean, herenegun, Kontxako Banderako gizonezkoen bigarren txandan. JAVIER ETXEZARRETA / EFE

Aitor Manterola -

2018ko irailak 4
Kontxako Bandera eta polemika. Beste behin ere, elkarren ondoan. Mende honetan laugarren aldiz, 2001ean, lau urte geroago, 2013an eta aurten. Urdaibai eta Zierbena oraingoan ahari jokoan, igandeko estropadako bigarren txandan izandako gertakari baten gainean.

Estropadako epaileek zigortu egin zuten Urdaibai estropada amaitu ondoren, Zierbenaren kalean, laugarrengoan, bi taldeen arraunek talka egiteagatik. Bigarren luzean izan zen hori, 15. minutuan. Azken lekura bidali zuten epaileek Bermeoko taldea, eta azkenaren denbora emateaz gain, beste hamabost segundo gehitu zizkioten, Kontxako lehen jardunaldia zelako. Estropadako Araudiaren 35. artikulua ezarri zioten.

Uretako lehian, Zierbenak 0,28 ehunen atera zizkion Urdaibairi, eta 0,86 Hondarribiari, lehen txandako irabazleari. Zigorraren eraginez, Urdaibai 49 segundora dago orain, azken lekuan.

Epaileek erabakia jakinarazi zuten unetik, estropada bulegoetara igaro da, eta Urdaibaik biharko 13:30 arteko epea dauka helegitea aurkezteko. Atzo arratsaldean hori egiteko informazioa jasotzen ari ziren, ahalik eta sendoena izan dadin errekurtsoa. Joseba Fernandez entrenatzaileak «oso garbi» dauka zein izan behar duen epaiak: «Bene-benetan uste dut uretan lortu genuen emaitza itzuliko digutela». Horrelako ziurtasuna edukitzeko oinarri hauek dauzka: «Nahita bilatutako egoera bat izan zen. Oso garbi dago gu ez ginela joan talka egitera, guk ez genuen eragin horrelakorik. Gu gurea defendatzen saiatzera joan ginen une guztian». Hori dena, ordea, laugarren kalean gertatu zen, Zierbenarenean, eta horren inguruan, ondorengoa azaldu du: «Laugarrenean izan zen bai, baina gure kaletik gertuago, hirugarrenetik hurbilago. Gainera, itsasoaren eta haizearen baldintzengatik oso zaila zen trainerua ababor aldera bideratzea, eta berriz diot: ez zela guk nahita eragindako maniobra izan».

Urdaibaik okerra edo huts egin zuela beste batzuek esatea «onartzen» duela dio: «Egia da ziabogatik zabalegi atera ginela, eta baldintzek ez zutela laguntzen gure kale aldera joaten, baina hutsegitea izan zen, nahigabe gertatzen diren horietakoa, eta edozeini gerta dakioke». Igandekoa eta Bizkaiko Txapelketan Urdaibaik eta Zierbenak izandako beste gertakari batekin lotu du:«Gu aurretik ginela, bukaeran, Zierbenaren traineruak gure patroiaren arrauna jo zuen, eta Borjak, beren patroiak [Borja Gomez] barkamena eskatu zigun ondoren».

Urdaibairen helegitean, erakutsi eta frogatu egin beharko du Zierbenak «nahita» eragin zuela igandekoa, eta eman ditu zantzu batzuk Fernandezek: «Bueltako luze osoa bosgarren luzetik egin duen traineruak zerbaitegatik aldatu zuen norabidea». Horrez gain, «audioak ere baditugu, eta entzuten da haien arraunlariek nola oihukatzen dieten gureei 'putasemeak, putasemeak' esanez. Kirol legerik gabeko jarrera izan zen, eta garbi daukat lehorrean prestaturiko estrategia izan zela, hitz eginda zeukatela egoera tokatuz gero horrela jokatzea, gure bila etortzea. Araudiak badu aipamen bat jarrera horien inguruan, eta horri ere helduko diogu». Beste argudio bat ere gehitu du: «Araudiak hau ere badu: igandekoa bezalako istilu bat sortzen bada estropadan, epaileak erabaki dezake ezer ez dela gertatu, ez badu eraginik estropadaren garapenean. Eta igandekoak ez zuen izan. Gainera, kaltetuak gu izan ginen, aurretik gindoazelako talkaren aurretik, eta ondoren atzetik».

Zunzunegi: «Okerra, haiena»

Auziaren beste aldean Zierbena dago, eta Juan Zunzunegi entrenatzailearen ustez, «gairik ez dago. Guk gurea egin genuen, eta okerra Urdabairena da. Epaileak erabakia hartu zuen , helegitea jarriko dute orain beraiek, eta hortik aurrerakoak ikusiko ditugu gero».

Galiziarra lasai dago, datu objektiboak dituelako haren taldearen jarrera zuzena izan zela erakusten dutenak: «GPS irudiak eta argazkiak dauzkat, eta erakutsi egin ditut, gainera, sare sozialetan. Garbi asko ikusten da guk ez genuela norabidez aldatu kolpetik. Bizkaiko Txapelketan bai, baina Urdaibai zihoan 0 kaletik ihes egiteko. Hau dena irudietan eta argazkietan ikusten da, eta uste dut beste guztia sobera dagoela. Bakoitzak joka dezala bere jokoa, eta polemika nahi duena eztabaida dezala».

Arraunlari ere baden aldetik, igandekoa bertatik bertara ikusi zuen, nahiz eta istribor aldean zihoan arraunean, talka izan ez zen aldean: «Ikusten ari nintzen asko gerturatzen ari zirela guregana. Banekien gure kalean gindoazela, emakumezkoen ziabogetako balizetan ikusi nuelako nondik gindoazen bakoitza». Bera izan bazen Urdaibairen tostetan zer egingo zuen gehitu du: «Patroiari esango nion handik azkar alde egiteko». Oso garbi baitu Kontxako lehen igandean zein zuen helburu nagusia taldeak: «Bigarren iganderako banderaren lehian izan nahi genuen, aukerekin iritsi, eta nola hasiko ginen, bada, xextra bila beste talde batekin palak joz, dena galtzeko arriskuak hartuz?».

Urdaibaik leporatzen dien kirol lege faltari erantzuteko, Eusko Label ligako estropada bat ekarri du gogora: «Orion, aurten, banderaren lehian ginen azken luzean, eta Orio zen gure kalean. Izan genuen aukera, hura izan zitekeen unea zikinkeria bat egiteko, baina ez genuen egin».

Federazioa, epailearen alde

Eztabaida honetako hirugarren hanka uretako epailea da, Joxe Mari Iturrarte, baina ez du adierazpenik egin nahi izan hedabideetan. Haren gainetik Euskadiko Arraun Federazioa dago, eta Ramon Alkain presidenteak babestu egin du epailearen lana: «Uretan, abisua eman zion Urdaibairi haren kalera joateko, eta ondoren jo zituzten arraunak. Ezin izan zen bi traineruen tartean jarri, Santurtzi zetorrelako bien erdian, eta olaturik ez sortzeko hauei. Estropada bukatuta, bandera gorria atera zuen, adieraziz ez zela konforme gertatuarekin, eta gero, lehorrean, telebistako irudi eta GPSkoekin, erabakia hartu zen. Ezin da hobeto jokatu epailearen partetik».

Gai honetan, piztu da beste su bat ere: «Araudia zaharkitua dagoela diote orain, baina iazko abenduan, Federazioaren Batzarrean, proposatu zen kasu hauetarako TKEren araudia ezartzea, traineruak hiru segundoz zigortzen dituena, baina ez zuten onartu klubek». BERRIAk jakin duenez, bilerara hamahiru talde bakarrik joan ziren, eta joan ez zirenen artean Urdaibai dago.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna
Aitor Manterola

Informazio osagarria