Sunbillan aizkorak ez du adinik

Egungo eta azken urteetako aizkolaririk onenak ariko dira gaur Ramon Latasaren Oroimenezkoan
Miel Mindegia, aizkora batekin. Gaur, berriz hartuko du bat, Sunbillan.
Miel Mindegia, aizkora batekin. Gaur, berriz hartuko du bat, Sunbillan. J. M. / FOKU

Imanol Magro Eizmendi -

2018ko abuztuak 11
Aizkora demen zaleak galdu ezinezko saioa du gaur Sunbillan (19:00, Nafarroa). Ez dira hitz huts edo gehiegizkoak, Ramon Latasaren Oroimenezko 17. jaialdian, Atutxa II.a, Vicente eta egungo beste izen handiez gain, Arria II.a, Mindegia, Arrospide eta Astibia berriz ere lanean ikusteko aukera egongo baita. Hori gutxi ez balitz bezala, txinga eroatean bi marka saiakera ikusgarri ere egongo dira.

Ramon Latasaren Oroimenezkoa aizkolariek kutunen duten jaialdietako bat da, eta aurten ere punta-puntako bost bikote elkartu dituzte lehiarako: Aitzol Atutxa II.a eta Julen Alberdi Txikia; Donato Larretxea eta Iker Vicente; Mikel Larrañaga eta Ugaitz Mugertza; Joseba Otaegi eta Jon Rekondo eta Ruben Saralegi eta Xabier Orbegozo Arria V.a. Bikote bakoitzak hamar kana-erdiko eta 60 ontzako sei enbor ebaki beharko ditu. Iaz, Vicente eta Saralegi izan ziren txapeldun, eta, aurreko bietan, Arria V.a: 2016an, Otaegirekin, eta, 2015ean, Donato Larretxearekin.

Arriak badu Sunbillan bere onena emateko ohitura; gaur ez du bere sendiko kide bakarra izango plazan, Jose Ignazio Orbegozo Arria II.a bere aitak ere aizkora hartuko baitu 72 urterekin. Txapeldun ohi errezildarrak eta Angel Arrospidek (62 urte), Miel Mindegia handiarekin (69 urte) eta Patxi Astibiarekin (75 urte) neurtuko dituzte indarrak. Historiako lau aizkolaririk onenetakoak dira, eta Euskal Herriko hogei txapel dituzte lauren artean. Bikote bakoitzak sei kana-erdiko ebaki beharko ditu txanda librean.

100 kiloko txingak

Aizkora menua ederra bada, txinga eroatekoa ere ez da nolanahikoa, Ousmane Dramek eta Xanta Sousak, egungo Euskadiko txapeldunek, marka saiakera bana egingo baitute. Sousa, Lesakan bizi den brasildarra, 50 kiloko txingen marka hobetzen saiatuko da. Egungo marka sei plaza eta hamazazpi metrokoa da. Sousak berak lortu zuen, duela bi urte, Sunbillan. Drame, berriz, 100 kiloko txingekin saiatuko da. Barakaldon bizi den senegaldarrak, ondo bidean, lau plaza inguruko marka lor dezake.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna