Andres Krakenberger.

Dikotomia faltsuak

2020ko urriaren 24a
00:00
Entzun
Giza eskubideen esparruan jarduten garenok urte ugari daramagu esaten falazia bat dela segurtasunaren eta askatasunaren arteko dikotomia. Paradigma horren arabera, askatasuna nahi izatera, prezio jakin bat pagatu behar behar duzu segurtasunaren aldetik; edo, alderantziz, segurtasuna nahi izatera, askatasuna behar beste urrituz ordaindu behar duzu. Horrela, oreka bat lortzen saiatzeko «beharra» saldu ohi digute, eta zuribide gisa esaten digute ezen hein bateraino ezin saihestuzkoa dela giza eskubideak «arin» urratzea tarteka.

Erraza da, ordea, falazia horri mozorroa kentzea, abiapuntutzat hartuz gero hauxe dela segurtasunaren definiziorik argiena: giza eskubide bakar bat ere urratzen ez den egoera bat. Eztabaidaezina da hori. Ergo, iruzur hutsa da giza eskubideak urrituz pagatu behar izatea segurtasuna.

Iruditzen zait halako zerbait gertatzen ari dela COVID-19aren pandemian azkenaldian proposatu diguten beste dikotomia batekin. Eta, neurri batean, logikoa da hala gertatu izana. Aurtengo martxoan, mende bete pasatxoan lehen aldiz, pandemia egoera deklaratu zen, eta inor ere ez geunden prest horretarako. Denok uste genuen arazo hura ez zela hemengoa baizik Txinakoa, eta sinetsita geunden ez zela sekula iritsiko gure ingurura. Hemen inork ez zekien zer zen pandemia bat, eta horrek erakusten du azken ehun urteetako aurrerabide zientifikoek ekarri dutela zer onik eta zer txarrik. Nik neuk ere, nire esparru pribatuan, ez nekien egiaz zer zetorkigun gainera, eta gure gobernabideaz askotariko mailetan arduratzeko zeregina eman diegunek ere ez. Egia da: azken urteetan, epidemiologo aditu batzuek zenbait ohartarazpen egin zituzten, mugikortasunean izan den aurrerabide eztabaidaezinagatik kezkaturik, baina inork ez genien kasurik egin. Zientzia fikziozko burutazioak iruditzen zitzaizkigun haienak.

Bada, ez. Etxean konfinatu behar izan genuen. Birusak eragin egin zigun batzuoi, larriago edo arinago. Hainbat pertsona jadanik ez daude gure artean. Konfinamenduan, funtsezkoa ez zen jarduera ekonomiko guztia geldiarazi behar izan zen, kutsatze masiboen ondorioz ez zitezen kolapsatu Europako osasun sistema ugari, zeinak lehendik ere aski prekarizatuta baitzeuden 2008ko krisi ekonomikoaz geroztik.

«Deskonfinamendu» delakoa edo «normaltasun berrirako itzulera» ere esan nahi izan zioten hori hastearekin batera, ez genuen onartu birusak hor kanpoan segitzen zuela eta hementxe segituko duela harik eta tratamenduren bat edo txerto eraginkorren bat aurkitu arte. Donald Trumpek —ezen ez Estatu Batuetako Gobernuak— promes egin du koronabirusaren aurkako txerto bat edo tratamendu eraginkor bat prest egongo dela azaroko hauteskundeak baino lehen. Txina eta Errusia, are, hasita daude herritarrak txertatzen, proba gutxi egin dituzten arren. Zoritxarrez, txertoen garapenaren historiari erreparatuta, ez dago zantzurik pentsarazten duenik horren bidez arazoa amaitzen hastear gaudela. Hazizurriaren txertoa egiteko, adibidez, lau urte behar izan ziren, eta barizelarena egiteko, berriz, 28 urte. Ez gaude geure buruari tranpaka hasteko.

Garai batean, irudipena izan genuen pandemiaren kudeaketa publikoa hobea zela herrialde batzuetan beste batzuetan baino. Orain, berriz, bigarren olatuan, badirudi birusak berriz ere berdindu gaituela guztiok, kudeamolde askotarikoak gorabehera. Hori, jakina, gauzak benetan kudeatu diren lekuetan; zeren, herrialde batzuetan, hala nola Estatu Batuetan eta Brasilen, birusa ez kudeatzea erabaki baitute zuzenean, eta lurralde horietan bai, alde argiak daude datu absolutuetan, nahiz eta zuribide gisa esaten diguten datu erlatibo oso onak dituztela. Bada, esan diezaiotela hori herrialde horietan hil direnen eta kutsatu diren ehunka mila pertsonen senide eta hurkoei. Beste herrialde batzuetan, gobernantza egiturak hain dira kaskarrak eta ahulak edo sinesgarritasunik gabeak, ezen ezinezkoa baita praktikan ezer kudeatzea. Nolanahi ere, herrialde batzuetan zein besteetan oro har biztanleen esku utzi dute pandemia kudeatzea, eta herritarrak ahal duten bezala ari zaizkio buru egiten, nor bere ekonomia partikularraren arabera.

Europan, kudeaketa eredu askotarikoak daudelarik eta martxotik gertatu direnak gertaturik, aipatu dudan beste dikotomia berri hori finkatu da: nolabait ere, ekonomiak berriz funtzionatzea nahi badugu osasun aldetik ordaindu beharko dugula, estatubatuarrek eta brasildarrek bezala, zeinen ekonomiak ez dauden preseski aparraldi betean; edo pandemia ahal bezain ondo kudeatzeko eredu bati segitzen badiogu ekonomiaren makalaldi batez ordaindu beharko ditugula osasun aurrerapenak, pandemiaren efektuak egiaz kudeatzen diren herrialdeetan gertatzen den bezala.

Argi esan nahi dut ni ez naizela ez ekonomista, ez osasun arloko profesionala; baina beti irakatsi zaigu hondamendi ororen ezaugarri komuna dela ekonomiaren etsairik minena —izan hondamendi hori pandemia bat edo gerra bat edo dena delakoa—: ziurgabetasuna. Eta hori hala dela kontuan harturik, argi dago ezen osasunaren eta ekonomiaren arteko dikotomia, gure inguru-inguruan tentsio politiko gogorrak eragin dituen hori, falazia batean oinarrituta dagoela. Izan ere, ziurgabetasunik izan ez dadin, nahitaezkoa da osasun maila onargarrietara itzultzea eta, beraz, ekonomia loratu ahal izatea. Edo, are, alderantziz: osasunerako eskubidea errespetatu behar da ziurgabetasunik izan ez dadin, eta horrek loraraziko du ekonomia. Eta, hala, historiako beste hondamendi batzuetan erakutsi dugun irmotasunaz eta erresistentzia espirituaz gaindituko dugu hau dena.

Honetan guztian, ez kudeatzearen aldekoen kontra nago ni erabat, eta antzeko politiken aldekoen kontra, nolanahi saldu nahi dizkigutela ere. Arduragabe hutsak dira, eta motz geratu naiz segur aski. Kudeatzea erabaki duena edo erabakitzen duena babestuko dut nik, nire aletxoa jarriz mikroan: maskara erabiliz, distantzia errespetatuz, ahalik eta gehien murriztuz bizitza soziala, eta, beharrezkoa balitz, konfinamendura itzuliz. Eta makroan: ondoen kudeatu duenari emanez botoa; eta demokrazia defendatuz autoritarismoaren kontra. Ez kudeatzearen alde egiten dutenek modu autoritarioan egin ohi dute hori. Eta, kasualitatez, horiexek berek esan ohi dute askatasunaren prezioa pagatu behar dela segurtasun handiagoa nahi bada.

(Erredakzioan itzulia)
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.