Carlos Aznarez. 'Resumen Latinoamericano'-ko zuzendaria

«Latinoamerikako Siria bihurtu nahi dute Venezuela»

Latinoamerikan ziklo aldaketa dagoela uste du Aznarezek, eta «demokrazia burgesen kontraesanak» azaleratu bitartean garai gogorrak biziko dituztela hainbat herrialdetan.

Amagoia Mujika Tolaretxipi.
2017ko ekainaren 18a
00:00
Entzun
Carlos Aznarez kazetari eta idazleak (Buenos Aires, 1947) bizitza osoa egin du Latinoamerikako herrietako ezkerreko mugimenduetan murgildurik, baina itsasoaren beste aldera begira ere bizi da, Euskal Herriarekin harreman berezia baitu. Aita Altsasukoa zuen, eta Euskal Herrian bizi izan zen 14 urtean, Berangon, «erabat euskal herritarra sentitzeraino», Argentinako diktaduratik ihes egin ostean. Maria Torrellas emaztea ere euskal herritarra da, eta haren semea Berangon bizi da. «Erabat» identifikatzen da independentziaren aldeko aldarriekin, eta bereziki, euskal presoen ingurukoekin. Oso adi dago politikaren eguneroko «ika-mikez», baina Argentinan, Kuban eta Venezuelan buru-belarri dabil, «eskuinaren komunikabide hegemonikoek diotenari aurre egin nahian». Esatekorik ez zaio falta.

Euskal Herriko bake prozesua gertutik erreparatzen duzu. Zer iritzi duzu?

Galdera da: zein bake prozesu? Uste dut oso-oso geldirik dagoela, baita kalean ere; izan ere, prozesuok ez badira egunero kalean borrokatzen ez baita ezer lortuko. Bakea ez da oparitzen. Politikariek eta estatuek presioa sentitu behar dute, eta uste dut bidea luzea izango dela. Hori bai, lehentasunak markatu behar dira, eta ezinbestekoa iruditzen zait euskal presoak espetxetik ateratzea. Enpeinu osoa jarri behar da Ibon Iparragirre gehiago egon ez daitezen, ez daitezela senideen istripu gehiago gerta preso bat bisitatzera joateagatik. Iruditzen zait giltza dela presoena, hori bai, erdeinatu gabe borroka soziala. Bi borroka horiek batu behar dira. Borroka armatua amaitzen denean, halako huste bat gertatzen da gizartean, eta horregatik beste borroka modu batzuk jorratu behar dira.

Orokorra da hori? Kolonbiako bake akordioaren ostean ere gertatu da halako indar huste bat gizartean.

Ohikoa da talde armatu batek armak uzten dituenean mobilizazioak gutxitzea, armek sortzen duten epikarik ez dagoelako batetik, eta, bestetik, etsaiak kolpatzen jarraitzen duelako, konponduko zelako esperantza galduz. Hori da konplexua. Juan Manuel Santos presidentea ez da agindutakoa betetzen ari, artifizio su guztiak bota ondoren Bakearen Nobel Saria irabazteko. Eta hori hasierako akordioa ezerezean geratu dela, erreferendumaren ezezkoaren ostean uribezaleek inposatutako negoziazioen ondorioz. Egunero iristen zaigu FARCen kontzentrazio eremuetan ez dagoela atentziorik, politikara egiteko integrazio prozesua geldirik dagoela. FARCek armak entregatu ditu, baina, era berean, paramilitarismoak jarraitzen du, tantaka-tantaka hiltzen. Jada ez da sarraskirik egiten Alvaro Uribe presidente zen garaian bezala, baizik eta egunero hiltzen dute buruzagiren bat, gizarte liderren bat, eta amildegiaren ertzean dago egunero bake prozesua.

Hautsi daiteke?

Arriskuan dago. Horrelako prozesu batean sartu ondoren, eta horrenbeste urte mahaian eserita negoziatzen aritu ostean, ez diraemaitzak esperotakoak, eta gainera datorren urteko bozetan uribezaleek irabaz dezakete, eta hala balitz lortu den apurra pikutara joan daiteke. FARCekoak kautela askoz ari dira jokatzen. Ez da ahaztu behar Kolonbiak eskualde mailan daukan garrantzia. AEBen eta Israelen basea dela [bederatzi base militar dauzkate AEBek]. Venezuelako, Ekuadorko bizilagun... Kolonbiari adi begiratu behar zaio, ez baita edozein.

Latinoamerikan ziklo amaiera bat dago?

Ez da ziklo amaiera bat, ziklo aldaketa baizik, eta hartara egokitu behar dugu. Dagoeneko ez gara diktadurez hitz egiten ari, demokrazia burgesez baizik, demokrazia faltsuetan oinarritutako sistemez. Hemendik aurrera lortzen diren gauzak askoz gehiago kostako dira, baina boterearen kontraesanak azaleratu behar ditugu. Zalantzan jartzen ditugunean, demokrazia parte hartzaileak eraiki behar dira, baina garai gogorrak izango dira horren aurretik. Litekeena da borroka armatuak berpiztea kontinente honetan. Europan agian bide horrek berea egin du, baina ez Latinoamerikan, borroka bide guztiak zabalduta baitaude. Herriek ezin dute miserian betikotu, jendeak ezin ditu umeak goseak hiltzen ikusi, lehertu egiten dira halako batean, bat-batean, eta erantzun orokor bat egongo da.

Eskuineko gobernuek martxa hartu dute leku askotan. Argentinan luzerako dirudi, adibidez, Mauricio Macriren gobernuak.

Herri mugimenduen kontrako jazarpena izugarria da, batez ere langileen kontra. Macri gobernura heldu zenetik, 260.000 langile bota dituzte, jende asko bizi da kalean, pobrezia izugarri handia da. Unicefek eman berri ditu datuak, eta erakunde hori ez da bereziki ezkerrekoa. Haren arabera, Argentinako umeen eta nerabeen erdiak pobrezian bizi dira. Gazteek ez dute lanik. Horrelako prozesuekin gertatzen den bezala, errepresioa dute bide bakarra protestak isilarazteko. Auzoak poliziaz bete dira. Eta beste elementu garrantzitsu bat dago: narkotrafikoa. Ez da Mexikoren kontua bakarrik, Latinoamerikako herrialde guztietara zabaltzen ari da, bazterketa bultzatzen duten ekonomia sistema hauek lagunduta datoz. Jende askok drogarekin trafikatuz lortzen du dirua, banden esku daude, eta eskuinak polizia gehiago jartzen ditu... Dirudunak, berriz, beren auzoetan gotortzen dira, harresi elektrifikatuen atzean. Legebiltzarreko hauteskundeetan [urria], gainera, macrismoak irabaziko du ziurrenik, ezkerra banatuta baitago —kalean mugimendua du, baina ez legebiltzarrean—. Beraz, okerrena ez da iritsi. Murrizketak arlo guztietara hedatuko dira.

Brasilen, berriz, Dilma Rousseff kendu duenaren etorkizuna zalantzan dago, Michel Temerrena, eta Luiz Inacio da Silva 'Lula' badatorrela dirudi.

Michel Temerrena fartsa bat izan da hasieratik, baina burgesiak horretan inbertitu zuen, Temer izan zedin buru beraien kanpaina guztietarako. Pribatizazioak, kaleratzeak, pentsioak... Neoliberalismoak egiten duen guztia gobernua hartzen duenean, eta nazioarteko harremanak ere aldatu dituzte, gero eta gehiago AEBekin eta gutxiago gainerako herrialdeekin, baina orain Temerrek ez dienean balio, prozesaturik gabeko taldekiderikez baitzaio geratzen, saiatuko dira kentzen, nahiz eta oraindik ez duten hautagai aproposik. Eskuinaren helburua da Lula baztertzea, edozer trama asmatuko diote horretarako. Badakite Lula dela bozetara joan eta irabazteko gai den bakarra. Mugimendu sozialak sendo daude Brasilen, Fronte Zabalean bildurik, etengabemobilizatzen eta grebak egiten, nahiz eta errepresio handia duten. Hilabeteotan, pultsu handia egongo da Lulak ordezkatuko duen mugimendu sozialen eta eskuinaren artean.

Venezuelako Gobernua dago orain dianaren erdian. Donald Trumpek eskatu berri dio Amerikako Estatuen Erakundeari neurriak har ditzan.

AEBek daukaten premiazko eta era berean betiko beharra ase behar baita: petrolioa. Hori ez da gauza gutxi. Venezuelak gaur egun munduko petrolio eta gas erreserba handienak ditu, eta urre eta beste hainbat mineral oso garrantzitsuren hobiak. Gai ekonomikoa da argi eta garbi. Zergatik mugitzen dira AEBak Ekialde Hurbilean, edo zergatik inbaditzen dituzte herrialdeak?

AEE , hain zuzen, gutun demokratikoa ezartzekotan dabil Venezuelaren kontra. Diktadurei aplikatzeko da hori.

Luis Almagro idazkari nagusia horretan ari da buru-belarri, AEBen zerbitzura, eta eskuinarentzat, ez Venezuelako eskuinaren alde soilik, baizik eta nazioartekoarentzat. AEE oso eztabaidatua izan da, eta izaten ari da, gobernu aurrerakoiak egon direnetik, batez ere Hugo Chavezen garaian: Unasur edo Celac bezalako egiturek alde batera utzi zuten AEE. Orain, AEBak saiatzen ari dira erakundeak indarra har dezan. AEEk harremana dauka Latinoamerikako mapa berriko eskuineko gobernuekin. Macri Argentinan, Horacio Cartes Paraguain, eta Temer Brasilen. Almagroren proposamenaren aliatuak dira, Venezuela desegonkortzeko.

Elkarrizketarako bideak ahituta daude? Vatikanoa ari da halako saiakera bat egiten.

Oposizioak, ordea, ez du elkarrizketarako proposamenik onartu nahi. Oposizioak gobernua bota nahi du. Vatikanoaren atzean beti izan da susmoa eskuina dagoela,eta gauzak nola diren, orain chavista izatea leporatzen diote. Gobernua saiatu da Leopoldo Lopezen sektorea ez den alde moderatuagoarekin hitz egiten, baina gutxi iraun du. Oposizioa konturatu da emaitzak dituztela mahaitik kanpo, kalean presio eginez.

Ez dago biderik orduan?

Oso zaila da. Egunero dago asmakizun berri bat gobernuari gauzak zailtzeko. Orain larriena eraso faxistak dira, guarimba bortitzak [oposizioaren talde antolatuak]. Gobernuaren erantzuna, nahiz eta komunikabideek besterik dioten, neurrizkoegia izaten ari da, ez dago munduan beste armadarik horrelako erasoen aurrean horrela erantzuten duenik. Gobernua neurtzen ari da nolako erantzuna eman behar duen, egoera ez lehertzeko, alegia, oposizioak nahi duen jokoan ez sartzeko.

Nor dira kalean oposizioaren alde borrokatzen direnak?

Voluntad Popularrekoak dira, Leopoldo Lopezen alderdikoak —espetxean dago—. Sektore horrek du babes gutxien hautetsontzietan, oposizioaren barneko babesa ikusita, baina arrakasta handia du klase ertain altuko gazteen artean. Unibertsitateetatik ateratako jendea da asko, eta haien proposamena da kalean estutzea indarkeria izugarria erabiliz.

Besterik diote oposizioak eta nazioarteko herri askok. Maduro hiltzen ari dela manifestariak, eta diktadura batean direla.

Gobernua saiatzen ari da egoera aldatzen konstituziogilearen eta elkarrizketa sustatzearen bidez. Elkarrizketa barruan eta kanpoan sustatu behar da. Baina izugarria da nazioartea egiten ari den kanpaina, zer esanik ez Espainia. AEBetan eta Espainian, eskuineko gobernuak dituzten Latinoamerikako herrialdeetan bezalatsu, komunikabideetan titulu berak ikusten dituzu. Diktadura bat dela diote, ez besterik. Baina chavisten aldeko hildako askoz gehiago izaten ari dira azken hiru hilabeteotako protestatan.

Gobernadoreak ere hautatuko dituzte abenduan, bozak egiten badituzte noski. Edozein kasutan, chavistek galtzeko aukera asko dauzkate.

Bai, baina ez du esan nahi gobernua eroriko denik. Demokraziak hori esan nahi du, gora eta behera egitea, eta hori argi dauka chavismoak. Beste gauza bat izango da datozen presidentetzarako hauteskundeetan. Gertatu da lehenagotik ere, Chavezek gobernadoreak galtzea, baina ez gobernua. Dena den, erabakigarria izango da kalean zer gertatzen den. Orain ordena jarri behar dela uste dut, lehenik eta behin kaleetan.

Zure ustez, armada kalera aterata.

Dudarik gabe. Erasoak ja ez dira norbaitek molotov bat jaurtitzen duela. Bazukekin erasotzen ari dira, armamentua lapurtu dute, paramilitarrak daude, Kolonbiako mugatik sartu eta ateratzen direnak, talde bortitzak… Horren aurka legezko indarrak ez badira erabiltzen, jai. Soldaduak armekin daude, baina tiro egiteko baimenik gabe, eta jendea denetarik botatzen dabil. Ez dago hildako gehiago, harrigarriki. Oposizioak dioenaren kontra, chavisten kontrakoa da jazarpena. Hildakoak, eta nola gainera, bizirik su ematen.. Sirian, Libian eta Iraken ikusi da hori. Horregatik, egoera aztertzean diogu Latinoamerikako Siria bihurtu nahi dutela Venezuela; bidea antzekoa da.

Chavismoa itzaltzen ari al da?

Chavisten mobilizazioak sendoak dira, egunero daude mugimenduak sektoreka, izan langileena, feministena, gizarte mugimendu guztiena, baina joaten naizen bakoitzean ikusten dut masa chavistaren erradikalizazio maila handiagoa dela gobernuarena baino. Chavistak erabaki gogor gehiago eskatzen ditu. Konstituziogilearen prozesuak animoa altxa du, parte hartze handia baitago auzoetan, baina kontuan hartu behar da beste elementu bat: narkoak oso presente daude, paramilitar kolonbiarrei eskerrak, zeinak lekua hartu duten auzoetan, eta atsekabe asko sortzen du. Estatuak ez badu hori mozten, jendeak justizia bere gain hartzeko tentazioa du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.