Harresi gorria

Osasunak ez du golik jaso azken bederatzi lehietatik zazpitan, eta gakoa, neurri handi batean, Unairen eta David Garciaren sendotasuna da. Hasieratik ariko dira gaur ere, Tenerifen.

David eta Unai Garcia Osasunako erdiko atzelariak, Zaragozaren aurkako partidan. JAGOBA MANTEROLA / FOKU.
enaut agirrebengoa
2019ko martxoaren 22a
00:00
Entzun
Sadar berritzeko proiektuaren izen berberez dei dakioke Unai Garciak (Ezkirotz, Nafarroa, 1992) eta David Garciak (Iruñea, 1994) atzeko lerroan osatzen duten bikoteari: harresi gorria. Sasoi honetan aurrerapauso handia eman dute biek, eta, horri esker, atzealdea ondo babestua du Osasunak. Ahaltsuak dira goiko jokaldietan, azkarrak aurrelariei aurrea hartzeko orduan, eta, hori gutxi balitz bezala, badakite baloia ondo erabiltzen. Zerbaitegatik bihurtu dira funtsezko Jagoba Arrasaterentzat: denbora gehien jokatu duen jokalaria da Unai, eta Davidek osorik jokatu ditu azken hamalau partidak.

Talde zinez erasokorra da Osasuna. Datuek ondo islatzen dute gorritxoen joa: 41 gol sartu dituzte 30 neurketatan, beste ezein taldek baino gehiago. Edonola, horrek ez du esan nahi defentsako zereginak bazter uzten dituztenik. Bestela, ez ziratekeen gai izango azken bederatzi lehietatik zazpitan atea hutsean uzteko. Nabarmen sendotu dira asteen joanean, defentsako erdigunean izan den aldaketa tarteko. Sasoiaren lehen herena aulkian igaro ondotik, Davidek Aridaneren tokia hartu du, eta hori eskertu du Unaik. Kimika ona dago bien artean, eta geroz eta hobeto konpontzen dira.

Taxoaren zaildu ostean, biek egin behar izan dute bide malkartsua lehen taldean finkatzeko. Unaik 2012-2013ko denboraldian egin zuen debuta, Jose Luis Mendilibarren eskutik. Ez zuen aukerarik izan hurrengo denboraldietan, eta 2015ean Tudelanora joan zen utzita, Bigarren B Mailara. Handik itzuli ostean, Enrique Martin Monrealek tokia egin zion taldean, eta atzelariak bere alea jarri zuen gorritxoak Lehen Mailara igo zitezen; 27 neurketa jokatu zituen, gehienak Miguel Flañoren eta David Garciaren aldamenean. Garciak bigarren sasoia zuen talde nagusian, eta funtsezkoa izan zen, 36 partida jokatuta.

Oierren ordezkoaren bila

Harrezkeroztik, ibili gorabeheratsua izan dute bi defentsa gazteek. 2016-2017ko sasoian, gorriak eta bi ikusi zituzten Lehen Mailan. Zeharo kutsatu zituen taldearen bolada eskasak. Davidi oso arrasto txarra utzi zion esperientzia hark. Konfiantza erabat galdu zuen, eta, bere onera itzultzeko, aurreko sasoian Cultural Leonesara utzita joan behar izan zuen. Diego Martinezek jokatzen uzten ez zion denbora jokatu zuen han, eta sasoi honetan, behetik gorako bidea ari da egiten. Unai, berriz, defentsako nagusia bihurtu da. Gozakaitz aritu zen lehen partidetan, baina, geroztik, sekulako erregulartasuna eta fidagarritasuna erakutsi ditu erdiko defentsa gisa. Aurreko sasoian ere maila aparta erakutsi zuen, Aridaneren itzaletan egonagatik.

David zelai erdian koka lezake gaur Arrasatek, Teneriferen zelaian aritzeko. Izan ere, zigorra bete behar du Oierrek, eta ez dago aukera handirik hura ordezkatzeko. Iñigo Perezek min hartu du asteon, eta Perea osatu berri da. Torres atzeratzea litzateke aukera bat, baina Arrekoari askatasuna eman nahi izanez gero, Arrasatek atzelari nafarraren kokapena aurreratu lezake. Eta ez da hori teknikariaren buruhauste bakarra, Juan Villar ere min hartuta baitago. Ziurrenik Brandonek beteko du golegile nagusiaren lekua.

Nafarrek hemeretzi bider jokatu dute Teneriferen zelaian, eta sekula ez dute irabazi. Bada, madarikazioa apurtzen saiatuko dira gaur, hala Lehen Mailarantz beste urrats bat egiteko.

TENERIFE-OSASUNA

Tenerife. Dani; Luis Perez, Alberto Jimenez, Mauro, Hector; Undabarrena, Milla; Suso Santana, Borja Lasso, Montañes; eta Malbasic.

Osasuna. Sergio Herrera; Nacho Vidal, David Garcia, Unai Garcia,

Clerc; Perea, Fran Merida; Roberto Torres, Ruben Garcia, Rober

Ibañez; eta Brandon.

Epailea. Iglesias Villanueva.

Lekua. Heliodoro Rodriguez Lopez (22.948 ikusle).

Ordua. 21:00etan (Liga 123).
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.