«Tristuraz eta kezkaz»

Fernando Goñi eta Imanol Agirre pilotari ohiek «penaz» bizi dute Baikoren eta enpresako pilotarien arteko lan gatazka. Goñik kritika zorrotzak egin dizkio enpresari, eta Agirrek dio «hausnarketa sakona» behar dela.

Baikoko ordezkariek eta enpresako pilotari taldekoek joan den asteazkenean Bilbon egindako bilera. ARITZ LOIOLA.
Julen Etxeberria.
2020ko urriaren 10a
00:00
Entzun
Baikoren eta enpresako hamabost pilotariren arteko lan gatazkak lurrikara eragin du pilota munduan. Inoiz ez zen halakorik gertatu. Kalapitak egonak ziren, serioak, eta dezente, baina inoiz ez zen greba bat egon.

«Oso tristea da gertatzen ari dena», dio Fernando Goñi pilotari ohiak (Zubiri, Nafarroa, 1973).Haren ustez, «itxura txarra» ematen ari da pilota. «Aspaldikoa da enpresek pilotariak kontrolpean izateko nahia. Baina, oraingoan, enpresa batek egoera ekonomikoa baliatu nahi izan du lan baldintzak okertzeko. Horregatik iritsi gara egoera honetara. Pilotari ez dio inolako mesederik egiten greba bat egoteak; erabaki oso gogorra da. Baina nik argi dut: pilotariek greba egin badute, beste aukerarik ez dutelako izan da».

Lan gatazka konpontzea nahiko luke Goñik, baina ez dago baikor, batez ere Baikok izan duen jarrera kontuan hartuta. «Hitz egiteko borondatea dutela diote, baina horretan geratzen da, hitzetan. Ez dute hori ekintzetan islatzen. Hori gutxi ez, eta enpresak hartu dituen erabakiek eta egin dituen mugimenduek ez dute inolako borondaterik islatzen. Adibidez, pilotariei kontratuak ez berritzea eta aldi berean beste pilotari batzuei debutatzeko aukera ematea. Mezua argia da: kanpoan zaudetenok, kanpoan zaudete, eta barruan zaudetenok, erne ibili».

Goñiren iritziz, «ulertezina eta pilotarentzako oso kaltegarria» da Iosu Eskiroz, Victor Esteban, Unai Laso eta Jon Mariezkurrena Baikotik kanpo geratu izana. «Pilotari gazteak dira, etorkizun eta maila handikoak. Nortzuk jokatuko dute orain haien ordez? Zer mailan ariko dute? Joan direnen hutsunea sumatuko da, eta aldea nabarituko da. Egin behar zena zera zen, enpresan zeudenei jarraitzeko aukera eman. Dirurik ez zegoela dio enpresak, baina ez dizkie kontuak erakutsi pilotariei. Hori argitu ezean, ezin da jakin zein den benetan enpresaren egoera ekonomikoa».

Baiko, «bere buruari harrika»

Goñi bezala, Imanol Agirre (Artea, Bizkaia, 1974) pilotari ohiak ere «tristuraz» bizi du egoera. «Pena dut pilotariengatik, barruan borrokan ari direnengatik eta kanpoan geratu direnengatik». Agirreren arabera, auziak «hausnarketa sakona» behar du. «Arazoa askoz sakonagoa da. Azken bi urteetatik hona hartu diren erabaki gehienak pilotarien aurka izan dira. Hori eginda, enpresa bere buruari harrika aritu da, langileak haserretzea eragin baitu. Eta langileak haserre egoteak ez dio batere mesederik egiten enpresa bati».

Argi du dirua ez dela gatazkaren muina. «Kontu garrantzitsua da, baina ez garrantzitsuena. Pilotariak ez daude gustura enpresak duen jarrerarekin eta jokabidearekin, eta hori konpondu egin behar da. Enpresaren kontuak ikusteak lagunduko luke. Izan ere, Aspe eta Baiko antzeko egoeran daude, eta Aspen ez da egon halako gatazkarik. Pentsatzekoa da gauzak beste modu batera egin dituztela».

Greba egitea «esku pilotan ikusi gabeko zerbait» dela aitortu izanagatik ere, normaltasun kutsua eman nahi izan dio. «Greba beti izan da langileen eskubideak aldarrikatzeko tresna».

Kontratu berritzeez, berriz, dio Baikok «kontziente» izan behar duela «normala» dela kirol maila igo duen pilotari batek soldata hobea eskatzea, nahiz eta egoera txarra izan. «Enpresak ere kirol arloari erreparatu behar dio, eta kasu honetan, Baiko goi mailako lau pilotaririk gabe geratu da, eta horiek beharrezkoak izango ziren hiruzpalau urte barru. Kirol ikuspuntutik, ulertezina da erabakia».

Haren iritziz, bi aldeak «derrigortuta» daude elkar ulertzera. «Elkarren beharra dute. Saiatu behar dute egoera ahalik eta onena izan dadila». Alde ona ere topatu nahi dio gertatu denari. «Batzuetan, hondoa jo behar da, gauza berriak sortzeko». Baina ez dago itxaropentsu. «Itxura du luze jo dezakeela».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.