Albistea entzun

Irakeko inbasioa. 20. urteurrena

Hogei urte, AEBek Irakeko inbasioa hasi zutela

2003ko martxoan, AEBak buru zituen nazioarteko koalizioak Iraki eraso zion. Hainbat estatuk babestu zuten operazio hura; besteak beste, Espainiak.
Saddam Husseinen estatua, AEBetako banderarekin.
Saddam Husseinen estatua, AEBetako banderarekin. L. R. / EFE Tamaina handiagoan ikusi

Arantxa Elizegi Egilegor -

2023ko martxoak 19

Irakeko Askatasuna operazioa jarri zioten izena, baina, halakoetan ohi den moduan, izena eta izana ez ziren bat etorri. Operazioa okupazio bilakatu zen, balizko askatasuna hondamendi, eta Irak, munduko estatu ezegonkorrenetako bat. Hogei urte bete dira AEBetako armadak, George W. Bushen aginduei erantzunez, Irakeko inbasioa hasi zuela. Bi egun lehenago Etxe Zuriak 48 orduko epea eman zien Irakeko presidente Saddam Husseini eta haren bi semeei, Udairi eta Qusairi, «amore eman» eta herrialdetik irten zitezen. Ultimatuma baino gehiago, erasoaldiaren iragarpena izan zen hura.

Ikusi gehiago: «Askok sinesten zuten Irak demokrazia liberal bat bilakatuko zela»

Erasoa hastea ez zen bat-bateko erabakia izan, landutakoa baizik. 2001eko irailaren 11ko atentatuek izua zabaldua zuten herrialdean, eta «terrorismoaren aurkako gerra» indartsu zen. 2002an, Afganistango gerra betean, estatubatuar gehienek begi onez ikusten zuten Hussein indarrez kargugabetzeko aukera. Hala ere, bi argudiok lerrarazi zuten iritzi publikoa: Husseinen erregimenak «suntsipen handiko armak» zituen ustea, eta administrazio horrek berak Al Qaedarekin loturak zituen susmoa. Bi hamarkada geroago ez da oraindik argitu AEBetako Gobernuak armei buruzko informazio faltsua jaso zuen edo gezurra esan ote zuen.

Azoreetako argazkia delakoan agertu ziren Erresuma Batuko lehen ministro Tony Blair, AEBetako presidente George Bush eta Espainiako Gobernuko presidente Jose Maria Aznar. 2003ko martxoaren 16an  Azore uharteetan eginiko bileran Iraken inbasioa lau egunera hastea erabaki zuten. Sergio Barrenechea / EFE

Era batera edo bestera, 2002ko urrian estatubatuarren %65ek uste zuten Husseinek epe motzean lor zitzakeela arma nulearrak, eta beste %14k pentsatzen zuten dagoeneko bazituela. Uste horiek erraztu zioten Kongresuari Iraken aurkako balizko erasoaldi bat baimentzea,«AEBetako segurtasuna defendatzeko» —amaitu berri den astean egin dute baimen hori indargabetzeko lehen urratsa—.

Azoreetako goi bilera

Ia dena prest zuen Washingtonek etxean. Erasoaldia babestuko zuen koalizioari azken ukituak egitea falta zuen soilik. Martxoaren 16an egin zuen urratsa, Azoreetako Terceira uhartean. Ezagunak dira orduko argazkiak. Bush bera, Erresuma Batuko lehen ministro Tony Blair, Espainiako gobernuburu Jose Maria Aznar eta Portugalgo Gobernuko presidente Jose Manuel Durao Barroso agertzen dira horietan. Goi bileraren bigarren egunean, Aznar eta Blair aldamenean zituela, ultimatuma eman zien Bushek Husseini eta haren bi semeei. 48 ordu geratzen ziren erasoa hasteko.

Martxoaren 18an Erresuma Batuak egin zuen urratsa. Komunen Ganberan eztabaida luzea izan zen gerran parte hartu edo ez erabakitzeko, eta baiezkoak irabazi zuen, aldeko 412 botorekin eta aurkako 149rekin. Blairren garaipenak, ordea, kostu politikoa izan zuen; gobernuko hiru ministrok dimisioa eman zuten, baita Komunen Ganberako buruak ere. Egun berean, Aznarrek iragarri zuen Espainiak ez zuela parte hartuko erasoaldian, baina 900 soldadu eta hiru itsasontzi bidaliko zituela Irakera, «osasun arta lanetan eta mina bilaketan laguntzeko».

Gehiagok ere bat egin zuten AEBak buru zituen nazioarteko koalizioarekin: besteak beste, Poloniak, Australiak, Danimarkak eta Italiak. Herrialde horiek berek aurkeztu zuten, otsailean, NBE Nazio Batuen Erakundearen batzarrean erasoaldi militar baten aldeko proposamena. Aldiz, Frantziak, Kanadak, Errusiak eta Alemaniak diplomazia lehenetsi zuten. Frantziak eta Errusiak beto eskubidea izanik, Etxe Zuriak ez zuen aurrera egiteko aukerarik,;beraz, erretiratu egin zuen proposamena, baina ez zuen atzera egin bere asmoetan.

Protestak

Etxean herritar gehienak alde bazituen ere, milioika irten ziren kalera gerraren aurka, bai AEBetan, bai nazioartean. Mendebaldean, herri mugimenduek bultzatu zituzten protestak; baina herrialde arabiar zenbaitetan gobernuek deitu zuten manifestazioetara. Jendetza batu zuten protestek. Erroman, esaterako, hiru milioi lagun bildu ziren.

Protestak protesta, baina, «gerra ez» oihuek ez zuten erasoaldia eten, ezta NBEk hura babestu ez izanak ere. Bushek bere hitza bete zuen, eta 2003ko martxoaren 20an hasi zuen Iraken aurkako operazio militarra. AEBetako telebista kate nagusiek zuzenean erakutsi zuten nola erortzen ziren lehen bonbak Bagdaden. Tommy Franks armadaburuaren esanetan, hiru helburu nagusi zituen erasoaldi hark: Saddam Husseinen erregimena amaitzea; «suntsipen handiko armak» aurkitu eta deuseztatzea; eta herrialdean zeuden «terrorist ak» atzematea. Hiru helburu nagusi horietatik bakarra bete zuen nazioarteko koalizioak.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Kosovoko serbiar ugari protestan, gaur, Zvecan herriko udaletxeko eraikinaren aurrean. ©GEORGI LICOVSKI / EF

Pristinak atea ireki dio Kosovo iparraldean bozak berriz egiteari

Mikel O. Iribar

Kurtik zehaztu du Kosovoko indarren aurkako indarkeria amaitzean eta Bruselako akordioa errespetatzean soilik egingo dituztela hauteskundeak. EBk Belgradi eskatu dio alde batera utz ditzala boikoterako deiak.

Laura Borras Kataluniako Parlamentuko presidente ohi eta JxCko burua, azken udal hauteskundeetako kanpaina batean. ©Quique Garcia, EFE

Borrasek diputatu akta galdu du, eta Kataluniako parlamentuak presidente berria hautatuko du

Gorka Berasategi Otamendi

Ganberak osoko bilkura deitu du ekainaren 9rako, parlamentuko presidente ohiaren ordezkoa aukeratzeko.

Bonbardaketek eta tiroketek eragindako kea, Khartumen, artxiboko irudi batean. ©EFE

Hemezortzi lagun hil eta ehundik gora zauritu dituzte Khartumgo azken bonbardaketetan

Mikel O. Iribar

RSFk armadari egotzi dio zibilen aurka «ekintza ankerra» egin izana. AEBek eta Saudi Arabiak «zalantza handia» dute bi aldeek beteko ote duten giza laguntza eskuratzeko konpromisoa.

Hainbat pertsona AEBak eta Mexiko banatzen ditun hesiaren ondoan, zain. / ©Etienne Laurent, EFE

Virginiako gobernadoreak militarrak bidali ditu Mexikoko mugara

Arantxa Elizegi Egilegor

Texasko Gobernuak eskatu die buruzagi errepublikanoei bidal ditzatela guardia nazionalak AEBetako hegoaldeko mugara.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Arantxa Elizegi Egilegor

Informazio osagarria

Iruzkinak kargatzen...