Itzaletik plazara

Entrenatzailea aldatzea era bat izaten da talde baten ibilbide eskasa zuzentzeko. Athleticen, Gaizka Garitanoren aldeko apustuak jokamoldea aldatu du, eta zenbait futbolariren rola ere aldatu egin da. Gehienak aukera aprobetxatzen ari dira.

haritz gallastegi
Bilbo
2019ko urtarrilaren 24a
00:00
Entzun
Gaizka Garitanok itxuraldatu egin du Athletic. Sendotu egin du talde hauskorra zena. Irabazle eta lehiakor bihurtu du irabazteko biderik aurkitu ezinik zegoen taldea. Eta etsita eta burumakur zeuden jokalariak autoestimua berreskuratzen ari dira. Ligako lehen hamalau jardunaldietan 11 puntu irabazi zituen talde horrek hamabi poltsikoratu ditu azken sei partidetan.

Garitanok batu egin du taldea. Lerro artean zulo txikiagoak uzten ditu orain, eta, ondorioz, jokalariak babestuago sentitzen dira. Babes hori ezinbestekoa izan da zenbait jokalarik euren onena emateko. Eibarren zuzendu zituen jokalariak, Ander Capa eta Dani Garcia eta Iñigo Cordoba dira teknikari aldaketa gehien eskertu dutenak. Iñigo Martinez eta Iñaki Williams, berriz, funtsezko dira oraindik. Biek egin dute gora.

ANDER CAPA

Kontrola falta zaion trena

Ander Caparen (Portugalete, Bizkaia, 1992) kirol ibilbidean giltzarri izan den teknikari bat baldin badago, hori Gaizka Garitano da. Eibarren bigarren taldean ezagutu zuten elkar, eta, ordutik, Garitanok fede handia erakutsi du jokalariarengan. Eibarren zelai erdian zelairatzen zuen, baina, aspalditik eskuin hegaleko atzelari gisa ari denez, Athleticen defentsan jokatzeko aukeratu du. Caparen dohainak gustuko ditu Garitanok, eta bertute horiek oso estimatuak dira Athleticen ere. Fisikoki oso indartsua da, nekaezina. Neurketa guztian aurrera eta atzera dabil. Arlo taktikoan, gabeziak ditu, baina taldeak eskertu egin du daukan energia. Garitanok hegaletatik jokatzea du gustuko. Hortaz, erritmo handian luzaroan jokatzeko gai diren futbolariak ondo egokitzen dira entrenatzaileak eskatzen duenera.

Oscar De Marcosek hainbat urtean taldeari eman diona eta azken sasoi bietan gutxiago eman diona ari zaio eskaintzen Capa Athletici. Aurkariaren areara gerturatzen denean argitasun handiagoa izango balu, goi mailako hegalekoa izango litzateke, baina kosta egiten zaio azkeneko pasean asmatzea. Hala ere, oso ondo ari da baliatzen eman dioten aukera. Taldeari aurrerapausoa ematen lagundu dio. Athleticeko jarraitzaile amorratua izaki, txikitako ametsa egia bihurtzen ari da. Asko kosta zaio dagoen lekura ailegatzea.

IÑIGO MARTINEZ

Erasoko lehen jokalaria

Athleticen talde lana izenen gainetik dago, baina futbolari batzuk taldearen ardura hartzeko aukeratuak izaten dira. Bide horretan, klub zuri-gorriak apustu sendoa egin zuen Iñigo Martinez (Ondarroa, Bizkaia, 1991) defentsaren nagusia izan zedin. Ondarroarrak ondo bete zuen Aymeric Laporteren lekua iritsi zenean, baina Eduardo Berizzorekin ez zuen ematen gustura zegoenik. Garitanorekin, berriz, gehiago ari da nabarmentzen. Defentsan ia ez du okerrik egin, eta erasoan garrantzia hartu du. Garitanok luze jokatzeko eskatzen du sarri, eta horretarako ezinbestekoa da pase onak emateko gai den erdiko atzelari bat edukitzea. Iñigo Martinez ondo dabil zeregin horretan. Ondarroarrarekin gertatu legez, Yuri Berchichek ere (Zarautz, Gipuzkoa, 1990) hobetu egin du azkenaldian. Hark ere ondo ezagutzen du Garitano, entrenatzaile izan baitzuen Eibarren.

DANI GARCIA

Oreka ematen ari da

Taldeko zutabe nagusietako bat da Dani Garcia (Zumarraga, Gipuzkoa, 1990). Inork baino hobeto ulertzen du Garitanok eskatzen duena. Eibarren elkarrekin egin zuten gorengo mailarako bidea, eta, teknikari bizkaitarrak taldearen ardura hartu zuenetik, onenetakoa izan da.

Zelaian duen kokapena eta nortasuna dira haren dohain nagusiak. Defentsako lanean ezinbestekoa da. Beti dago taldeak behar duen lekuan. Taktikoki oso argia izateaz gain, arlo fisikoan ere indartsu dago. Horregatik guztiagatik, atzelariei sekulako babesa ematen die. Bizkartzain lanak egiten ditu. Defentsaren eta zelai erdiaren artean egiten duen lotura horrek indartu egin du Athletic. Konfiantzaz gainezka ari da jokatzen. Ez da partiden laburpenetan agertzen, baina, egun, oso futbolari garrantzitsua da talde zuri-gorrian. Orain arte, Beñat Etxeberriaren alboan jokatu du, eta nahiko ondo uztartu dira biak. Kontua da igorreztarrak partida bateko zigorra bete beharko duela Betisen kontra. Hortaz, lagun berria izango du euskarrian.

IÑIGO CORDOBA

Hegan egiteko prest

Iñigo Cordobak (Bilbo, 1997) ez du bigarren aukera pasatzen laga gura. Kuko Zigandaren apustua izan zen. Bigarren taldean lan bikaina egin ostean, Athleticek aspalditik zelai erdiaren ezker hegalean duen zuloa betetzeko aukeratu zuen Zigandak. Debuta egin zuenetik, denetarik egin du: langilea da, eta ezker fina dauka. Gorengo mailan baliagarriak diren dohainak dira bata zein bestea. Baina, era berean, zer hobetu ere badauka. Sarri denbora larregi galtzen du baloia oinetan duela, eta beste batzuetan, aldiz, arinegi jokatzen du. Gauzak egiteko momentu egokia zein den ikastea falta zaio. Hala ere, taldea batuta egon dadin laguntzen ari da, eta, apurka-apurka, hobeto jokatzen ari da. Berizzorekin sobran zegoen, eta orain jokalari garrantzitsua da.

IÑAKI WILLIAMS

Aurrelarien sena barneratzen ari da

Iñaki Williamsen (Bilbo, 1994) rola ez da asko aldatu. Berizzorekin garrantzitsua zen, eta Garitanorekin ere garrantzitsua da oraindik. Ez da harritzekoa, gaur-gaurkoz Athleticeko jokalaririk erabakigarriena baita. Hori bai, Garitano Williamsen gol sena fintzeko lanean ari da. Bere dohainak aprobetxatzeko kokapen egokia hartzen eta area barruan erabakiak patxadaz hartzen erakutsi gura dio.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.