Paralelo, gurutzatu ezin

Etxeko partidetan, Eibar hirugarrena da ligako talderik onenen artean, eta soilik Bartzelonak eta Atletico Madrilek batu dituzte puntu gehiago zaleen aurrean. Etxetik kanpo, bera da eskasena, Espanyolekin batera, partida bakarra irabazi baitu.

Aitor Manterola Garate.
2019ko martxoaren 6a
00:00
Entzun
Alferrik ez zuen esan Fran Garagarzak, Eibarreko kirol zuzendariak, duela zenbait aste esan zuena, hedabideen aurrera azaldu zenean ligaren lehen erdiaren azterketa egitera: «Helburu bakarra mailari eustea da, eta garbi dago Ipuruan lortu behar dugula, hura baita gure gotorleku». Igaro dira egun batzuk ordutik, eta harrezkeroko datuek berretsi baino ez dute egiten klubeko kirol agintariaren baieztapena. Sendo segitzen du Eibarrek zaleen aurrean, eta azken emaitza aipatu baino ez dago: Celtaren aurka aurreko igandean lorturiko garaipena, hain zuzen.

Garagarzak hitz egin zuenetik, taldeak etxetik kanpo ere jokatu du, eta oraingo honetan ere azkeneko emaitzari heltzen bazaio, San Mameseko partida eskasa eta molde bereko emaitza hor daude: galtzaile izan zen Eibar, 1-0. Ezinbestean jarri behar dira elkarren parean etxeko eta kanpoko jarduna, bi bide paralelo eta gurutzaezin bilakatu baitira oraingoz. Ipuruan indartsu eta eraginkor ari da Jose Luis Mendilibarren taldea, baina etxetik kanpo, justu kontrako norabidean dabil, ale bakarra irabazita liga abian jarri zenetik.

ONENETAN HIRUGARRENA

Datuak datu dira, hotzak bezain zehatzak, eta sailkapenean begiratu baino ez dago Eibar punta-puntan ikusteko etxeko partidetan. Ligako lehen biak, Bartzelona eta Atletico Madril, soilik ditu aurretik puntu gehiagorekin. 32 dituzte espainiarrek, 30 kataluniarrek, eta Eibarrek 26 dauzka batuta, hamalau partida jokatu ondoren zaleen aurrean. Zenbakiak gehiago xehatuta, honela geratzen dira: zazpitan izan da irabazle Ipuruan, bitan galtzaile, eta bost bider banatu behar izan ditu puntuak aurkariarekin. Golen estatistika ere oso esanguratsua da, 25 gol sartu dituelako Ipuruan eta hamabost jaso. Bartzelona bakarrik izan da gai gol gehiago sartzeko zaleen aurrean: 39 guztira. Batezbestekoa ateratzen bada, Eibar gai izan da Ipuruan partidako ia bi gol sartzeko.

ETXETIK KANPO, ESKASENA

Ura eta olioa bezala bereizten dira Eibarren etxeko zenbakiak eta etxetik kanpokoak. Aldea izugarria da, eta soilik datuei begiratuta, jokoa aparte lagata, ez du ematen etxean hain dotore ari den taldearenak direnik kanpoko estatistikak. Hamabi aldiz atera dira eibartarrak orain arte Ipuruatik kanpo jokatzera, eta zortzi puntu baino ez dituzte batu ahal izan: bakarra irabazi dute —Gironan (Herrialde Katalanak)—, bost berdindu, eta sei bider izan dira galtzaile. Bederatzi gol bakarrik sartu ditu, eta, aldiz, hogei jaso. Garbi dago non eta zertan duen zer hobetua taldeak hemendik eta liga amaitu bitartean. Espanyolekin batera, talde txarrena da etxetik kanpoko orain arteko jardunean, eta aldeko golen zutabean, Rayo Vallecano bakarrik du atzetik, zortzi gol alde dituela.

JOERA BERA LEKU GUZTIETAN

Taldearen jardunaren inguruan, badabil uste bat oso zabaldua, eta ezin da esan okerra denik, gainera: egiten ari den jokoa eginda, puntu gehiago eduki beharko zituen sailkapenean. Egindako jokoari helduta, ez da inolako sekreturik Mendilibarren estrategian, eta entrenatzaileak berak ere nabarmen adierazi du hori agerraldietan eta elkarrizketetan: taldeak berdin jokatzen du, partida Ipuruan izan edo Eibartik kanpo izan. Eta etxean bezain ondo ere jokatu izan du etxetik kanpoko zenbait partidatan. Hortaz, galdera berehala sortzen da: zer dela eta dago hemezortzi punturen aldea etxean batu dituen eta kanpoan biltzeko gai izan den puntuen artean?

ERAGINKORTASUN FALTA

Ondo jokatzea gauza bat da, eta eraginkortasuna ateratzea joko onari, beste bat. Makina bat partida on jokatu ditu Eibarrek etxetik kanpo, eta baita minutu luze askotan ere aurkaria haren zelaian eduki ere, Ipuruan egiten duen bezala. Baina aukera gehiago sortzea, eta sortu dituen horiek sartzea falta izan zaio Ipuruatik kanpo. Etxean ere sartzea falta izan zitzaion une batean, berdindutako partida batzuetan hutsa behar izan zuelako hiru puntuak batzeko, baina kanpoan da nabarmena egoera txar hori.

ALDE ZUENA, GALDU

Etxetik kanpoko jardunean bada ere beste kontu bat, oso nabarmena: partida batzuetan ez da gai eskuan zuena ondo gordetzeko. Beste modu batera esanda, irabazten hasi eta ez du irabazi azkenean. Ondo gogoan daukate zaleek Sevillaren zelaian asko ez dela gertatua, adibidez. 0-2 aurreratu, epaileak hirugarren gola baliogabe utzi partida bukatzeko gutxi falta zela, aurkaria jokalari bat gutxiagorekin ari zen, baina bina bukatu zen partida. Ez da ona irabazia zuena ia erabat galtzea, baina badu beste alderdi bat ere, eta ondo azaltzen du Eibar jokoz ez dela gaizki ari Ipuruatik kanpo: irabazteko gertu dabil ia beti.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.