Haginka egiteko egunak

Real Madrilen aurkako partidak sutsuak dira Donostian, lehen bezala orain ere. Hala dio Jesus Mari Satrustegi jokalari ohiak: «Erreparorik gabe ekin behar diote».

Aritz Elustondo Realeko jokalaria, Rodrygo Goes Real Madrileko jokalariari baloia kendu nahirik. JON URBE / FOKU.
Jon Ander De la Hoz.
2021eko abenduaren 4a
00:00
Entzun
Reala ligako lehen posturakolehian izan denetan, Real Madril izan du kontrariorik sutsuena. 1979-1980ko sasoian gertatu zen, 1987-1988koan gertatu zen, eta 2002-2003koan ere gertatu zen. Hiru denboraldi haietan, bigarren amaitu zuen Realak, eta espainiarrek irabazi zituzten txapelketa haiek guztiak.

Oraingoan ere lehendabiziko postuen jiran daude bi taldeak; Real Madril abantailarekin ailegatuko da gaur gaueko neurketara (21:00, La lIga), baina donostiarrek ez dute etxean galdu, eta hori probestu nahi dute, hiru puntuak eskuratu, eta lidergoa lortzeko lehia pizteko. Zurien aurkako partida egunak beti dira haginka egitekoak; haiekin lehian egonda, zer esanik ez.

Halako egoera dezente bizitakoa da Jesus Mari Satrustegi (Iruñea, 1954), Realaren historiako golegilerik onena: «Une bikainak eta oroitzapen onak pilatu genituen, baina baita une desatseginak ere. Gogoan dut liga irabazteko meritu gehien egin genuen urtekoa [1979-1980, bigarren amaitu zuten]. Madrilen 0-2 irabazten ari ginen, eta epaileak gure aurrean ostu zigun partida». Hurrengo bi urteetan, 1981ean eta 1982an, ligako txapeldun izan zen Reala.

Satrustegiren esanetan, garai hartako futbolaren munduan «handiena» zen Real Madril, «garaitu beharreko taldea». Urte haietan elastiko zuriarekin aritu ziren Uli Stielike, Paul Breitnerr edo Gunter Netzer gisako «mundu mailako erreferenteak».

Halako jokalari «loriatsuei» irabazteko grinak «urteko partida «garrantzitsuenen multzoan» sartzen zuen haien aurkako neurketa oro, eta Atotxan igarri egiten zen hori: «Gerora txapeldun izango zen taldea sortzen hasi aurretik, urte askoan Real Madrili irabazi ezinda egon ziren. Ikusten zen, ordea, denbora gutxira irabazi ahalko geniela, eta hala izan zen. Bai han, baita hemen ere. Haientzat ere zaila zen gure aurka jokatzea».

Orduan nola, orain ere une gozoa bizi du Realak. 34 urteren ondoren, gizonezkoek garaikur bat eskuratu dute, eta ligako hirugarren postuan daude egun, Real Madriletik zazpi puntura.

Satrustegik dio badela erreparatu beharreko aldagai bat. Epaileena da hori, hamarkadak igaro arren puri-purian segitzen duena. Bere kabuz hitz egin du horri buruz, kazetariak galdetu ere egin gabe. Luze gabe zerbait jazo den seinale da:«Nire ustez, gai garrantzitsua da. Gure garaianJose Luis Orbegozok borroka pila bat egin zuen arbitrajeengatik. Beti eskatu izan dugu ez diezagutela deusik eman, baina ezta kendu ere. Neutralak izatea eskatu dugu».

Aurrelari ohiak azken jardunaldietakoak ekarri ditu hizpidera. Satrustegik dio azken partidetan «harritua» geratu dela epaileen lanarekin: «Negatiboa izan da, ez dut nik esan beharrik. Espanyolen eta Valentziaren izena esanda, jendeak badaki zein jokaldiz ari naizen. Puntuak kendu eta jartzen dituzten jokaldiak dira. Edozein azalpen emango duten arren, futboleko jendeak badaki hori ez dela justua». Eta, beste behin, atzera begiratzea nahiko du halakoez oroitzeko: «Guri ere lapurtzen zizkiguten partidak», esan du nafarrak.

Hala ere, behin baino gehiagotan garaitu zuten Real Madril. Satrustegik berak sei gol egin zizkien espainiarrei. Ez du ahaztu haietako bat. Atotxan izan zen: «Bideoan ikusi dut gerora. Fruta merkatuko atera bidean, jokalari handiei izkin egin nien, banan-banan: Benito, Del Bosque, Pirri... Ateraino heldu nintzen, eta Miguel Angeli gola sartu nion. Polita izan zen».

Egungo aurrelarien joa, aldiz, mugatu egin da azken jardunaldietan. Realak ez du sasoi hasieran adina gol sartzen orain, eta derrigorrez lortu behar du, gaurko partida irabaziko badu, behintzat. Alde horretatik, Satrustegik asteazkeneko Real Madril-Athletic norgehiagokan jarri du arreta: «Athleticek sei-zortzi aukera izan zituen sartzeko. Puntuak lortzen ari da orain, baina Real Madril zaurgarria da egun. Asteazkenekoak erreferentzia izan behar du; Realak erreparorik gabe ekin behar dio partidari, Madrili ondo irabazteko potentziala baduela jakinda».

«Geurea egin behar dugu»

Realak garaipena xede duela hartuko du Real Madril. Satrustegiren sentipen bera du Imanol Alguacil entrenatzaileak ere, atzoko prentsa agerraldian adierazi zuenez: «Erabat konbentzituta gaude irabazi dezakegula». Orioko teknikariak argi du: «Real Madrili irabazteko, dena ondo egin beharko dutela bere jokalariek».

Eta «nortasuna» eskatu die: «Geurea egin behar dugu. Horrela soilik irabaz daiteke». Ion Guridi eta Igor Zubeldia deialdian sartu ditu Imanolek. Mikel Merinok eta David Silvak min hartuta daude oraindik ere, eta ez daude jokatzeko moduan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.