Zigor gehiagori, eraso gehiago

Japonia zeharkatu duen gerra misil bat jaurti du Ipar Koreak. AEBek «pazientzia amaitzen» ari zaile adierazi dute. Hego Koreak itsasora bi misil jaurtiz erantzun du

Jendea ibilian Tokion, atzean Ipar Koreak jaurtitako misilaren bidea agerian dela, atzo. KIMIMASA MAYAMA / EFE.
Iosu Alberdi.
2017ko irailaren 16a
00:00
Entzun
Ipar Koreak gerra misil bat jaurti zuen atzo, NBE Nazio Batuen Erakundeko Segurtasun Kontseiluak joan den astelehen ezarritako zigorren ondoren. Bigarren aldia da Ipar Koreak jaurtitako misil batek Japonia zeharkatzen duela, Hego Koreako iturri militarrek diotenez. Oraingoan 3.700 kilometro egin ditu —azkenak, abuztuaren 29koak, 2.700 kilometro egin zituen—, Hokkaidotik (Japonia) 2.200 kilometrora eroriz, Ozeano Barean. Beraz, misilak Guam AEBen menpe dagoen Ozeano Bareko irlara iristeko ahalmena izango luke, Ipar Koreatik 3.400 kilometrora. Azken hilabeteetan ezarritako zigor bakoitzari jaurtiketen bidez erantzun die Piongiangek.

Segurtasun Kontseiluak petrolio inportazioetan murrizketak eta ehungintzako produktuak esportatzeko debekuak ezarri zizkion Piongiangi, horren azken entsegu nuklearren ostean. Hasiera batean, zigor gogorragoak ezartzearen alde egin zuten, baina Errusia eta Txinak —biek beto eskubidea dute— aurka egin zuten, negoziazio erronda bat abiatuz.

Azken jaurtiketa horrek, maiatzetik Ipar Koreak egin duen hamargarrenak, hainbat erreakzio eragin ditu nazioartean. NBEn AEBk duen ordezkari Robert Woodek estatubatuarrei «pazientzia amaitzen» ari zaiela azaldu du: «Gure ideia zigorrak areagotzea da, eta bide diplomatikoak gastatuko ditugun arren, ez diogu Ipar Koreari bere mehatxuekin jarraitzen utziko». AEBek nazioarteko segurtasuna arriskuan jarri izana leporatzen diote Kim Jong-unek zuzentzen duen estatuari.

Txinari eta Errusiari erreakzionatzeko ere eskatu diete AEBek, Ipar Korearekin dituzten harremanak medio. Mosku Piongiangen azken jaurtiketaren aurka agertu da: «Errusia kezkatuta dago beste jaurtiketa probokatzaile bategatik. Tentsioa areagotzea dakar». Halere, AEBen jarrerarekin ez dator bat. Hala azaldu du Errusiako Atzerri Ministerioko bozeramaile Maria Zajarovak: «AEBek euren erretorika erasokorra baztertu behar dute».

Txina da, Errusiarekin batera, negoziazioen alde ari den Segurtasun Kontseiluko beste estatua. Atzerri Ministerioko bozeramaile Hua Chunyingek adierazi du bi aldeen helburua «probokazio ekintza ororen» amaierak behar duela, irtenbide baketsu baten alde: «Zigorrak ez dira arazoa konpontzeko bidea». Huaren ustez Txina ez dago gatazkaren «fokuan», baina bai AEB eta Hego Korea: «Eskuak garbitzeko egin dezaketen edozein saiakera arduragabekeria bat da».

Izan ere, Hego Korea izan da iparraldeko bizilagunaren jaurtiketei erantzuten aurrena. Seulek bi misil balistiko jaurti ditu itsasora. Jaurtiketak Ipar Korearen aurkako eraso baterako simulakroa izan dira. Estatuko presidente Moon Jae-inek bere segurtasun kontseilua bildu du, eta egungo egoeran Ipar Korearekin hitz egitea «ezinezkoa» dela azaldu.

Japoniak, bere aliatu estatubatuar eta hegokorearrek bezala, erasoa «probokazio arriskutsutzat» jo du. Abuztuaren 29an jaurtitakoaren ondoren, Japonia zeharkatzen duen bigarren misila da atzokoa. Estatuko funtzionarioek eraso baten aurrean prestatuta egoteko agindua jaso dute. NBEko Segurtasun Kontseilua biltzeko eskaera ere egin zuten, AEBekin batera. Eta atzo zen biltzekoa New Yorken.

Ipar Koreak, berriz, arma nuklearrak beharrezko dituela azaldu du, «bizirik irauteko». Hango Rodong Sinmun egunkariak ere AEB eta Hego Korearen «etengabeko» jarduerak probokaziotzat hartu ditu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.