Lolita Chavez. Kitxe herriaren kontseiluko burua

«Patriarkatuaren agerpenak beste hainbat gaitzi ireki zien bidea»

Guatemalako gerra zibilaren bukaerak ez zion bakea ekarri kitxe herriari. Chavezek salatu du bake akordioekin batera abiatu zela transnazionalen arpilaketa. Interes neoliberalei aurre egiteko, herrien batasuna aldarrikatu du.

MONIKA DEL VALLE / ARGAZKI PRESS.
Asier Arrate Iruskieta.
Bilbo
2018ko urtarrilaren 7a
00:00
Entzun
Lolita Chavezek (Santa Cruz del Quiche, Guatemala, 1972) ondo daki zein den ordaindu beharreko prezioa enpresa handien interesen aurka egitearren. Hainbat mehatxu eta erasoren ostean, ekainaren 7an, meategi baten aurkako ekinaldi batetik zetorrela, gizon talde armatu bat bera hiltzen saiatu zen. Mendira ihes egin zuen, eta hainbat laguneneta ekintzaileren laguntzaz ihes egitea lortu zuen. Bere bizia arriskuan ez jartzeko, ezkutuan izan da orain arte, baina orain helburu du Europan ezagutaraztea bere herriko egoerari aurre egitearren kitxe herria egiten ari den borroka. Lan horregatik, Ignacio Ellakuria saria eman diote aurten.

Nork behartu zaitu Guatemalatik ihes egitera?

Nire herriko aberastasunean interesa duten agenteek. Kitxe herriaren lurrek, nahiz eta etengabe arpilatu dituzten, biodibertsitate handia dute, eta horregatik dira transnazionalen intereseko. Gu ez bagina gure lurrengatik borrokatuko, Guatemalako gobernuak dagoeneko salduak lituzke. Ez egungo gobernuak soilik, baita bake akordioen osteko gobernuek ere. Gerra bukatu zenetik, gobernuak kanpoko enpresen aldeko hainbat itun sinatu ditu. Gehienak, meategiak, petrolioa eta basoak ustiatzeko lizentziak.

Gerra zibila bukatzearekin bat zuen egoerak okerrera egin du?

Gerra zibilean asko sufritu zuen gure herriak. Santa Cruz departamentuan hil, zauritu, torturatu eta desagerrarazi zituzten pertsona gehien. 1996an, bake akordioak sinatu zirenean, pentsatu genuen egoerak hoberantz egingo zuela, baina, zoritxarrez errealitatea bestelakoa izan da. Gobernuak ateak ireki dizkie transnazionalei eta horrek ekarri du kitxe herriaren aurkako biolentzia, behartutako lekualdatzeak eta errepresioa.

Nola jokatzen dute transnazionalek lurralde batera sartzen direnean?

Ustiatu behar duten eremua ikertzeaz gain, heldu bezain pronto bertan bizi den jendearen inguruko informazio soziala, kulturala eta politikoa biltzen dute: nor bizi den, zein lurren jabe diren, zein harreman duten bizilagunekin, familien arteko lehiak, zorrak, ikuspegi politikoak, norbanakoen bizioak eta zaletasunak... Dena tentuz prestatzen dute, oposizioa agertzen denean hura zatitu eta kontrolatzeko. Hori lortzeko, edozein bitarteko baliatzen dute, beharrezkoa bada hilketak eta bortxaketak ere bai.

Kolonialismo eredu berri baten aurrean gaude?

Latinoamerikako lurrak eta ondasunak atxikitzeko estrategia oso landu bat dago. Aukera izan dut beste ekintzaile batzuekin hitz egiteko, eta ikusi dut eredu bera errepikatzen dela beste herrialdeetan. Egiturak, boterean dauden pertsonak, enpresa transnazionalak... berdinak dira leku guztietan. Egun dugun bortizkeria ez da oraintxe pentsatutako zerbait. Munduko potentziek eraikitako lapurreta sistema bat da. Kolonizazioa eguneratu da, orain enpresen bidez inbaditzen da.

Transnazionalek gobernuen gainetik agintzen dute?

Transnazionalek osatzen duten makrogobernu baten aurka ari gara borrokan. Alde horretatik, geure buruari galdetu behar diogu ea merezi ote duen tokiko edo herrialdeko gobernuarekin lan egitea. Ez dute erabakitzeko edo ekiteko ahalmenik. Hori argi geratu da hilketak eta bortxaketak gertatu direnean. Martxan jarritako prozesu judizial guztiak ezerezean geratu dira transnazionalen presioaren ondorioz. Are gehiago, gobernuek, itun komertzialak eta nazioarteko merkataritza akordioak aitzakiatzat baliatzen dituzte enpresa horien aurka ez jotzeko.

Herrialde garatuetako hainbat gobernuk babesa helarazi dizuete, adierazpen bateratuak egiten dituzte... Hala ere, beraiek lortzen dute etekinik handiena transnazionalen operazioetatik.

Moral eta diskurtso bikoitza argia da. Are gehiago, nazioarteko hainbat erakunde mugatuta daude. Europar Batasuna eta Europako Parlamentua, esaterako, lobby-en kontrolpean daude. Izugarria da enpresa transnazionalek europarlamentariei eta funtzionarioei egiten dieten presioa. Enpresa handien finantzaketa beraien interesak defendatzeko duten tresna nagusia da; horregatik, herriek erakunde ofizialetatik kanpo dauden mekanismoak lortu behar ditugu gure lurra defendatzeko.

Zeintzuk lirateke mekanismo horiek?

Hainbat izan daitezke neoliberalismoaren aurkako alternatibak.Norberaren herriaren izaeran eta ingurumenarekin harremanean oinarritutako proposamenak behar dute izan. Burujabeak eta komunitatean oinarritutakoak. Bizitza eredu berri horietarako bidea emeki egin behar da, gaixotasunen aurkako borroken antzera. Garrantzitsuena da ulertzea komunitate gisa elkarlanean aritzeko gai bagara edozeri egin diezaiokegula aurre.

Leporatuko zizuten, esaterako,tankera horretako ereduak utopiak baino ez direla.

Nire herrian funtzionatu dute. Komunitate gisa, gai izan gara meategiak, energia konpainiak eta transgenikoen enpresak gelditzeko. 2012an, borondate oneko galdeketa deiturikoa egin genuen Santa Cruz del Quichen. Kontzientziazio kanpaina baten ostean, herritarrei galdetu genien meategiak nahi zituzten, eta ezetz bozkatu zuten. Sekulako presioak jasan genituen gobernutik eta armada bidali zuten kanpaina gelditzeko. Ez zuten lortu, eta egun, Santa Cruz da meategirik ireki ez den eskualde bakarra. Esperientzia horien berri ez da ematen, horregatik nahi dugu munduko herri guztiek jakitea alternatibak eraikitzea posible dela. Are gehiago, gure esperientziak baliagarria izan litezke Europan. Gauzak aldatu nahi baditugu, herrien arteko loturak ehundu behar ditugu. Hori bai, herrien arteko elkartasuna berdinen artekoa izan behar da. Elkartasuna elkarrekikotasunean oinarritu behar da, ez errukian.

Nola lor daiteke elkarrekikotasuna?

Erraz. Gure herriaren aurka ari diren enpresak bertokoak dira. Europako herritarrek enpresa horiei presioa egiten badiote, Latinoamerikan dituzten operazioakgelditzea lortu lezakete,eta horrek erabat aldatuko luke gure egoera.

Herriaren eta naturaren arteko harremana aipatu duzu. Ingurumenaren zaintza da kitxe herriaren borrokaren ardatza?

Naturaren eta pertsonen arteko erlazioa da gure bizitza ereduaren ardatza. Diruaren eta boterearen gainetik, naturarekin dugun loturak inspiratzen du gure herriaren borroka. Zaindu egin behar da ingurumena, han eta hemen. Herrialde garatu gisa definitzen diren horietan harremana erabat galduta dago, eta horrek arrangura handia sortzen dit.

Naturarekiko harreman falta horrek herrimina areagotzen dizu?

Erbestea oso gogorra da. Lehen bizikoz sentitu dut alde egin behar izan duten herrikideek sufritzen dutena. Naturarekin, familiarekin eta komunitatearekin dudan harremana hain da estua, etxetik urrun egoteak fisikoki, psikologikoki eta espiritualki izugarri eragin dit. Ezintasunak eta zigorgabetasunak sumintzen naute gehien, ordea. Nire herria behartuta utzi behar izan dut, eta hori egitera behartu ninduten gaizkileek, aldiz, hantxe segitzen dute.

Berta Caceresen kasuak sona handia izan zuen, baina ez dirudi egoera aldatu denik. Zigorgabetasuna handia da?

Zigorgabetasuna dago gure aurkako erasoak justifikatuta daudelako herrialdearen gehiengoaren begietan. Ez gaude gainontzekoen maila berean. Gizartea klaseetan sailkatuta dago, eta emakume eta indigena izanik zerrendaren behealdean gaude. Hiltzen edo bortxatzen gaituztenean, inori ez zaio axola. Egoera horretaz baliatzen dira transnazionalak gure lurretan nahi dutena egiteko.

Multinazionalen aurkako borrokako lider gehienak emakume indigenak zarete?

Emakumeok bizitza ereduen oso analisi kritikoa dugu. Aurreko belaunaldietatik iritsi zaigun jakintza guztia dugu gure baitan. Komunitateetan dugun lidergoari esker, jakituria hori herri osora igor dezakegu.

Herri indigenen defentsa borroka feministari loturik doan borroka da.

Guztia bat da. Askatasuna ez da soilik herria transnazionaletatik libratzea, baita zapalkuntza eta biolentzia egituretatik libratzea ere. Emakumeen askatasunik ez badago, ez dago askatasunik. Emakumeen aurkako erasoek, bortxaketek eta zapalkuntzak herriari indarra eta kemena lapurtzen diote. Patriarkatuaren agerpenak, beste hainbat gaitzi ireki zien bidea. Eredu neoliberala, eredu matxista eta arrazista da, eta bere helburu bakarra ahalik eta ondasun gehiena pilatzea da. Egitura horren aurka ari gara borrokan.

Borroka etxean hasten da?

Komunitate baten barruan, emakume batek biolentzia pairatzen badu gizon baten eskutik, gizon hori transnazionalen biolentziaren konplizea bihurtzen da. Dominazio egitura beraren parte bilakatzen delako. Herriak transnazionalen aurka borrokatzea erabakiz gero, gizonek emakumeen aurkako biolentziarik ez erabiltzeko konpromisoa hartu behar dute.

Mugimenduaren aurkako kriminalizazio kanpainak ere abiatu dituzte?

Transnazionalek eta gobernuek zigorgabetasuna ziurtatzeko estrategiaren lehen pausoa komunitate indigenei eta horien liderrei gizatasuna kentzea da. Nire aurkako gorroto kanpaina publiko ugari egin dituzte. Garapenaren aurka nagoela diote, talde kriminal baten parte naizela, bahiketak antolatzen ditudala, biolentzia sustatzen dudala... Hedabideek horren guztiaren berri eman dute, eta, ondorioz, gizarteak gaizkile gisa ikusten nau. Horrek ere zigorgabetasuna dakar. Normaltzat ikusten dutelako gaizkile batek erasoak pairatzea. Ez zuten berdin iritziko, jakingo balute zer dagoen eraikitako kontakizun horien atzean.

Zure bizitza arriskuan dago. Guatemalara itzuliko zara?

Bai. Nire bizitza han dago. Hemen segurtasuna dut, baina, Guatemalan inspirazio iturria dut. Itxuraz gutxi lortu dugula badirudi ere, pixkanaka gauzak aldatzen ari gara eta borroka horretan jarraitzeko bueltatu nahi dut. Esperantza handia dut. Esperantza hori mehatxu guztien gainetik dago. Horregatik eskatu nahi diot jendeari ez ahaztea gutaz. Egoera latza da, baina, bizirik gaude, eta borrokan segituko dugu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.