Atzetik aurrera eratu du

Gaizka Garitanok oinarri sendoak jarri gura ditu defentsan, Athleticek konfiantza har dezan eta erasoan eraginkorra izan dadin. Joko zuzenaren alde egin du, eta horretan funtsezkoak dira Raul Garcia eta Aritz Aduriz.

Gaizka Garitano, Lezaman, Athleticekin egindako lehen entrenamenduan. LUIS JAUREGIALTZO / FOKU.
haritz gallastegi
Bilbo
2018ko abenduaren 19a
00:00
Entzun
Talde bat ez da zulotik irteten egun batetik bestera. Krisian dagoen talde bati asko kostatzen zaio bizpahiru emaitza on kateatzea. Jaitsieran dauden taldeek gabezia asko izaten baitute. Denbora behar izaten da behin eta berriz egiten diren okerrak konponduko dituzten neurriak eraginkorrak izatea lortu arte. Baina futbolean pazientzia gutxi dago. Horregatik, Gaizka Garitanok behin eta berriz gogoratzen du egoera iraultzea ez dela «hiruzpalau» astean lortuko. Baina ez dauka denbora asko taldeari txertatu gura diona lantzeko. Athleticek puntu premia du, eta luze gabe arrakasta lortzeko bide zuzena hartu du Garitanok.

ARRISKU GUTXIAGO

Jokalariek jarrera aldatu behar izan dute egun batetik bestera. Garitanok egin gura duen futbola eta Eduardo Berizzorena guztiz ezberdinak dira. Hasteko, Garitanok albo batera utzi ditu banakako zaintzak. Aurkariari zelai guztian jarraitzea apustu erakargarria da, eta, asmatuz gero, eraginkorra ere bai. Baina, txarto egiten denean, zulo handiak uzten ditu. Taldea desorekatu egiten da, eta salduta geratzen da. Konfiantza berreskuratze aldera, ahalik eta arrisku gutxien hartzeko hautua egin du bizkaitarrak. Ildo horretan, defentsan pauso bat atzera egiteko eskatu dio taldeari. Egungo Athleticek presio txikiagoa egiten du aurkariaren zelaian. Gurago du, lerro guztiak elkarrengandik gertu jarrita, atea ondo babestu. Oraingoz, arrakasta izan du.Athleticek ez du golik jaso aro berriko hiru partidetan. Eta hirugarren berritasun nagusia taldeak baloia duenean ikusi da. Egungo Athleticek joko zuzena baliatu gura du aurkariaren areara gerturatzeko. Euskarriek garrantzia galdu dute.

RAUL GARCIA ETA ADURIZ DIRA ERREFERENTEAK

Athleticen jokatzeko eraren aldaketak zerikusi zuzena dauka Garitanok taldea indartzeko aukeratu dituen futbolariekin: Aritz Adurizen eta Raul Garciaren aldeko apustua egin du. Eskarmentua eta lehiakortasuna dira erasoko bi jokalari nagusien dohain azpimarragarrienak. Eta gol sena. Buruz oso ondo moldatzen dira. Beraz, zuzen jokatzeak mesede egiten die. Taldeari, berriz, bigarren aukerak baliatzeko aukera ematen dio. Bestalde, ez da ahaztu behar adinean aurrera doazen bi futbolari direla. Arlo fisikoan mugak dituzte, eta ezin zaie eskatu hamar urte gutxiago duten futbolarien pare presio egiteko. Hortaz, logikoa da taldeak defentsan pauso bat atzera egin izana.

ATEAN, HERRERIN

Jokatzeko eran ez eze, hamaikakoan ere aldaketa esanguratsuak egin ditu Garitanok. Atean, oraingoz, Iago Herrerin ari da. Entrenatzaile berriak eskarmentuaren aldeko apustua egin du. Atezain bilbotarrak zelaian erakusten duen patxada eta oinarekin daukan jokoa ere oso baloratuak dira Lezaman. Baina Unai Simon oso ondo aritu da aukera izan duenean. Garitanoren lehen partidan hark jokatu zuen. Teknikariak ondo ezagutzen du Unai Simon. Aurreko sasoian Athletic B-n zuzendu zuen. Inork baino hobeto daki zeintzuk diren haren dohainak eta gabeziak. Beraz, Herrerin zelairatzen badu, pauso bat aurrerago ikusten duelako izango da. Simonek Espainiako Kopan erakutsi beharko du bere jokoa.

CAPA ETA DANI GARCIA, EIBARREN BEZALA

Ander Capak aurrea hartu dio Oscar de Marcosi atzealdean. Arabarrak garrantzi handia du Athleticen. Urte asko daramatza taldean, eta beti erakutsi du konpromiso handia. Beste urte birako luzatu berri du kontratua. Aspaldian, baina, ez da bere jokoa erakusten ari. Freskotasun barik ageri da. Capa, berriz, freskotasun handiarekin ari da. Arlo teknikoan mugatua da, baina indar handia du. Nekaezina da, eta gaur egun taldeak eskertu egiten du haren energia. Aukera baliatzen ari da. Bestalde, erdiko atzelari postuan Yeray Alvarezek aurrea hartu dio Unai Nuñezi. Hala ere, biak txukun ari dira.

Euskarri postuan, berriz, Dani Garciak aginte makila berreskuratu du. Eibarretik fitxatutako jokalariak indartsu hasi zuen sasoia, baina azken lehietan Mikel San Jose zelairatu izan du Berizzok. Baina Dani Garciak inork baino hobeto ezagutzen du Garitanok gustuko dituen futbola eta pentsatzeko era. Oso ondo erantzun du norgehiagoka guztietan.

CORDOBAREN ITZALEAN DAGO MUNIAIN

Garitanoren erabakien artean zeresanik handiena Iker Muniainen inguruan hartu duenak eman du. Muniain ez da jokalaririk aproposena hegalak indartu eta joko zuzena egin gura duen talde batentzat. Ondorioz, leku barik geratu da hamaikakoan. Lehen partidan ez zuen jokatu; bigarrenean, hamar minutu baino ez, eta Mendizorrotzan aritu zen ordu erdian lekuz kanpo ibili zen. Izarretako bat itzalean geratu da. Oraingoz. Teknikariak tentu handiz kudeatu beharreko kontua da beraren eta taldearen kontrako auzi bihur ez dadin. Jokalariak, berriz, profesionaltasunez jokatu beharko du. Muniainen lekuan Iñigo Cordobaren aldeko apustua egin du Garitanok. Berizzorekin ia ez zuen jokatzen, baina orain ondo ari da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.