Errautsa izan, eta piztu

Bartzelonak aro berri bati ekin dio, Ronald Koemanek gidatuta. Egokitzen ari da oraindik, baina kimu berriak hasiak dira. Alavesi egingo dio bisita gaur.

Bartzelonako jokalariak, Ansu Fatik sartutako gol bat ospatzen. Aurrelaria taldeko egungo izarretako bat da. ALBERTO ESTEVEZ / EFE.
enaut agirrebengoa
2020ko urriaren 31
00:00
Entzun
Hutsetik hastea derrigorrezkoa da proiektu bat noraezean doanean. Hala egin du Alavesek: taldearen lema Pablo Machinen esku utzi, eta azken garaietan baino futbol erasokorrago baten alde apustu eginda. Bada, Arabakoek are sakonago itxuraldatzen ari den talde bat izango dute gaur aurrean: Ronald Koemanen Bartzelona. Urrun gelditu dira Kataluniakoen jardunak mundu zabaleko zaleak liluratu eta klubaren museoa garaikurrez mukuru betetzen zitueneko garaiak, eta herbeheretarra azkenaldiko joera suntsitzailea irauli nahian dabil. Denbora beharko du, errautsak besterik ez baititu topatu. Oraingoz, taldea gorabeheratsu aritu da, baina dagoeneko sumatu zaizkio susperraldiaren lehen zantzuak.

Bartzelona deskalabruen bilduma ari zen osatzen Europan, eta Bayernen aurkako 2-8koak eraberritu beste biderik ez zion utzi. Aro beltz baten amaiera izan zen, taldeko ikur eta izarraren irteera eragitear izan zena: pazientzia bukatu egin zitzaion Leo Messiri, eta soilik Josep Maria Bartomeuren egoskorkeriarengatik gelditu zen taldean. Presidenteak bere agintaldian ondo kudeatutako egoera bakanetako bat izan zen. Kluba krisi sakonean sartu zuten bereziki kirol esparruan hartutako erabaki okerrek, eta gero eta handiagoa zen harekiko aurkakotasuna. Setiatuta zegoen, batik bat haren aurkako zentsura mozioa onartua izan eta gero. Azkenean, dimisioa eman zuen, aste honen hasieran.

Ausardia handia behar da tamaina horretako mataza bat askatzeko erronka onartzeko. Eta nortasuna, inertziaren indarra gelditu, eta izarrez eta egoz betetako talde batean aldaketa sakonak egiteko. Bada, bi ezaugarriak erakutsi ditu Koemanek. Jokalari gisa arrasto sakona utzi zuen Bartzelonanbesteak beste, haren gol batek eman zien Kataluniakoei lehen Txapeldunen Liga, eta horrek asko erraztu dio bidea. Askatasuna izan du bide orria ezartzeko, eta jokalariak prestasun handiz erantzuten ari dira, iragan hurbilean ez bezala. Agintea aldagelan zegoen lehen; aulkian dago orain.

Entrenamendu luzeagoak eta gogorragoak egiten ari dira, eta horrek isla zuzena dauka zelaian. 4-2-3-1 sistema ardatz hartuta, joko bizia eta dinamikoa ari dira egiten baloiarekin, eta sakontasuna errazago ari dira topatzen. Jabetzak ez dauka hainbesteko garrantzirik; aldiz, tokia dute trantsizio azkarrek eta kontraerasoek, betiere ekimenari muzin egin gabe. Eta defentsan, klubaren identitate zeinuetako bat berreskuratu dute: presio aurreratua, baloia goian hartu eta aurkariak ezustean harrapatzeko aukera ematen diena.

Gazteen aurrerapausoa

Koemanen lehen eginbeharra nahi ez zituen jokalariei irteerako atea irekitzea izan zen. Luis Suarez zen horietako bat, eta uruguaitarra Atletico Madrilera joan ondotik, aurrelari petorik gabe dabil Bartzelona. Lautaro Martinez eta Memphis Depayren izenak aipatu ziren, baina diru kutxako zuloak ez zion ezertarako tarterik eman Koemani: punta erdiak behin eta berriro ari da tokiz aldatzen, aurkariak aztoratzeko. Sistema mugikor horretan, Ansu Fati ari da izaten jokalaririk erabakigarriena. Golegile nagusia da, bost alerekin. Pedriren zertzeladak ere ez dira edonolakoak izaten ari. Indarrean dabiltza gazteak, eta horrek ilusioa piztu du.

Izar nagusiak, ordea, ez dabiltza fin. Messi burumakur dabil oraindik, eta sartu dituen hiru golak penaltiz eginak izan dira. Eta Antoine Griezmannek bere tokia aurkitu ezinik jarraitzen du. Taldeak haien beharra du orain arte izan ez duen erregulartasuna lortzeko. Ligan zazpi puntu eskas batu ditu bost lehiatan, eta galdu egin ditu azken biak; azkena etxean, Real Madrilen aurka. Hori bai, Txapeldunen Ligan garaipen handia lortu dute: 0-2 irabazi zioten asteazkenean Juventusi. Emaitza horrek emaniko konfiantzarekin jokatuko dute gaur Mendizorrotzan.

Neurria hartua diote Arabakoen zelaiari: 2001ean galdu zuen bertan azkenekoz, eta azken lau lehietan hamabost gol sartu dituzte, eta bakar bat ere ez dute jaso.

ALAVES-BARTZELONA
Alaves. Pacheco; Edgar, Ximo, Laguardia, Lejeune, Duarte; Battaglia, Pina, Jota; Joselu eta Lucas.
Bartzelona. Neto; Dest, Pique, Lenglet, Alba; Busquets, De Jong; Pedri, Griezmann, Ansu Fati; eta Messi.
Epailea. Hernandez Hernandez.
Lekua. Mendizorrotza.
Ordua. 21:00 (La Liga).
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.