Txinparta piztea dagokie

Neguko merkatua itxita, Alexander Isak, Carlos Fernandez eta Jon Bautista dira Realeko hiru aurrelariak. Lehen biek elkarrekin joka dezaketela uste du Alberto Iturralde teknikariak, eta Bautistaren lana azpimarratu du: «Ondo erantzun du».

Carlos Fernandez, Isak eta Januzaj, azken neurketan suediarrak Vila-reali sartutako gola ospatzen. LA LIGA.
Jon Ander De la Hoz.
Donostia
2021eko otsailaren 3a
00:00
Entzun
Hiru aurrelari izango ditu Realak sasoia amaitu artean. Neguko merkatua itxita, Alexander Isak, Jon Bautista eta iritsi berria den Carlos Fernandez zain egongo dira neurketak heldueta taldeari beren onena emanez aurkarien ateak zulatzeko. Txinparta pizteko arduradunak dira.

Willian Josek taldea utziz geroztik, hirurak dira txuri-urdinen erasoko erreferentzia nagusiak, atzerago jokatu ohi duten beste futbolari batzuekin batera: «Realari dagokionez, merkatuan, aurrealdean izan da aldaketa nagusia», esan du Alberto Iturralde futbol entrenatzaileak.

Willian Joseren irteera eta Fernandezen etorrera izan dira berritasun bakarrak. «Jokalari gaztea da Fernandez», dio Iturraldek. Oraindik ibilbidearen hasieran dagoela azpimarratu du: «Realarentzat, interesgarria da hori. Jokalari ezberdina da; aurrelari nagusi gisa nahiz beste aurrelari baten itzalean joka dezake. Kalitate handia du, eta taldeak etekina atera dakioke horri». Joan zen sasoian, Sevillak Granadari utzi zion Fernandez, eta hamahiru gol sartu zituen.

Willian Josek utzitako hutsunea bete beharko du Fernandezek. Iturralderen esanetan, brasildarraren agurra «ona» izan daiteke txuri-urdinentzat, azkenaldian izan zituen ibilerak kontuan: «Nabarmena zen [2020ko urtarrilean] ateratzeko urratsa egin zuenetik ez zegoela gustura, eta irtenbide bat eman behar zitzaiola egoera horri».

Behin kapitulu hori itxita, Isak eta Fernandez dira gehien aritzera deituak. Tankera bereko jokalariak ote diren galdetuta, «ezberdintasunak» dituztela dio Iturraldek. Astigarragakoaren ustez, gauza batzuetan antzerakoak dira, nahiz beren jokoan diferentziak ere hauteman.

«Isakek hobeto jokatzen du espazioetara, eta area barruan ere errazago sortzen ditu gol aukerak. Fernandezek maila ona du, eta gol zoragarriak sar ditzake, baina Isakek erraztasun handiagoa du erremateak egiterako garaian».

Hain justu, ate aurrean makalaldi bat gainditu berri du Isakek, azken sei partidetan lau gol sartu baititu. Gisa horretako gorabeherak «normalak» dira, Iturralderen esanetan: «Ez da beti golak sartzen ariko, bada». Halere, teknikari gipuzkoarrak azpimarratu du ezen, nahi beste asmatu ez badu ere, aukerak izan dituela: «Irauli du egoera, eta berriz ere erraz sartzen ditu golak. Bere gaitasuna erakusten ari da».

Jada Isak eta Fernandez aritu dira elkarrekin zelaian, eta bien arteko konexioak eman ditu lehendabiziko fruituak. Atzera sobera egin gabe, biek parte hartu zuten joan zen larunbatean Vila-reali sartutako golean: «Isaken atzetik jokatzea da Fernandezen aukera bat. Lehengo egunean ikusi zen hori».

Bautista, beste aukera bat

Golak sartzeko preseski fitxatutako bi jokalari dira Isak eta Fernandez, baina taldean bada lan horiek egiteko gai den beste jokalari bat ere: Jon Bautista. Harrobiko jokalariak sasoi honetan ez du nahi beste jokatu, baina haren lanari balioa eman dio Iturraldek: «Oso noizbehinkako aukerak izan ditu, eta apur bat atzerago dago teknikarientzat. Hori bai, aritu denetan erakutsi du nolako gaitasuna duen. Halakoetan, ondo erantzun du».

Realak hiru aurrelari horiekin egingo dio aurre sasoiaren bigarren zatiari, eta haiei baloiak jartzeko jokalari garrantzitsua izango da David Silva. Jokalaria abendutik dago jokatu gabe, baina atzo taldearekin entrenatu zuen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.