Hamaikakoan leku bila

Unai Nuñez hirugarren aukera da Marcelino Garciarentzat, erdiko atzelari gisa jokatzeko. Kontratua berritu ostean, taldean pisu handiagoa izan nahi du.

Unai Nuñez Athleticeko jokalaria baloia aldentzen, aurrean Cadizeko Anthony Lozano duela. ROMAN RIOS / EFE.
haritz gallastegi
2021eko martxoaren 10a
00:00
Entzun
Unai Nuñezek (Portugalete, Bizkaia, 1997) indartsu ekin zion bere kirol ibilbideari. Gorengo mailan jokatutako lehen denboraldian txapelketako ia partida guztietan aritu zen. Ez zen konformatu debutatu eta mailari neurria hartzearekin. Hasiberria izan arren, taldean pisu handia izan zuen. Athleticek urte askotarako erdiko atzelari dohatsua aurkitu zuela zirudien. Baina, sarri esan ohi den gisara, debuta egitea baino gaitzagoa da gorengo mailan egonkortzea. Nuñezen kasuan argi ikusi da.

Erdiko atzelariak ez du lortu zuri-gorrien hasierako hamaikakoan segida izatea. Azken sasoietan Iñigo Martinezen eta Yeray Alvarezen itzalean egon da. Hirugarren aukera izan da: hau da, lehen ordezkoa. Baina Iñigo Martinez zigortuta dagoenez, jokatzen ari da azken partidetan. Beraz, aukera ona dauka gehiago joka dezakeela erakusteko. «Dohain oso onak ditu: azkarra, indartsua eta goiko joko ona duen futbolaria da», dio Iñigo Lizeranzu jokalari zuri-gorri ohiak.

Arlo fisikoan gaitasun handia duen futbolaria da. Puntako defentsa izateko ezaugarri oso onak ditu, baina ez du entrenatzaileen erabateko konfiantzarik izan. Beraz, badauka gabeziaren bat. Lizeranzuk aspaldi igarri zion zer falta zaion: «Erabaki zuzenak hartzen ikasi behar du: hau da, baloiaren bila noiz joan eta noiz ez erabakitzen ikasi behar du. Lehiara berandu iristen den erdiko atzelariak arazo bat dauka». Lizeranzuk badaki zertaz ari den. Andoni Goikoetxearekin batera osatu zuen 1980. hamarkadako Athletic txapeldunaren erdiko atzelari bikoa. Baina ikasi al daiteke erabaki zuzenak hartzen? Lizeranzuren aburuz, ia dena ikas daiteke, baina ez dute denek lortzen. «Futbolean erabaki asko hartu behar diradenbora gutxian». Esan du ez dagoela aurreratzerik Nuñezek bere dohainak azaleratzeko behar duen hobekuntza izango duen. «Oraingoz erantzunik ez daukan galdera da. Ikasi behar duela argi dago, baina ez dakigu lortuko duen ala ez. Futbola ulertzen eta erabaki zuzenak hartzen ikasten baldin badu, goi mailako atzelaria izango da. Ondo neurtzen dakien jokalariak asko balio du».

Gutxi jokatzeak ere ez dio mesederik egingo. Zelairatzen den bakoitzean asko dauka erakusteko, eta horrek eragina izan dezake Nuñezen jokoan. «Jokalariak bere buruari asko eskatzen badio, mesede egin beharrean kalte egin deizaioke. Hau da, presiopean lehiatzearen ondorioz, huts gehiago egin ditzake. Futbolari batzuk hazi egiten dira, eta beste batzuk, kikildu. Autokritika egitea ezinbestekoa da gabeziak landu eta maila hobetzeko, baina ardura horrek gainezka egitea ez da komeni». Halaber, jokalari bat konfiantza barik dagoenean, taldekideen babesa ezinbestekoa dela iritzi dio; denek denen beharra dutela, alegia. «Zelaian dauden 11 jokalariek talde gisa funtzionatzen dute. Ondorioz, futbolari baten akatsek eragina izan dezakete taldekideengan. Taldekideen lana da urduri dagoen jokalaria babestea».

Lizeranzuk uste du Nuñezek baduela zer ikasi bere taldekide eta lehiakide direnengandik. Iñigo Martinezen mailarekin harrituta dago, eta Yeray ere egonkortuta ikusten du, baina zer ikasi gehiagorekin. «Iñigo Martinezek ez dauka hobetzeko tarte handirik. Hazteko gai izango balitz, joko maila harrigarria lortuko luke. Yerayk, berriz, badauka zer hobetu. Baloi irteeran akatsak egiten ditu, baina Nuñezek baino erabaki hobeak hartzen ditu. Horregatik jokatzen du gehiago. Baloi asko berreskuratzen ditu; sarri asmatzen du».

Liderrari bisita

Bai Unai Nuñezek, baita gainerako jokalariek ere gaur aukera ona dute onenen kontra lehiatu daitezkeela erakusteko. Athleticek Atletico Madrilen kontra neurtuko ditu indarrak Wanda Metropolitanon. Urte hasierako elurtea tarteko atzeratutako neurketa da. Diego Pablo Simeoneren taldea txapelketako onena izan da orain arte. Lehen postuan dago, baina azken jardunaldietan puntu dezente galdu ditu. Oraintxe bertan Bartzelonak baino hiru puntu gehiago ditu soilik. Hortaz, etxekoentzat asko balio dute jokoan dauden puntuak.

Gaur hiru puntuak irabaziz gero, Europan jokatzeko aukera eman dezakeen zazpigarren postutik puntu batera jarriko litzateke Athletic. Hain zuzen ere, zuri-gorrien esku dago datorren urtean zazpigarren postuan sailkatzen denak Europan jokatzeko aukera izatea. Bartzelonaren aurkako Espainiako Kopako finala irabazten badu, Europa Ligarako sailkatuko da. Baina, Bartzelonak irabaziz gero, ligako zazpigarren sailkatuak lekua izango luke datorren urtean abiarazi behar duten Conference ligan.

Marcelinok arreta gaurko partidan jartzeko eskatu zuen atzo. «Oraindik ez dugu ezer irabazi, eta hilabete falta da horretarako aukera izateko. Garrantzitsuena gertuen dagoen neurketa da». Teknikariak argi du «partida osoa» egin beharko dutela irabazteko. «Talde fidagarria garela erakutsi nahi dugu». Aurkariaren maila nabarmendu zuen: «Atzean oso talde sendoa da, eta aurrean jokalari erabakigarriak ditu».

ATLETICO MADRIL-ATHLETIC
Atletico Madril. Oblak; Trippier, Savic, Felipe, Hermoso, Carrasco; Llorente, Koke, Lemar; Joao Felix eta Luis Suarez.
Athletic. Unai Simon; De Marcos, Nuñez, Yeray, Balentziaga; Vesga, Unai Lopez, Berenguer, Muniain; Raul Garcia eta Williams.
Epailea. Gil Manzano.
Lekua. Wanda Metropolitano.
Ordua. 19:00 (La Liga).
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.