Egarriak akabatzen dago

Alavesen krisiak zerikusi handia du golak sartzeko ezintasunarekin: bi besterik ez ditu sartu sasoiko lehen zortzi partidetan, bat penaltiz eta bestea kornerrez. Aukerak sortu eta baliatzeko arazoei irtenbidea aurkitu nahi die gaur, Cadizen.

Joselu Alaveseko jokalaria, etsita, Betisen aurkako partidan, Mendizorrotzan, ligako bederatzigarren jardunaldian. JAIZKI FONTANEDA / FOKU.
enaut agirrebengoa
2021eko urriaren 23a
00:00
Entzun
Golen txorrota itxita dagoenean, porrota ia ziurra da. Emaririk gabe, ez dago saririk. Alavesek bakarrik bi aldiz zulatu du aurkarien atea orain arte, eta idorteak, ezinbestean, ondorioak izan ditu: jaitsiera postuetan katigatu da Arabako taldea, zortzi lehiatatik zazpi galduta. Defentsan ez dabil behar bezain irmo, baina erasoko ezintasuna da gasteiztarren kezkarik eta zamarik handiena. Europako bost liga nagusietan gol gutxien sartu duen taldea da, Ingalaterrako Norwich Cityrekin batera. Gainera, Javi Callejaren taldea oraindik ez da gai izan joko irekian baloirik sareratzeko: penaltiz sartu zuen lehen gola, Real Madrilen aurka, eta Atletico Madril korner batean hartu zuen ezustean. Distira eta joa berreskuratu beharko ditu gaur, Cadizen zelaian premiazko garaipena lortzeko (16:15, La Liga).

Talde bat antzu dabilenean, aurrelariei begiratzen zaie lehenbizi; haiek dute golak sartzeko ardura, nagusiki. Normalean, sarturiko golen arabera epaitzen da aurrelarien jarduna. Bada, irizpide horrek oso toki txarrean uzten ditu Alaveseko golegileak: Joselu izan da ate aurrean asmatu duen bakarra, penaltiz. Galiziarra da aurreko lerroko erreferentzia nagusia, Lucas Perezek taldea zalapartaka utzi eta gero. Errematatzaile fina dela erakutsi du azken bi denboraldietan, bakoitzean 11 gol sartuta. Uda honetan Sevillara joateko asmoa zuen, baina fitxaketa ez zen gauzatu, eta, geroztik, bere onenetik urrun dabil. Motibazioa galdu du, eta jada ez da finkoa hasierako hamaikakoan; Callejak aulkian utzi zuen Atletico Madrilen eta Athleticen kontrako norgehiagoketan.

Orduan, Sylla eta Miguel De la Fuentek jokatu zuten titular gisa, eta haien ekarpena ere oso urria izan da. Biak elitean oso esperientzia gutxi dute, eta orain arte ez dute erakutsi azken metroetan erabakigarriak izateko gaitasunik. De la Fuente gol bat sartzeko zorian izan zen Betisen kontra, baina baloia langara joan zitzaion. Guidetti da taldeko laugarren aurrelaria; hark badu eskarmentua gorengo mailan, baina bazter utzita egon da azken denboraldietan. Callejak aukera gehiago eman dizkio, baina suediarrak ez du eman aurrerapausorik.

Agorraldiaren errua ezin zaie leporatu aurrelariei bakarrik. Eraginkortasunak lotura estua du aukerak sortzeko gaitasunarekin, eta alde horretatik ere, gabezia handiak dituzte gasteiztarrek. Calleja joko landuaren zalea da, baina Alaves, gaur-gaurkoz, ez da gai baloia mugituz aurrera egin eta aurkariaren lerroak gainditzeko. Kontraerasoetan ere ez da asmatzen ari, eta kamuts dabil hegaletan. Luis Rioja da jokoa sakontzeko gai den bakarra, abiadura eta ausardia uztartuz. Taldeko ikurra da oraintxe bertan. Baina bakarrik dago. Inork ez die jarraipenik ematen haren ahaleginei. Eskuin hegalean, nahi eta ezin dabil Facundo Pellistri. Nabari zaio pizgarri izan daitekeela, baina, orain arte, tantaka erakutsi du talentua. Edgar Mendez, berriz, ia bi hilabetez egon da min hartuta, eta Ivan Martin desagertu egin da bosgarren jardunaldiaz geroztik Alavesek 0-2 galdu zuen Osasunaren kontra.

Itzaltzera egin du, halaber, Manu Garciak, Alavesek azken merkatuan fitxaturiko beste erdilari erasokorretako batek. Lehen partidetan, jokalaririk sortzaileena izan zen, lerro artean trebezia erakutsita. Nolanahi ere, hamazazpi minutu besterik ez ditu jokatu Espanyolen aurka hasieratik aritu zenetik, seigarren jardunaldian. Teknikoki asko eman diezaioke taldeari, baina Callejak ez du garbi zelaian non kokatu. Hegalean eta barruan jokatu du, eta ez da inon finkatu.

Formula egokiaren bila

Teknikariak denetarik egin du taldea suspertzen saiatzeko. Piezak aldatu ditu, baita haiek ordenatzeko modua ere, baina alferrik izan da. Hiru erdilari eta aurrelari bat, erdi-punta bat aurrelariaren atzetik, bi aurrelari... Ez dago garbi zein den formularik egokiena. Bost atzelarirekin irmoagoa izan da atzean, baina horrek erasoan jokalari bat gutxiagorekin aritzea dakar. Betisen aurka, lauko lerroa berrezarri zuen Callejak defentsan, 4-4-2 marrazkiarekin jokatzeko. Borondatetsu jokatu zuten arabarrek, baina batere argitasunik gabe. Hori gutxi ez, eta langarekin tupust egin zuten bi aldiz. Haizearen kontra dabiltza, erabat.

Ate aurrean ez dute izan horren bolada txarrik Lehen Mailara itzuli zenetik. Cadizen kontra, golen iturritik edan nahi dute berriz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.