Azaroak 20: kriminal baten heriotza eguna

Xabier Elizalde Lacalle, Juan M. Sansinenea Makazaga eta Pilar Pingarrón Zumeta
2021eko azaroaren 20a
00:00
Entzun
La Paz ospitaleko zaintza intentsiboetan zegoen gizonaren egoera larria zen aspalditik eta zirkunstantzia hori ezaguna zen, erregimenak egoera horren benetako gordintasuna azaltzeko ipintzen zituen oztopoak kontuan hartuta ere. Une horietan hilzorian zegoen agure horren ohe inguruan izaten ari ziren maniobrak, mugimendu politikoak, azpijokoak ez dira imajinatzen zailak.

Francoren heriotzarekin 1936ko uztailaren 18an hasitako infernuzko ziklo bat modu batean edo bestean itxi zen. Infernuzko ziklo bat, eskubide demokratiko indibidual eta nazionalei dagokienez. Tarte guzti honetan Francok, burdinazko eskuaz, modu unipertsonalez, kontrolik, mugarik gabeko eraz agindu zuen, Altxamendu faxistaren ondoren abentura kriminal horretan lagunak izan zituen militar kolpistek emaniko botere absolutua erabiliz. Bere erregimenaren bereizgarri nagusia, hobekien definitzen zuena, bere iruditerian sartzen, kabitzen ez zirenenen —bere hitzetan, «los anti-España»— likidazioa zen. Ezagunak dira, zentzu honetan, diktadorea hil zenean bere testamentuan utzi zituen hitzak: «Bere etsai bakarrak Espainiarenak izan zirenak izan ziren». Erregimen horrek utzi zituen biktimen kopuruari kasu egiten badiogu, etsai horiek ugariak izan ziren. Bere Altxamenduaren ondoren Estatuan sortu zen gatazka armatuaren atzetik hildakoen kopurua 500.000 ingurukoa izan bazen, zifra horretatik 150.000 inguru Francoren aldekoek erailak izan ziren. Kopuru horri dramatismo gehiago emateko, horietako 100.000 baino gehiago toki ezezagunetan lurperatuak daude.

Euskal Herriari dagokionez, Altxamenduaren ondorioak ez ziren apalak izan, 25.000 inguruk galdu zuten bizia, milaka batzuk frankistek erailak. Bereziki odoltsua izan zen errepresioa Nafarroan, non 3.500 pertsonak galdu zuten bizitza frankisten erokeria kriminalaren aurrean.

Francoren erregimena definitzeko unean eztabaida ugari izan badira (eta gaur egun ere eztabaidak jarraitzen du), faxismoaren ideologia aztertu duen eta gai horretan espezialista den Wolfgang Wippermann historialari alemaniarrak, Faxismoa. XIX. mendetik gaurdainoko munduko historia bat liburuan, «fundamentalista-faxista» gisa (fundamentalistisch-faschistisch) sailkatzen du. Fundamentalista terminoa Eliza katolikoari zor diogu, hain zuzen, frankismoari eman zion estaldura ideologikoarengatik, nazional-katolizismoarengatik. Francoren erregimena definitzeko unean izan diren eztabaidak aipatzen bagenituen, horren analisi zehatza egiteko lagungarria da bere oinarriak zeintzuk izan ziren gogoratzea. Lehenik eta behin, monarkiaren erortzearekin haserre zeuden indar monarkikoak, Errepublika sortu bezain pronto konspiratzen hasi zirenak. Hurrengoak eta aurrean aipatutakoen lagun estuak, indar integristak, Nafarroako karlistak adibidez, eta hauekin Espainian eman zen faxismoaren bertsioa, Falange Española, hain justu. Indar anti-liberal guzti horiek behar zuten, nola ez, esku armatu bat II. Errepublika bukatzeko. Esku hori, Marokoko abentura kolonialean zailduak ziren—eta zentzu zabalean gerra horretan ezgaiak izatea demostratu zuten— militar afrikanistez osatutako talde bat izan zen. Bukatzeko, talde poliedriko horri ideologia errespetagarria emateko gai izango zen elementu bat falta zen. Eta lan hori egiteko prest agertu zena, Eliza Katolikoa izan zen, altxamendu hori «Gurutzada» gisa bataiatu zuenean. Eliza horrek, fundamentalista, integrista hezur-muineraino, bere pribilegioak eta bere Weltanschauung-a II. Errepublikaren iritsierarekin arriskuan ikusi zituen, eta kolpisten taldearekin lerratu zen Gurutzearen eta Ezpataren arteko disimulurik gabeko ezkontza batean.

Erregimen frankistak izan zituen oligarkia ekonomikoaren, elite monarkikoen eta Eliza katolikoaren ideologia integristaren aldeko jarrera garbiaren aparte, beste ikuspegi definitua, oso definitua esan dezakegu, izan zuen. Eta hori zen bere «Espainaren batasun sakratu eta zatitu ezina», bere «Espainia horrek zuen Patu Inperiala» desafiatzen zuten eta Estatuaren barruan zeuden beste nazioen (Euskal Herria eta Katalunia batez ere) aurka zuen gorroto obsesiboa. Gorroto horrek kutsu propio bat eman zion errepresio frankistari bi nazio horietan: bi nazio hauen kulturaren aurrean —hizkuntzaren aurrean bereziki— eta zentzu zabalean nazio bat nazio bezala definitzen zuten nortasunaren elementuen aurrean, frankismoak izan zuen jarrera hipererasokorra.

Baina muturrezko indarkeriek beti dute dagokien erantzuna. Eta aurreikuspen hori, gure herrian ere bete zen. Herri, nazio bezala gure desagerpena bilatzen zuen erregimen kriminal horren aurrean erakunde armatu bat antolatu zen. Erakunde horrek erabili zuen frankismoak ulertzen zuen hizkuntza bakarra, hau da, indarkeria. Egia da, bere jarduera armatua ez zen bukatu diktadorearen heriotzarekin, frankismoaren egiturak diktadorearekin amaitu ez ziren moduan; gauza ezaguna da, behin Pandoraren kutxa irekita zein zaila den berriro ixtea.

Une honetan, «kontakizunaren borrokan» kateatuak gaudenean, ez dezagun ahaztu herri honetan nortzuk hasi ziren indarkeria erabiltzen eta gainera modu masiboan, bere praxiarekin besteen erantzuna eraginez. Eta behin eta berriro autokritikak exijitzen dituztenak —batzuei bakarrik— ez dezatela ahaztu historian konpartimentu estankoak egitea ez dela posible eta herri honetan «por Dios y por España»-ren izenean krimen izugarriak egin zituztenek oraindik ez dutela inolako autokritikarik egin. Eta oraindik okerragoa dena: euskal herritarroi ukatzen zaizkigun eskubide politiko, sozial eta zibil guztiak errespetatuak izan daitezen bitartekoak ez dira onartu eta abian jarri; are gutxiago, justizia efektiborik ez da gauzatu genozidio haren erantzuleengan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.