«Saria da, ez oparia»

Errugbiko eta belar hockeyko sasoiak bertan behera geratu dira, eta, horren ondorioz, Getxoko bi talde Espainiako maila nagusira igo dira: gizonen Getxo Artea eta emakumeen Jolaseta. «Lan onaren ordaina» dela aldarrikatu dute.

Goian, Getxo Arteako jokalariak, eta behean, Jolasetakoak. GETXO ARTEA-JOLASTEA.
Julen Etxeberria.
2020ko maiatzaren 15a
00:00
Entzun
Ez dago gaitzik onik ez dakarrenik dio aspaldiko esaerak. Getxon (Bizkaia), behinik behin, bete egin da hori, herriko bi talde igo baitira Espainiako maila nagusira koronabirusak kirol lehian eragindako ondorioengatik: errugbian, gizonezkoen Getxo Artea; eta belar hockeyan, emakumezkoen Jolaseta. Biak ala biak Ohorezko Mailara itzuli dira, bi urte geroago.

Espainiako bigarren mailan aritu dira biak denboraldi honetan, ondo aritu ere: Getxo Artea onena izan da Ohorezko B Mailako hiru multzoetako sailkapena aintzat hartuta, eta, horri esker, igo egin da; Jolaseta, berriz, hirugarren izan da Lehen Mailan. Aurreneko bi sailkatuak bakarrik ziren igotzekoak Ohorezko Mailara, baina bigarrenak, Club de Campo B-k, maila nagusian taldea duenez, azkenean Getxorentzat izan da saria.

Zalapartatsua izan da errugbi sasoiaren amaiera. Zenbait klub haserre azaldu dira Espainiako Federazioak hartu dituen erabakiekin; tartean, Ohorezko Mailako Hernani eta Ohorezko B Mailako Bizkaia Gernika: lehenak maila galdu du, eta salatu du kirol ia guztietan ez dela jaitsierarik egon; bigarrena, berriz, bigarren izan da A multzoan, Getxoren atzetik, eta igoerak egon izana kritikatu du. «Federazioak erabakitzen zuena erabakitzen zuela, beti egongo zen norbait ez zena ados egongo. Erabaki oso zaila zuen. Erabakirik justuena jokatzea zen, baina ezin da. Hala ere, Federazioak ez du erabaki Getxo igotzea. Federazioak erabaki du Ohorezko Mailako azkena jaistea eta Ohorezko B Mailako lehena igotzea. Inork ez digu ezer oparitu. Guk irabazi dugu aukera hori izatea, onenak izanda», azpimarratu du Alberto Zubeldia Getxo Arteako presidenteak (Donostia, 1960).

Presidentearen iritzi berekoa da Ander Calvo jokalaria (Getxo, Bizkaia, 1996). «Nahiago izango genuen beste modu batean amaitu izana eta, guztiaren gainetik, azken fasea jokatu izana. Baina ez da posible izan, eta Federazioak erabaki du Ohorezko B Mailako talderik onena zena igotzea, eta gu izan gara onenak. Agian, ez da erabakirik justuena, baina egoera honetan ez dago erabaki justurik».

Aurten jaso du saria Getxok, baina Calvok azken bi urteetan egindako lana jo du arrakastaren gakotzat. «Taldearen oinarriari eutsi diogu, eta elkarrekin hazi gara». Garrantzi handia eman dio txakalaldiren bat izan dutenean «aurrera egin» izanari ere.

Zubeldia eta haren lantaldea hasiak dira lanean itzuleraren sasoiari begira, baina, egoeraren ondorioz, hamaika zalantza dituzte. «Lehenbizi, zenbat diru izango dugun jakin behar dugu, eta, egun, ez dakigu. Ari gara lanean lehenbailehen horren berri izateko. Hori egindakoan hasiko gara kirol esparrua lantzen». Baina, horretarako, nolako liga izango den jakin nahi dute. «Ari dira esaten agian urtarrilean has daitekeela liga, eta hori buruhaustea litzateke, jokalari berriak abuztuan ekarri ohi baititugu. Horregatik, Federazioari eskatu diogu ahal den azkarren zehazteko nola izango den sasoia». Calvok «tristuraz» bizi du ezjakintasun hori. «Gogor borrokatu eta saria jaso ostean, ez dakigu noiz eta nola jokatuko dugun. Pena da ezinegon sentipena izatea, eta ezer ez ospatu izana. Ea aurki aukera dugun».

Ondo bidean, etxekoen eta fitxaketen arteko nahasketari eutsiko diote. «Argi dugu ezin garela bakarrik etxekoekin aritu Ohorezko Mailan, eta argi dugu ez dugula nahi fitxaketekin soilik jokatu», esan du Zubeldiak. Argi dute helburua ere: «Lehenbizi, mailari eustea, eta gero gerokoak». «Baikor» dira: «Talde eginagoa dugu, eta, diru falta egongo denez, harrobiak garrantzi handia izango du, eta guk harrobi sendoa dugu».

Bi urteko lanaren emaitza

Jolasetan ere argi dute: «Ez da oparia, merezitako saria baizik. Oso denboraldi erregularra egin dugu», dio Jorge Suarezentrenatzaileak (Aviles, Espainia, 1991). Harago joan da Almudena Lekanda kapitaina (Bilbo, 1992). «Duela bi urtetik hona egiten ari garen lanaren saria jaso dugu [ordutik da entrenatzaile Suarez]. Aurreko denboraldia trantsiziozkoa izan zen, gazte dezente igo baitziren, eta haiek formatu beharra baitzegoen. Azken honetan, ordea, pilatutako eskarmentuari esker, lehiakorragoak izan gara. Merezitako saria da». «Baina» bakarra jarri diote: ezin izan dutela «behar bezala» ospatu. «Sasoi ederra izan da klubarentzat, datorren denboraldian bi talde nagusiak ariko baitira maila nagusian. Pena da ezin izan dugula lana zelaian errematatu, ezta lorpena behar bezala ospatu ere. Baina espero dugu berandu baino lehen hori egiteko aukera izatea», aitortu du Lekandak.

Gakoez galdetuta, biek nabarmendu dute «erregulartasuna». «Ez dugu izan gorabehera handirik, eta horren erakusle da hirugarren jardunalditik egon garela igoera postuetan. Beste batzuek, ordea, goitik behera egin dute. Bi jardunalditan ez beste, guztietan lortu dugu punturen bat. Horrez gain, zortea ere izan dugu aurreko denboraldiarekin konparatuta, ez baitugu izan lesio larririk», zehaztu du Suarezek. Lekandak ere «taldeko kide guztiek» izandako «motibazioa eta konpromisoa» nabarmendu ditu.

Oraindik ez dakite noiz eta nola jokatuko den datorren denboraldia —printzipioz, irailaren 20an hastea da asmoa—, baina Lekandak ezin dio irrikari eutsi. «Sekulako gogoa dut berriro maila nagusian aritzeko. Onenen aurka jokatzea da modurik onena eskarmentua pilatzeko eta jokalari gisa hazteko. Badakigu sasoi zaila izango dela, baina gogor borrokatuko gara helburua lortzeko: mailari eusteko». Horretarako, «taldearen oinarriari eustea» da asmoa, Suarezek azaldu duenez. «Etxeko jokalari beteranoen eta gazteen arteko nahasketa dugu, eta horri eutsi nahi diogu. Datorren sasoirako helburua gora egiten jarraitzea da, eta ahal dugun ondoen lehiatzea. Ondo etorriko zaigu maila nagusian aritzea, azkar ikasteko. Zailtasunak izango ditugu, garesti ordaintzen baitira hutsak. Baina baikor naiz. Konfiantza osoa dut talde honetan».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.