Zoriontasun pilotakadak

Oriamendi 2010 enpresak akordioa lortu du EITBrekin ekain amaieran partidak jokatzen hasteko. Erremontistek atzotik dute aukera frontoian banaka aritzeko. «Arraroa izan da, baina beharra nuen», aitortu du Endika Barrenetxeak.

Endika Barrenetxea pilota jotzear, atzo, Galarretako pilotalekuan. Erremontistek bi hilabete pasatxo zeramaten bertan aritu gabe. BERRIA.
Julen Etxeberria.
2020ko maiatzaren 20a
00:00
Entzun
Erremonteari zerbait ezin bazaio leporatu, hori koronabirusarekin segituan etsi izana da. COVID-19 gaitzak geldiarazi zuen azkeneko kirola izan zen, eta, ondo bidean, hura izango da martxan jarriko den aurrenetakoa.

Oriamendi 2010ek, Hernaniko (Gipuzkoa) Galarreta pilotalekua kudeatzen duen enpresak, kirol jarduera «ahal den azkarren» berreskuratzen saiatuko zela agindua zien erremontistei, martxoaren 31n kontratua eten zienean. Eta, okerrik ezean, hitza beteko du, akordioa lortu baitu EITBrekin ekain amaieran Galarretan binakako txapelketa bat jokatzen hasteko. Lehiaketa horrek amaiera emango lioke hiru hilabete pasatxoko etenaldiari.

Ekainaren 20an edo 27an hasiko litzateke txapelketa, eta uztailaren 18an edo 25ean amaituko. Sei bikote ariko lirateke, tartean erremontista onenak. Larunbatez jokatuko lirateke lehiak, bi jaialdiko, 15:30ean hasita, eta ETB1ek zuzenean emango lituzke. Hamar norgehiagoka lirateke guztira. Oraindik zehazteko dago ateak itxita edo ikusle kopurua mugatuta jokatuko diren. Ateak itxita izanez gero, bi partidako jaialdia izango da; ikusleak izanez gero, berriz, hirugarren lehia bat egongo da, txapelketatik kanpokoa. Lehen torneo horren ondoren etorriko lirateke banakakoa eta binakakoa, baita osteguneko jaialdiak ere. Horri esker, Oriamendik espero du urtea bukatu arte 32-35 jaialdi ziurtatzea. Horretarako, Oriamendik berriro kontratatu beharko lituzke erremontistak. Hasia da, eta gutxienez bost erremontistak sinatu dute kontratua. Hori guztia, halere, pandemiaren garapenaren mende egongo da.

Gutxi gorabehera zehaztua dago bide orria, eta erremontistak horri begira daude jada. Gainera, albiste bikaina jaso berri dute: pilotalekuan entrena daitezke, Galarretan eta Huarteko (Nafarroa) Euskalen, banaka. Bi hilabete zeramatzaten frontoia zapaldu gabe.

Protokolo oso zorrotza

Atzo izan zuten lehen aukera, eta ez zuten pasatzen utzi. Endika Barrenetxea (Hernani, Gipuzkoa, 1990) buruz buruko txapeldunak eman zituen lehen pilotakadak. «Ilusioz eta pixka bat urduri» iritsi zen Galarretara. Ordurako, bazekien osasun protokolo oso zorrotza bete beharko zuela. «Hasteko, posta elektronikoz eskatu nuen txanda, eta enpresak ordu zehatza jarri zidan. Gaur [atzo], berriz, kirol arropak jantzita eta maskara jarrita iritsi naiz, eta ailegatu bezain pronto Oriamendiko kudeatzaileari [Xabier Gonzalez] deitu diot telefonoz. Atarira azaldu, eta tenperatura hartu dit. 36,2 gradukoa nuenez, pasatzen utzi dit. Segituan, hidrogelarekin garbitu ditut eskuak. Hori egin, eta ezer ere ez ukituta, zuzenean joan naiz kantxara. Han, nire zesta eta lau pilotadun poltsa bat zeuden. Orduan kendu dut maskara; etxetik ekarritako sokarekin lotu dut zesta, eta ordubetez aritu naiz jo eta ke. Amaitzean, zesta, pilotak eta poltsa desinfektatu ditut; berriz garbitu ditut eskuak; maskara jarri dut, eta dutxatu eta aldatu gabe joan naiz. Arraroa izan da».

«Arraroa», bai, baina baita «beharrezkoa eta eskertzekoa» ere, «sentipenak berreskuratzeko». Horretarako eguna zen, ia ahaztua baitzuen zestarekin pilota jotzea zer den. «Inoiz ez nintzen horrenbeste denbora egon jokatu gabe». Kosta egin zitzaion hitzez azaltzea zer sentitu zuen zesta jarri, pilota jo, hura hegan ikusi eta frontisaren aurka talka egin ostean, pilotak atera zuen soinua entzun zuenean. «Zirrara bat sentitu dut gorputz osoan. Harrigarria da kirol batek zenbateko eragina izan dezakeen norberaren buruan. Nik pasioz bizi dut erremontea. Zoriontsua naiz zesta eskuan dudanean. Horregatik, sekulako irribarrea atera zait lehen kolpe horren hotsa entzun dudanean, eta bi ordutan ez zait aurpegitik kendu. Denbora asko neraman momentu honen zain».

Ordubeteko lan saio bat egin zuen, eta hasieratik nabaritu zuen denbora luzez frontoian aritu ez izana. «Lehen baino askoz handiagoa zirudien kantxak. Pilota jo eta bueltan buruaren gainetik joaten zitzaidan. Bazirudien gehiegizko materialarekin ari nintzela. Baina harmailatik berehala esan didate ezetz, ohiko materiala zela, eta nirea zela arazoa, denbora asko neramala jokatu gabe eta hori igarri egiten zela». Goitik behera egin zuen. «Indartsu hasi naiz, baina ordu erdia pasatutakoan pott egin dit eskuak. Azkenerako, bazirudien txiklezko eskua nuela». Hilabete pasatxo du sasoia hartzeko. Baikor dago. «Binaka jokatuko dugu; hori abantaila da, ahalegina txikiagoa baita. Uste dut sei-zazpi erremontista onenak bizpahiru astean jar gaitezkeela sasoiko. Baina izango dira denbora gehiago beharko dutenak».

«Ilusioz» dakusa itzuleraren eguna, «kezkaz» bizi izan baitute egoera. «Zalantzak izan ditut ea hau bueltatuko zen edo ez, eta bueltatutakoan nirekin kontatuko zuten edo ez. Gainera, latza da egoera enpresa askotan. Mordoak itxi egin behar izan du. Erremontistok itsasoaren erdian ginen, eta ez genuen lurra ikusten, baina, Oriamendik eta EITBk lortutako akordioari esker, flotagailu bat dugu, eta eutsi egin behar diogu. Kosta egingo da kostaldera iristea, baina flotagailu honekin errazagoa izango da lortzea».

Atzo bertan sinatu zuen kontratua Oriamendirekin, eta horrek ere «lasaitu handia» eman dio, eta lagundu lehen txapelketa horri begira «bete-betean» aritzeko. «Banuen horren beharra».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.