1972ko Iruñea harritu zuten doinuak akordura

Gaur hasiko dira 72-22 Topaketak Iruñean. Urriaren 18ra bitarte, eta orain dela 50 urtekoak gogoan, askotariko jarduerek eta emanaldiek artez jantziko dute hiria. Musika berebizikoa da gaur: Teresa Catalanen eta Tomas Marcoren solasaldi bat aurrena, eta Nafarroako Orkestra Sinfonikoaren kontzertua ondotik.

Nafarroako Orkestra Sinfonikoak Luis de Pabloren —argazkian, erdian— eta beste hainbat konpositoreren lanak interpretatuko ditu gaur. BERRIA.
Uxue Rey Gorraiz.
Iruñea
2022ko urriaren 6a
00:00
Entzun
Iruñean 1972an egin ziren topaketetako musikak zer doinu eta oihartzun zituen galdetuta, Teresa Catalan konpositoreak argi du erantzuna: «Ezezaguna, doinu magikoa». Gogora ekarri duenez, giroak topaketa horietan aditutako doinuek agerian utzi zuten ordura artean onartua ez zen zerbait: «Balio izan zuen ohartzeko garai hura jada bazela desberdina aurrekoekin alderatuta, eta iradokitzeko ondotik etorriko zena are desberdinagoa izanen zela».

Orain mende erdi Iruñea artez astindu zuten topaketak bizirik dira atzera ere. Gaur abiatuko dira Iruñeko 72-22 Arte Topaketak, eta hilaren 18ra arte iraunen dute. Musikak girotuko du hasiera: 1972ko topaketen bultzada eta oihartzuna solasaldia da lehenbizikoa egitarauan. Nafarroako Unibertsitateko Museoan eginen dute, 19:30ean, eta Catalan bera eta Tomas Marco musikagileak ariko dira hizlari —biak izan ziren 1972ko topaketetan—. Gero, Nafarroako Orkestra Sinfonikoak kontzertua emanen du: Luis de Pablo eta topaketen musika.

1972ko topaketetako musika aise konpara daiteke, Catalanen ustez, aurrera zuzenduriko begirada batekin. Bost hamarkada geroago ere, ordea, zentzu hori ez da iraungi. Musika garaikideak etorkizun kutsua dauka oraindik ere, haren esanetan.

Catalanek aitortu du obrek badituztela elementu batzuk oraindik ere «kosta egiten direnak». «Konplikatuak» direlako, «mundu gatazkatsu, korapilatu eta amorratu baten isla». Harridura eragiten duten piezak direlakoan dago, entzuleak ohitu ez diren seinale. «Musika garaikidea aditzea ez baita erosoa».

Ordura artekoaren desberdina zelako zen deseroso. Azaldu duenez, XX. mendearen lehen herenera arte bazegoen zabalduta soinuak lotzeko manera bat:tonalitatea. «Popak bere egin duena, portzierto», argitu du. Horrek, ezinbestean, belarriak hezi ditu, eta kultura baldintzatu. Kontrara, dioenez, merezi du «arriskatzea». Bai sortzean, bai aditzean.

Belarriak zorroztea, eta, entzutea baino gehiago, «aditu dezatela». Catalanek hori eskatuko lieke gaurko kontzertura joanen direnei. «Obrak orain dela 50 urte bezain egokiak dira gaur egun, baina ezinbestekoa da aditzea». Musikagilearen esanetan, hori eginik baizik ez da posible doinuok zentzua erdiestea, eta, gainera, zentzu hori ez da soilik sentimendu eta emozioei lotua. «Intelektualki ere indarra du».

Besteak beste, Catalanek sorturiko Glosa en tono de re (Manuel Castillo in memoriam) interpretatuko dute Nafarroako Orkestra Sinfonikoko musikariek. Musika Espainiarraren Cadizko Jaialdiaren enkarguz sortutako pieza bat da, Manuel Castilloren omenez.

Orkestra Jordi Frances zuzendariaren gidaritzapean arituko da. Lan hauek joko dituzte, Catalanenaz gain: Luis de Pabloren Rostro, Tomas Marcoren Paseo con Sarasate, Iannis Xenakisen Aurora, Gyorgy Ligetiren Melodien für Orchestre eta John Cageren 4'33''.

Francesek lehenbiziko aldia du Nafarroako Orkestra Sinfonikoarekin. Halere, seguru aritu da prestaketan, «eroso». Zuzendariak azaldu du musikariek «beso zabalik» hartu dituztela eginiko proposamenak, zailtasunak zailtasun. «Programa zaila da teknikoki, eta, batez ere, estetikoki. Kontrastez betea dago».

Bortizkeria batzuetan, muturreko sotiltasuna beste batzuetan. Adibidez, Xenakisen musikaren «biolentzia» kasik «ukigarria» da, zuzendariaren hitzetan, soilik hari instrumentuek jotzeko konposatutako piezan. «Ehundurak ere baditu, soinu bidezkoak». Indarkeria bistakoa da, beraz, entzulearentzat, entzunaldi azkar batek harrapatzeko modukoa. Ligetiren lanean ere berdin. Ikustekorik ez Catalanen obrarekin: hori «aiene melodiko bat» da.

Hamahiru egunez

Urriaren 18ra arte, programa oparoa eskainiko diete topaketek herritarrei. Gaur, musika ez ezik, zinema ere izanen dute hizpide eta aztergai. Sergel Loznitsa zuzendariak gidatuta, Babi yar. Context emanen dute 19:30ean Nafarroako Filmotekan.

Bihar, besteak beste, performance bat eginen dute 17:30ean Baluarten: Murmure. Xabier Erkiziaren soinu instalazioaren esku hartzea izanen da muina.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.