Alexander Payne zuzendari estatubatuarra izango da Sail Ofizialeko epaimahaiburua

Rossy de Palma, Nahuel Perez Biscayart, Francesca Cima, Agnes Johansen eta Bet Rourichek osatuko dute Urrezko Maskorra hautatuko duen epaimahaia
Jose Luis Rebordinos Zinemaldiko zuzendaria eta Ruth Perez de Anucita komunikazioko arduraduna, atzo, Donostiako Maria Cristina hotelean.
Jose Luis Rebordinos Zinemaldiko zuzendaria eta Ruth Perez de Anucita komunikazioko arduraduna, atzo, Donostiako Maria Cristina hotelean. A.CANELLADA / FOKU

Itziar Ugarte Irizar -

2018ko irailak 8
Atzerako kontu betean da Donostiako Zinemaldia. Aste biren buruan hasiko da jaialdia, eta laster hasiko da igartzen zinemaren bueltako jende saldoaren joan-etorria hirian. Zuzendariak, kritikariak, aktoreak, gidoilariak, kazetariak, zaleak. Irailaren 21etik 29ra, zinema aretoetan nahasiko dira denak, pelikulen aurkezpenetan, proiekzio osteko solasaldietan. Eta giro hori ate joka dela, 66. jaialdiaren «aurkezpen ofiziala» egin zuten zinemaldiaren antolatzaileek, atzo, Donostiako Maria Cristina hotelean, non Zinemaldiaren elkargune izaera nabarmendu zuen Jose Luis Rebordinos zuzendariak: «Zinema jaialdi oro bidegurutze bat da».

Programazio osoa inoiz baino lehenago argitu du aurten jaialdiak. Baita Donostia saria nortzuk jasoko duten ere: Hirokazu Kore-eda zuzendari japoniarraren izena jakinarazi zuten aurrena; Danny De Vito aktore, zuzendari eta ekoizle estatubatuarrarena gehitu zuten ondoren; eta Judi Dench aktore ingelesa izan da batzen azkena. «Eta ez da besterik izango», zehaztu zuen Rebordinosek.

Epaimahaiko kideak jakitea baino ez zen falta, eta hori argitu zuten atzo jaialdiko arduradunek. Alexander Payne zuzendari estatubatuarra izango da epaimahai ofizialeko burua —Election (1999; gidoi onenaren Oscar sarirako izendapena), Sideways (2004), The Descendants (2011), Nebraska (2013)—, eta alboan izango ditu Rossy de Palma eta Nahuel Perez Biscayart aktoreak, Francesca Cima —La grande bellezza, 2013— eta Agnes Johansen ekoizleak, eta Bet Rourich argazki zuzendaria —Adult Life Skills, Emotional Fusebox—. Urrezko Maskorraren irabazlea aukeratzea izango da seikoaren egitekoa, eta, denera, hamazortzi filmen artean hautatu beharko dute. Juan Vera argentinarraren El amor menos pensado-k hasiko du lehia, eta haren atzetik etorriko dira Bao bei er (Liu Jieken), In Fabric (Peter Strickland), Beautiful Boy (Felix van Groeningen), Yuli (Iciar Bollain), Quién te cantará (Carlos Vermut), Le cahier noir (Valeria Sarmiento) eta High Life (Claire Denis), besteak beste.

Horien eta beste sailetan erakutsiko diren filmen zerrenda aurkeztuta, aurtengoa jaialdia «orekatua», «askotarikoa» eta «oso dibertigarria» izango dela aurreratu zuen Rebordinosek.

«Talentu berrien» alde

Ikus-entzunezkoen arloa bere historiako une «gorabeheratsu eta zirraragarrienetako batean» dago, jaialdiko arduradunen arabera. «Iraultza digitala» zinema bizitzeko modua etengabe aldatzen ari dela diote, eta, Rebordinosek ohartarazi zuenez, hartara egokitzea azken urteetako «lehentasuna» bilakatu da jaialdiarentzat.

Alde horretatik, «etorkizunarekin duen konpromisoa berretsiz», Donostiako Zinemaldiak «talentu berriak» bultzatzen jarraitu nahi duela nabarmendu zuen jaialdiko arduradun nagusiak. Gogora ekarri zuen Zuzendari Berriak sailak beste urte batez egile askoren lehen edo bigarren lanak erakutsiko dituela, eta Ikusmira Berriak egitasmoan egin zuen azpimarra; ikus-entzunezko lan berriak garatzeko programa bosgarren urtez jarri dute martxan aurten, eta, hain justu, egitasmotik ateratako lehen film luzea erakutsiko du aurtengo Zinemaldiak, Zabaltegi-Tabakalera sailean: Xacio Bañok zuzendutako Trote filma.

Aurten martxan jarri den Elias Kerejeta Zinema Eskolaren eta Zinemaldiaren arteko elkarlana nabarmendu zuen, halaber, Ruth Perez de Anucita Zinemaldiko komunikazio arduradunak, Zinemagile berrien aldeko apustuarekin jarraituta: «Tabakalerarekin batera, zinema eskola martxan jartzen aritu gara, eta errealitate bat da gaur egun. Zuzendaritza akademikoaren parte gara, eta jaialdiari eskainitako ikasgai bat sortu dugu, ikasturte guztian irakatsiko dena». Zinemaldiaren aspaldiko nahia da irailaren hondarreko egunez gain, urte osora zabaltzea jaialdiaren presentzia, eta zinema eskola horretarako abagune bilakatu da, Perez de Anucitaren esanetan.

Alfonbra gorriko izenak

Donostiako alfonbra gorrian nortzuk izango diren, horixe izaten da sasoi honetarako ikusmina. Oraindik izenak lotzen dabiltzala aitortu dute antolatzaileek, eta askotan ez dutela azken egunetara arte jakiten. Edonola ere, atzo jada aurreratu zituzten aurreneko izenak: Juliette Binoche, Laetitia Casta, Timothee Chalamet, Ricardo Darin, Lily-Rose Depp, Ryan Gosling, Claire Foy, Mercedes Foran, Robert Pattinson eta John C. Reillyk baieztatu dute Donostiara etorriko direla. Kore-eda, De Vito eta Dench ere helduko dira Donostia saria jasotzera.

Euskal zinemagintzako jende ugari ere bilduko da Donostian jaialdiko egunetan. Euskal Herrian ekoitzitako hogei film hartuko ditu aurten Zinemaldiak, eta horietatik hamalau izango dira euskaraz, osorik edo hein batean. Telmo Esnalen Dantza Sail Ofizialean estreinatuko dute, lehiaketatik kanpo, eta Koldo Almandozek Zuzendari Berriak sailean aurkeztuko du Oreina lehen lan luzea. Maddi Barberrek 592 metroz goiti film laburra erakutsiko du Zabaltegi-Tabakaleran, eta Aitor Bereziartua eta Ander Iriarteren Bihar dok 13 hartuko du Culinary Zinema sailak. Zinemira-Kimuak sailak erakutsiko ditu film laburrak, eta gainontzeko euskal ekoizpenak, ohi denez, Zinemirak hartuko ditu. Denera, hamabost lan izango dira euskal zinemaren Irizar sarirako lehian. Karmelo Vivanco ekoizleak (epaimahaiburua), Amaia Revuelta Donostia Kultura Zinema Unitateko kideak eta Olga Cruz ile-apaintzaileak hautatuko dute zein pelikula saritu.

Sarrerak, irailaren 16an

Hurrengo igandean, irailaren 16an, jarriko dira salgai aurtengo sarrerak. 09:00etatik aurrera eskuratu ahal izango dira, Zinemaldiaren ohiko bideen bitartez: Kursaaleko leihatiletan eta Internet bidez, Kutxabanken eta Zinemaldiaren webgune ofizialetan. Irailaren 21etik aurrera, jaialdia hasten denean, Viktoria Eugenia antzokian, Tabakaleran eta Principe zinemetan ere erosi ahalko dira; baita Trueba eta Antiguo Berriko leihatiletan ere, irailaren 22tik aurrera. Donostia sarien galetarako eta Belodromoan izango diren emanaldietarako sarrerak salgai daude jada.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna
Itziar Ugarte Irizar

Informazio osagarria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna