Bi urte beherantz eginez

Ernesto Valverderen azken sasoian hasi zen Athletic partidak irabazteko zailtasunak izaten, eta, ordutik, nahi eta ezin ari da. Entrenatzaileen gaitasuna baino askoz sakonagoa den arazoa dauka talde zuri-gorriak.

Mikel San Jose, etsita, Getaferen aurkako partidan. Athleticek hiru hilabete pasatxo daramatza irabazi gabe. MARISOL RAMIREZ / FOKU.
haritz gallastegi
Bilbo
2018ko azaroaren 28a
00:00
Entzun
Athleticen piztu da argi gorria. Talde zuri-gorria jaitsierako postuetan dago. Jokalariek konfiantza galdu dute, eta ingurua urduri dago oso. Ez da gutxiagorako. Eduardo Berizzoren taldeari ahaztu egin zaio garaipenaren bidea. Gaur-gaurkoz, gainera, ez zaio ikusten egoera iraultzeko gaitasunik. Behin eta berriz akats berberak egiten ari da. Finean, jota dago taldea. Kezka da nagusi. Horrelakoetan, entrenatzailea kargutik kentzea izaten da lehen pausoa, teknikaria aldatzea izaten baita epe laburrean taldeak dituen gaitzei aurre egiteko aukerarik errazena, eta, batzuetan,eraginkorrena. Baina Athleticen arazoa entrenatzailearekin asmatzea baino askoz larriagoa da. Bolada txar bat baino askoz gehiago da. Duela urte bi hasitako beheranzko joera baten isla da.

JOA GALDU DU

Athleticek urrezko aroa bizi izan zuen Ernesto Valverderen agindutera. Gasteiztarrak lau sasoiz zuzendu zuen taldea. Lauretan Europarako sailkatu zen Athletic. Baina ez zuen bere egonaldia beste urtebetez luzatu gura izan. Txingurri argia da oso, eta inork baino lehenago ikusi zuen ezinezkoa izango zela esku artean zuen taldearekin onenen artean jarraitzea. Azken urtean asko kostatu zitzaion garaipenak eskuratzea. San Mames gotorleku bihurtuta mantendu zen goian. Inertziaz irabazi zituen lehia asko.

Baina harrobia oinarri duten taldeetan aroak izaten dira. Belaunaldi on bat esku artean izanez gero, talde lehiakorrak eraiki daitezke, baina arrakastaren ostean lehortea etortzen da. Ezinezkoa da bizpahiru urtetik behin gorengo mailan erabakigarriak diren futbolariak ateratzea. Egungo Athletici, neurri handi batean, hori ari zaio gertatzen. Beñat, Raul Garcia eta Aduriz gai izan ziren Javi Martinezek, Herrerak eta Llorentek utzitako lekua betetzeko. Horretarako, besteak beste, Williams eta Munian bezalako jokalari onen laguntza izan dute. Egun, Williamsek eta Muniainek dute ardura nagusia erasoko jokoan, baina ez batak ez besteak ez du inoiz ligan sasoi bakarrean hamar gol baino gehiago sartu. Inork ez du Adurizen eta Raul Garciaren lekukoa hartu, eta,oraindik ere taldeari laguntzeko gaitasuna izan arren, ezin zaie eskatu azken urteetako mailari eusteko. Athleticek gol sena galdu du, eta galera horrek eragin handia du parekotasun handia dagoen txapelketan. Lehia asko jokalarien kalitateak erabakitzen du. Sormenak eta kalitateak lotura estua baitute.

ATHLETICEN MERKATUA ETA ARERIOEN BALIABIDEAK

Jakinekoa da lehen taldeak dituen premiak ezin direla beti harrobiko jokalariekin bete. Etxetik kanpo arrantzatzea ezinbestekoa da lehiatzeko. Baina egun, oso gaitza da. Telebista eskubideei esker, talde gehienen ahalmen ekonomikoa bidekartu egin da, eta horrek zaildu egin du Athleticen bidea. Zuri-gorrien merkatuan futbolari on gutxi dago, eta osogaitza da taldearen maila onduko duten futbolariekin indartzea. Iñigo Martinezek zuzen bete du Laportek utzitako lekua, eta Yurik ere emango dio indarra ezker hegalari. Baina Dani Garciak, Capak eta Ganeak ez dute zegoena hobetu. Lagundu bai, baina ondu ez. Bestalde, partidak irabazteko gaitasuna duten futbolariak erakartzea ia ezinezkoa da klubarentzat. Izan ere, futbolean sartu den diruak beste arazo bat ekarri dio Athletici. Egun, talde apalek futbolari onak fitxatzen dituzte: Eibarrek Orellana eta Pedro Leon ditu, Gironak Portu eta Stuani, Celtak Aspas eta Maxi Gomez... aurkariak hobeak dira urtetik urtera, eta erdipurdi jarduteak arazoak dakartza. Duela gutxira arte erraza zen hiru, lau edo dozena erdi aurkari eskasagoak aurkitzea, baina orain ez.

TALDEA, IKARATUTA

Athleticen indarra galdu dute azken sasoietan taldearen zama eraman duten futbolariek, eta, aldiz, aurkari gehienek gora egin dute nabarmen. Ondorioz, zuri-gorriei asko ari zaie kostatzen irabaztea. Hamabi jardunaldi jokatu dituzte sasoiko garaipen bakarra eskuratu zuenetik. Denbora aurrera doa, eta taldea atzerantz. Ez du irabazteko modurik ikusten. Horrek urduritasuna sortu du. Eta jokalariak ikaraz ari direnean ez dute eurena ematen. Hankek ohi baino pisu gehiago dute, eta buruak ere ez du behar den moduan funtzionatzen. Hortaz, aurrera egin beharrean, atzera egiten da. Getaferen kontrako partidak argi eta garbi erakutsi zuen jokalariek bizi izan duten tentsioa. Markagailuan aurrea hartu zutenean irabazteko beldurra sartu zitzaien. Presio horrek hautsi egin zuen taldea, eta nahieran jokatu zuen Espainiako taldeak, eroso. Oso gaitza da egoera horri buelta ematea.

BERIZZO, JOMUGAN

Klubean babes handia du Berizzok —presidentea, jokalariak, harrobiko teknikariak...—, baina Athleticeko zaleen artean aspaldi itzali zen argentinarra fitxatu izanak sortu zuen ilusioa. Jarraitzaile askok aldaketa eskatzen du. Jakinekoa da Urrutia ez dela teknikariak kargutik kentzearen aldekoa. Berizzok ere badaki beste edozein presidenterekin aspaldi egongo litzatekeela kalean. Oraingoz, lanean jarraitzen du. Baina inork ez daki zenbat eutsi ahal izango dion behin-behinean dagoen zuzendaritzak egoerari. Argentinarrak denbora gutxi dauka taldea gorantz begira jarriko duen giltza aurkitzeko. Gauza asko probatu ditu, eta, neurri batean, bere oinarriei egin die uko. Baina, oraingoz, ez da nahikoa izan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.