gorka erostarbe leunda
BI AHOTSETARA

Rocka, birusak jota

2020ko martxoaren 15a
00:00
Entzun
Dantza egitea bezalakorik ez dago sistema immunea sendotzeko», gaztigatu dit Rosak, COVID-19a mintzagai dugula. Dantzazale amorratua da bera. «Eta zuek, euskaldunok, nahiago duzue rocka, dantza egitea baino, ezta?».

Neure kolkorako pentsatu dut dantza ez egitearen horrek askotxo izan duela guk geuk sinestutako erdi mito erdi gezurretik, eta antzerako rockarekiko zaletasunarenak ere. «Tira, baina rocka hiltzear omen dago», erantzun diot modu lakonikoan. «Bai? Rolling Stones eta Dylan hor dira oraindik ba!», Rosak. «Akaso horretxegatik», neure baitarako.

Apokalipsiaren ilun printzak sumatzen dira bazterretan. Nola geure mundualdiarenak, halatsu rockarenak ere. Iban Zalduak bere blogean idatzi duen Rock & Rolla hil da artikulu mamitsua irakurtzen harrapatu naute Rosak eta mundualdiak. Aspalditxoan iragartzen hasitakoari —ez nobelarena bezain aspaldian, zerbaiterako baitu nobela dezimononikoak baino nortasun agiri gaztexeagoa— hamar argudio sendoko heriotza informea izkiriatu dio Zalduak. Revivalismoa, tributu bandak, albumaren gainbehera, biniloaren festibalismoa, nostalgia... eta horrela, dekalogo zalduarra osatu arte.

Birusa gero eta hurrago sumatzen da, baiki, baita rockean ere, nahiz eta baden tinko aurre egin nahi dion konformagaitzik ere: «Rocka Jainkoa bezalakoa da; hil nahi dute, baina ez diote hilarririk topatu. Uste dut rockak asko eman dezakeela arte modura», irakurri diot gaur bertan Igor Pascual musikariari kafetegian gehien irakurtzen duten egunkarian. Bestelako ñabarduraz jantzi du rockak musika popular gisara duen balio artistikoarekiko kezka Ruper Ordorikak azken Rockdelux-en. «Rockari gertatzen ari zaio musika klasikoari gertatu zaiona... Uste dut denbora luzean rockak ez duela soinu bilaketarik egin ere egiten».

Soinu bilaketari ez ezik, kale eta gorputz bilaketari ekin beharko diola, neure baitarako, merkatu izateari uztea ia ezinezko gertatzen bazaio, agian, merkatuak berak uzten duenean, berreskuratuko duela esentziaren amiñi bat, inoiz berreskuratzen badu.

Hilda ez dakit, baina birusak jota baitago, erosokeria merkantilaren birusak ondo jota.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.