Haize freskoa Zubietatik

Athleticen aurkako garaipenak suspertu egin du Asier Garitanoren proiektua. Bergararrak bere zigilua jarri dio talde txuri-urdinari, eta zenbait jokalariren rola aldatu egin da. Harrobiko azken belaunaldikoak dira horietako asko.

Realeko jokalariak, Athletici irabazi izana ospatzen, joan den ostiralean, San Mamesen. JAVIER ZORRILLA / EFE.
Jon Ander De la Hoz.
2018ko urriaren 10a
00:00
Entzun
Urak bere onera itzulita aurre egingo dio Realak Espainiako Ligako bigarren geldialdiari. San Mameseko garaipenarekin arnasa hartu du Asier Garitanoren proiektuak, eta partidarik ezak orain arte jazotakoen inguruan hausnartzeko eta bere zigilua ezartzen jarraitzeko aukera emango dio. Sasoi hasieratik bere estiloa ezartzen dihardu Garitanok, eta haren asmoak agerian geratu dira jardunaldiak igaro ahala. Aldatu egin da zenbait jokalariren rola, eta horietara ohitu gabeko irudiak ere eskaini ditu txuri-urdinen aulkiak, jokalari garrantzitsuak ordezkoen artean ikusita. Nolanahi ere, mugimendu horietan protagonismo berezia izan dute harrobiko jokalariek: Zubieta bizi-bizi dagoen seinale.

ETORKIZUNA ORAINA DA

Azken urteetan harrobitik igo diren jokalariak dira azken asteetatik indartuen atera direnak. Futbolari saldo handia igo da Reala B-tik azken sasoietan, eta azken asteetan erabateko oihartzuna izaten ari dira: esne-mamitan daude. San Mameseko partida da horren adibiderik garbiena; Zubietako harrobiko bederatzi jokalarirekin ekin zion partidari Realak, eta guztira hamar erabili zituen norgehiagokan. Azken belaunaldikoak ziren horietako bost: Igor Zubeldia, Andoni Gorosabel, Mikel Oiartzabal, Luca Sangalli eta Jon Bautista. Ez hori bakarrik, horietako bik sartu zituzten Realaren hiru golak: Oiartzabalek bi eta Sangallik bat.

Aurrelari eibartarra sasoi hasierako partida guztietan aritu da, Zubeldia bezalaxe. Azkoitiarrak lekua egin du zelai erdian, eta orain artean 690 minutu jokatu ditu; Rayoren aurkako azken ordu erdia kenduta, gainerako guztiak. Harrobikoa ez izanagatik, horien adin ingurukoa da Mikel Merino; min hartu zuen arte partida asko jokatu zituen erdilari nafarrak. Martin Merquelanz, berriz, luzerako min hartuta dago.

GARRANTZIA LORTU DUTENAK

Azken asteetan izandako gorabeherek —lesioengatik, gehienak— aldatu egin dute Realaren hamaikakoaren itxura, eta zenbait jokalarik pisua hartu dute Garitanoren eskeman. Miguel Angel Moyaren, Ruben Pardoren, Joseba Zalduaren eta Aritz Elustondoren kasua da. Atzelari beasaindarrak, esaterako, aulkitik ikusi zituen lehendabiziko bi partidak, baina Diego Llorenteren lesioak zelaiko ateak zabaldu zizkion. Ordutik joko ona erakutsi du, eta gol bat ere sartu du. Azken partidetan ezinbesteko pieza bilakatu da Garitanorentzat. Presentzia handia izan du Pardok ere; Eusebio Sacristanekin harmailan egotera ohitu zen, baina Imanol Alguacilek berreskuratu egin zuen aurreko denboraldiaren hondarrean, eta Garitanok harenganako konfiantza mantendu egin du.

Antzeko egoeran dago Zaldua. Min hartu zuen Valentziaren aurka, baina ordura arteko minutu guztiak jokatu zituen, joko ona eskainiz. Aurreko denboraldian Legasenen bere esanetara eduki zuen Garitanok, eta begiko du. Bestelako arrazoiengatik iritsi da Moya txuri-urdinen atepera. Sasoia estreinatu orduko zalantzak sortu zituen Gero Rulliren jokoak, eta zazpigarren jardunaldian aulkian geratu zen argentinarra. Moyak hartu du haren lekua, eta etenaldiaren ostean jarraitzeko itxura du. Gainera, Saudi Arabian da Rulli, Argentinako selekzioarekin, eta Zubietan entrenatzen ari da Moya.

Oso bestelako arrazoiengatik, baina minutuak pilatzen ari da Kevin Rodrigues. Theo Hernandezen zigorra dela-eta egin zuen lekua baionarrak, eta bere egitekoa ondo bete du jokatutako partidetan. Gironaren aurkako partidaren ostean berriz ere jokatzeko moduan izango da Theo, eta ikusteko dago Garitanok zer erabakiko duen. Gauza bera gertatzen da Juanmirekin; lehen partidan salbu, hasieratik aritu da, baina zigorra jaso izanak bere etorkizuna baldintza dezake. Bete du zigorra jada.

AULKIRA OHITU GABEAK

Bestelako egoera bati aurre egin behar izan diete zenbait jokalarik. Horien artean izen bat nagusitzen da:Asier Illarramendi. Hamaikakoan ohikoa da mutrikuarra, baina bi partidatan jarraian izan zen aulkian, entrenatzaileak hala erabakita. Alabaina, Valentziaren aurkako partidan hasieratik aritu zen kapitaina, eta berriro aritu zen San Mamesen. Realaren jokoaren zati garrantzitsua da Illarramendi, eta, tarteka atseden hartu arren, haren presentzia ez dago arriskuan.

David Zurutuza da bere burua ordezkoen aulkian ikusi duenbeste bat. Partida guztietan jokatu du, baina hirutan soilik aritu da hasieratik. Halaber, bi partidatan soilik gainditu du 70 minuturen langa, eta behin jokatu du partida oso bat. Rullik, berriz, zelaian hasi zuen liga, baina Moyaren itzalean dago egun.

JARRAITUTASUNAREN BILA

Lesioek etengabe erasan diote Realari sasoi hasieran. Donostiarren hainbat jokalari osatu direnean erori egin dira beste batzuk, eta horrek zenbait buruhauste ekarri dizkio Garitanori. Sandro Ramirez izan da osatzen azkenetakoa, eta Valentziaren aurka egin zuen debuta Realarekin. Garrantzitsu izatera deituta dago. Adnan Januzajek ere rol berezia izan behar luke, baina Errusian jokatutako Munduko Kopan izandako belauneko lesiotik osatu ezinik dabil. Baloia ukitzen hasi da, eta lasterka egiten ikusi zaio Zubietan. Esperantzarako mezua ere zabaldu berri du jokalariak: «Sentsazio onak». Ea hala den, zain baititu Realeko zaleak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.