Igogailua hartu du

Osasunak aspaldiko boladarik onenari helduta egin du tokia Lehen Mailara zuzenean igotzeko postuetan: azken 24 puntuetatik 21 batu ditu, eta bigarren itzuliko lehen lau neurketetan nagusitu da. Ahulgune guztiak desagertu zaizkio.

Osasunako jokalariak, Mallorcari sartutako bi goletako bat ospatzen, Sadarren. IÑIGO URIZ / FOKU.
enaut agirrebengoa
2019ko otsailaren 13a
00:00
Entzun
Dir-dir egiten diete begiek zale gorritxoei Espainiako Bigarren Mailako sailkapenari erreparatzen dioten bakoitzean. Izan ere, goi-goian ageri da Osasuna: bigarren dago; hots, igoera zuzeneko postuetan, edo «atikoan», Enrique Martin Monreal Osasunako entrenatzaile ohiak zioen bezala.

Sekulakoa da Iruñeko taldeak izan duen gorakada. Lehen hiru jardunaldiak jokatuta, azken-aurrena zen, eta azaro hasieran hamar puntura zeukan igoera zuzena, eta hamahirura lehen sailkatua. Pixkanaka, eskaileretan gora egiten hasi zen, eta, 20. jardunaldiaren ostean, aurrenekoz sartu zen kanporaketa postuetan. Goiko solairura igotzeko, ordea, igogailua hartu du: bigarren itzuliko lehen lau partidak irabazi ditu.

IKUSGARRI ARI DA SADARREN

Osasunak orain arte egindako lan onak Sadarren du funtsa. Bertan, hamabi neurketa jokatu ditu, eta bakar bat ere ez du galdu. Baina bada hori baino datu ikusgarriago bat: etxean zortzi garaipen lortu ditu jarraian. Aurkari oso indartsuak izan ditu; adibidez, Iruñera lider gisa iritsi ziren Malaga eta Granada. Ordea, inork ere ezin izan du gorritxoen gotorlekua hartu. Zaleek pozez zoratzen amaitu dituzte norgehiagokak, emaitzez harago, Iruñeko taldeak beti itxura bizi eta ausarta erakutsi baitu. Orain, eskura dauka 2005-2006ko denboraldian Javier Agirrerekin lortutako marka. Sadarren bederatzi garaipen kateatu zituen orduan, eta kopuru hori berdindu egingo luke bi aste barru Zaragozari irabaziz gero.

ETXETIK KANPO ERE, OTSO

Etxean otso, kalean uso. Esaera zahar horrek ondo laburbiltzen du Osasunaren denboraldi hasiera, etxetik kanpo jokatutako lehen bederatzi partidetatik bakarra irabazi baitzuen. 27 puntutik sei batuta, hobetzeko tarte handia zuen Sadarretik kanpo. Bi aurpegiko taldea zen, eta ez zegoen garbi nortasun arazo hori zerk eragiten zuen. Kontua da bipolaritatearen ondorioz gorritxoak sailkapenean jauzia eman ezinik zebiltzala. Bada, azkenean, Jagoba Arrasatek orekatu du taldearen izaera, eta, orain, etxetik kanpo ere teknikari bizkaitarraren gidalerroei jarraitzeko gai dira nafarrak.

Horiek hala, Iruñetik urrun jokaturiko azken lau neurketetatik hiru irabazi dituzte. Iazko azken partidan Reus menperatu zuten, eta, Las Palmasen zelaian istripua izan ostean (4-1), hiru punturekin itzuli dira Almeriaren eta Sportingen zelaietatik. Hala, nabarmen egin dute gora etxetik kanpoko sailkapenean: zortzigarren daude orain, nahiz eta Reusi irabazi aurretik bisitaririk txarrenetan laugarrenak ziren.

HOBEKUNTZA ATZEAN

Reusen, Almeriaren eta Sportingen kontrako garaipenek batzen dituen gauza amankomun bat dute: gorritxoek hutsean utzi zuten atea hiru aldietan. Apenas jasotzen duten golik, eta hori funtsezkoa izan da Iruñetik kanpo suspertzeko. Sadarren ere nabari da hobekuntza hori, azken partidetan ia ez baitu lanik izan Ruben Martinez atezainak. Guztira, lau lehia kateatu dituzte golik jaso gabe. Defentsako sendotasunaren erakusgarri da estatistika hori.

Hainbat gako daude hobekuntza horren atzean. Batetik, taldea presio eraginkorragoa ari da egiten. Arrasateren premisetako bat da aurkariak goian estutzea, eta jokalariek hasieratik erakutsi dute hori zelaian islatzeko prestasuna. Haatik, batzuetan ez da aski borondatearekin; zehaztasuna ere behar da. Bada, azken lehietan, gorritxoek ondo uztartu dituzte bi osagaiak horiek. Horrez gain, atzeko lerroko zenbait jokalarik aurrerapausoa eman dute. Osasunak zuloa zuen hegaletan sasoi hasieran, baina, azkenaldian, sendotasun handia erakutsi dute Clerc eta Nacho Vidal hegalekoek. Erdiko atzelariei dagokienez, Unai Garcia nagusi gisa finkatu da, eta David Garciak tokia kendu dio Aridaneri.

ERDILARIEN JOA

Erasoan, bigarren lerroko jokalariek segitzen dute gurditik tira egiten. Aurrelariak kamuts dabiltza —hiru gol sartu dituzte Xiscok eta Brandonek—, baina erdilariak jo handia erakusten ari dira: zortzina gol sartu dituzte Roberto Torresek eta Juan Villarrek —azkenaldian, puntaren puntan aritu da, baina hegaleko erdilaria da izatez—, lau sartu ditu Ruben Garciak, eta hiru Kike Barjak. Ezaugarri oso ezberdinak dituzte, baina dela oportunismo eta ehiztari senaren bidez, edo dela baloia maisuki jotzeko gaitasunari esker, gol kopuru ederra ari dira lortzen.

Sormen lanak egitea da erasoko erdilarien lehen zeregina; bada, alor horretan ere oso fin dabiltza. Goleko paseei dagokienez, orain arte sei eman ditu Ruben Garciak, eta bost Barjak. Talentuz jositako zelai erdia du Osasunak, eta zukua ari zaio ateratzen Arrasate.

TALDEA, ERABAT BATUTA

Jokalari guztien inplikazioa lortu du entrenatzaileak. Fede itsua dute teknikari bizkaitarraren jokamoldean, eta hark nahi duen guztia islatzen dute zelaian. Inertzia oso baikorrean daude: denak ari dira norabide berean arraun egiten, eta joko aproposa erakusten. Berdin dio nork jokatu; taldeak estiloari eta errendimendu onari eusten dio. Esaterako, Sportingen aurka, aulkian gelditu ziren Villar eta Barja, etxeko partidetan finkoak diren jokalarietako bi, baina nafarrek ez zuten haien falta nabaritu. Brandonek eta Rober Ibañezek jokatu zuten haien ordez, eta joko aparta egin zuten.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.