Bihotzak kendu dio baloia

Diego Armando Maradona hil da, futbolean inoiz izan den jokalaririk onena, askoren ustez. Zelaian artista zen, baina ezin izan zuen ospearen zama ondo kudeatu. 60 urte zituen argentinarrak

Fidel Castro eta Maradona baloiarekin jolasean. CANAL 13.
Aitor Manterola Garate.
2020ko azaroaren 26a
00:00
Entzun

Diego Armando Maradona etxean harrapatu zuen atzo heriotzak, eta nola baloirik ez zuen oinetan, ezin atzean utzi, ezin ihes egin. Hil egin da futbolaren historia luzean izan den jokalari onenetako bat. Onena, askoren ustez.

60 urte bete ziren urriaren 30ean Argentinako Lanus hirian jaio zenetik. Ez zen, baina, han hazi, Buenos Aires probintzian dagoen Villa Fiorito hirian, baizik. Futbolean kalean ikasten zen garaikoa zen. Kalea izan zuen unibertsitate, eta hantxe joan zen trebatzen berezko dohainak. Futbolari jaio zen. Eta berehala jo zuten begiz Argentinos Juniors taldekoek. 1969an egin zioten proba. Hartu egin zuten, jakina, eta ume koskorren talde hark bereak eta bi egin zituen Argentinan ez ezik, Uruguain eta Perun. Berehala zabaldu zen bazela jokalari berezi bat talde horretan. 10 urte zituen Maradonak Clarin egunkarian azaldu zenean. Telebistara ere eraman zuten. Famaren lehen aztarnak hasi ziren azaltzen haren bizitzan. Fama, zama: «Behar nazaten behar dut», onartu zuen urteetara.

16 urte bete baino hamar egun lehenago egin zuen debuta Lehen Mailan, Argentinos Juniorsekin. 1976ko urriaren 20an izan zen. Handik bost urtera Boca Juniorsen hasi zen, eta bi denboraldi osatu zituen bertan. Liga irabazi zuen. 1982an, selekzioarekin aurreneko aldiz jokatu zuen Munduko Kopa, Espainian. Txapelketa hasterako fitxatuta zeukan Bartzelonak. «Fenomeno bat zen futbolean», gogoratu dio Periko Alonsok BERRIAri. Taldekide izan ziren Bartzelonan bi denboraldiz. «Aldagelan eta taldean bat gehiago zen», gehitu du. Ordurako, ordea, bazuen inguruan Alonsori deigarria egin zitzaion zerbait: «Burbuila moduko bat zeukan bueltaka». Ez da lagunez ari: «Famatua izatearen zama eramatea ez da erraza, eta azkenean, ordaindu egin du hori guztia». Bartzelonan, Cesar Luis Menotti herrikidea ere izan zuen entrenatzaile Maradonak. Baita Perikok ere. «Baloia moztu, eta pasa Pibeari, horrekin dena konponduta daukagu, esaten zidan Menottik», kontatu du.

Fakun Aznarez kazetari argentinarraren analisia, Maradonaren heriotzaren inguruan:

Bartzelonan egindako bigarren denboraldian, Athleticen aurkako ligako partidan, laugarren jardunaldian, Andoni Goikoetxeak ezkerreko orkatila hautsi zion. Biek elkar ikusi zuten handik hilabete batzuetara, Espainiako Kopako finalean. Sekulako istiluak izan ziren jokalarien artean, Maradonak Miguel Solari aurpegia txikitu eta gero. Zigortu egin zuten argentinarra: hiru hilabete jokatu gabe Espainiako lehiaketetan. Gerora, urteen joanean, Bartzelona Maradonaren bizitzan zer izan zen jakin da, hark aitortuta: drogak hartzen hasi zen. Espainiako Kopa bat eta Ligako Kopa bat irabazi zituen Kataluniako taldearekin.

[youtube]https://youtu.be/MAMJceWS0Lo[/youtube]

Saldu egin zion Bartzelonak Napoliri. Zazpi denboraldi osatu zituen Italiako hegoaldean. Sekulako maila eman zuen. Idoloa zen. Bitan irabazi zuen Italiako liga —klubak irabazita dauzkan bakarrak—, behin Kopa, Superkopa eta UEFA kopa. 1991n, martxoaren 17an, dena okertzen hasi zen: positibo eman zuen Bariren aurkako ligako partidaren ondoren, kokainarekin. Italiako Federazioak hamabost hilabeteko zigorra ezarri zion.

Munduko txapeldun 1986an

Italiako hegoaldean egindako zortzi urteko aldi horren barruan lortu zuen Maradonak goia jotzea selekzioarekin: 1986ko Munduko Kopa irabazi zuen. Bere txapelketa izan zen. Dena egin zuen, eta horren barruan, nola ez, errebeldia izaera atera ere bai: eskuarekin sartu zuen gol bat. Zeini eta Ingalaterrari, noiz eta Malvinetako Gerratik lau urtera. Jainkoaren Eskua. Final-laudenetan izan zen. 2-1 irabazi zion Maradonak Ingalaterrari, bigarren gola ere hark egin zuelako. Mendeko Gola. Ingalaterrako lau jokalari eta atezaina utzi zituen lurrean, baloia bere zelaitik ate barruraino eramanez. Gero, beste bi partida irabazita, Munduko Kopa altxatu zuen Maradonak, kapitainak.

[youtube]https://youtu.be/iOAFWLm7tPg[/youtube]

Lorian zen orduan, eta horrelaxe segitu zuen hurrengo Munduko Kopan ere, txapeldun izan ez bazen ere. Alemaniaren aurka galdu zuen finalean, Erroman, baina Maradonarena zen futbol mundua. 1991ko martxoaren 17 hura heldu zen arte. Hantxe hasi ziren bistaratzen ospearen atzeko miseria guztiak. Argentinara itzultzea erabaki zuen, baina etxean ere bakerik ez: apirilaren 26an, Polizia sartu zitzaion, eta armak eta drogak atzeman. Bitartean, Italiako justiziak hamalau hilabeterako zigorra ezarri zion, estupefazienteak edukitzeagatik. Sendatzeko tratamendua egin behar izan zuen, Argentinako epaile batek ezarrita.

FIFAk ere zigortu zuen, hamabost hilabeterako, eta kastigua amaitzean, 1992ko uztailaren 1ean, Napolira ez itzultzea erabaki zuen, kontratua bazuen ere. Sevillan bukatu zuen, Carlos Bilardo herrikidea entrenatzaile zuela. Hura zuen aulkian selekziorekin Munduko Kopa irabazi zuenean. Urtebete geroago Argentinara itzuli zen, Newells taldera. Okerrak ezin zuzendu: 1994ko otsailaren 2an, etxe aurrean bilduta zituen kazetariei eta argazkilariei tiro egin zien. Bi urteko espetxe zigorra ezarri zioten. Selekzioako ateak itxita zeuzkan, baina nola larri zebilen Argentina urte horretako Munduko Kopara sailkatzeko, Alfio Basilek deitu egin zion, Australiaren aurkako kanporaketa jokatzeko. Irabazi egin zuten, eta Maradona AEBetako Munduko Kopan zen.

Bidea zuzentzen hasi zitzaiola ematen zuenean, zer eta beste positibo bat: sendagai debekatu batzuk hartu zituen, eta Nigeriaren aurkako partida izan zen selekzioarekin jokatuko zuen azkena. Gerora jakin denez, jokalariak selekzioko osagileen bitartez harturiko botika kopurua ez litzateke gaur egun nahikoa izango positibo emateko. «Hankak moztu dizkidate», bota zuen Maradonak orduan. Hamabost hilabeteko beste zigor bat.

Osoa bete aurretik, entrenatzaile lanetan hasi zen, baina bete nahi zuen amets bat: Bocara itzultzea. Lortu zuen, eta 1997an jokatu zuen azkeneko partida. Tartean, baina, beste positibo bat, kokaina tarteko. «Drogazalea izan naiz, naiz eta izango naiz», esan zuen.

Emakumeen aurkako indarkeriagatik ere hainbat salaketa jaso zituen. Azkena, iazko apirilaren 8an izan zen. Bikotekide ohi batek salatu zuen, tratu txar psikologikoak emateagatik. Aurretik, berriz, 2014an bikote izandako batek salatu zuen, tratu txar fisikoak emateagatik. Gero, gezurra zela esan zuen emakumeak.

Osasun arazo larriak

Drogak, alkohola eta botikak hartzearen eraginez, osasuna zintzilik eduki zuen behin baino gehiagotan. Halakoen ondoren, sendatzeko tratamenduetan sartzen zen, eta horietako bat ezaguna egin zen: Cubakoa. 2000. urtean joan zen, eta hainbat urtez bizi izan zen bertan. Fidel Castrorekin harreman sendoa egin zuen tarte horretan, eta heriotzak gehiago sendotu du: Castro 2016ko azaroaren 25ean hil zen, eta Maradona ere azaroaren 25ean joan da.

Bizi artean, nahi zuena lortzen zuela ematen zuen, eta Argentinako selekzioko entrenatzaile ere izan zen 2008tik 2010era. Urte horretako Munduko Kopan ere izan zen, eta Alemaniak kaleratu zuen final-laurdenetan. Gero, hainbat taldetan aritu da, eta orain Racing Avellanedako entrenatzailea zen. Heriotza parera azaldu zaion arte. «Asko irabazi du, baita ordaindu ere», zioen Eduardo Galeanok Maradonaz: «Oinekin irabazi du, arimarekin ordaindu». Bihotzak kendu dio baloia azkenean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.