Xabier Amuriza.
PASCALEN IRRIBARRETIK

Grande kakazaharra

2020ko martxoaren 28a
00:00
Entzun

Gure haurtzaroa kontatzen gozatzeko modukoa izan zen, bandera espainola jasotzetik bertatik. Cara al sol kantaren eta «¡Viva Franco!» oihuen artean aldarrikatu behar zen, astiro eta banan-banan: «¡España una, grande, libre!». Mutiko zapo batek, «libre» ordez, «kakazaharra» marmartu zuen. Halaxe zabaldu zen herrian «una grande kakazaharra» esamoldea, elkarri maiz esango geniona: «Hi haiz una grande kakazaharra!». Nik hori futbolean sentitzen nuen gehien, beti atezain, porrot guztien errudun.

—Jo baloia! —agintzen zidaten.
—Ezin dut harrapatu —negar egiten nuen.
—Ba, egon geldi berak jo arte!

Izu nintzen jo nintzan, eta izuago albotik sar zedin. 5-15 urte arteko eskola mistoan, mutil handiagoek aise abusatzen zuten txikiagoez. Eskerrak baziren neska garatuak ere, errespetua sortzen zutenak. Nik, futbolak eta borroka dohakabeak saihestearren, hantxe ikasi nuen nesken gonapean sartzen, ezkutatzeko. Onartzen eta babesten ninduten, eta balantze osoan, onetik gehiago jaso nuela uste dut txarretik baino.

—Zaindu esnea, ume! —agindu zidan amak iluntzean. Erratz kirtenarekin atean jarri nintzen. Amak, bueltan, esnea sukaldean zabaltzen ikusi zuenean (harentzat esnea isurki arimaduna zen), oihu egin zuen:
—Baina, txotxo! Esne guztia badoa!
—Zaintzeko ez al duzu esan? Hemendik ez pasako! —erratz kirtena goian nuela.

Aitatxik esperientziak egiteko erabiltzen ninduela uste dut. Oihan trinko batean aurretik bidali nahi ninduen, eta esan nion: «Ez, aitatxi! Segi zeuk aurretik. Zu pasatzen zaren tokitik neu ere pasako naiz». Berak: «Bai gero?». Ni lepoa jokatzeko prest nengoen. Zangoak irekiarazi zizkidan, arkuan. Irrigarria aitatxi, nire hankartetik pasatzen, sugea larru zaharra uzten bezala. Zutitu zen, gorputza astindu zuen eta eraso zidan: «Ea orain hi nola pasatzen haizen hortik!».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.