Basamortua ere ez da leku txarra

Astearte goizaldean hasiko da World Tour denboraldia, Down Under lasterketarekin. 37 proba izango dira aurten, Abu Dhabiko Itzulia tartean

Tropela luze-luze eginda, joan den urrian, Abu Dhabiko Itzulian. LUCA ZENNARO / EFE.
unai zubeldia
2017ko urtarrilaren 15a
00:00
Entzun
Joan den urrian, kritika hotsek astindu zuten Dohako Munduko Txirrindularitza Txapelketa. Ibilbidea leunegia zela, eguraldiaren baldintzak jasanezinak zirela, errepide bazterretan inor gutxi zegoela, Txirrindularitzaren Nazioarteko Batasunak (UCI) petrodolarrei bakarrik begiratu ziela... Jokatu zen Munduko Txapelketa, eta UCIk egun gutxi geroago baieztatu zuen 2017ko egutegia, 37 lasterketakoa, Abu Dhabiko eta Qatarko itzuliak tartean zituena —iaz 27 proba izan zituen World Tourrak—. Agintarien arabera, itxuraz, basamortua ez da ingururik eskasena bizikleta gainean jarri eta pedalei eragiteko.

«Finantzaketa arazoak» zirela medio, abendu amaieran bertan behera gelditu zen Qatarren apustua, eta Guangxiko Itzuliak ordezkatuko du aurten, urriaren 19tik 24ra —denboraldiko azken proba izango da—. Urtero legez, hasi, Australian hasiko da lehia, etzi goizaldean, Down Under itzuliarekin. Eta astebete geroago iritsiko da lehen berritasuna, Australian bertan, Cadel Evans klasikoarekin. Abu Dhabiko Itzulia, Omloop Het Nieuwsblad, Strade Bianche, Dwars Door Vlaanderen, Turkiako Itzulia, Frankfurteko Klasikoa, Kaliforniako Itzulia, Prudential Ride London klasikoa eta Guangxiko Itzulia dira World Tourreko gainerako berritasunak. Azken urteotan bezala, maila nagusiko bi proba jokatuko dituzte Euskal Herrian: Euskal Herriko Itzulia izango da lehenengoa, apirilaren 3tik 8ra, eta Donostiako Klasikoa bigarrena, uztailaren 29an.

Baina lasterketetan bakarrik ez, taldeetan ere basamortura begira jarri da tropela. Vincenzo Nibali buru hartuta, Bahrain proiektu berria sortu dute Bahraingo Erresuman. Hain zuzen ere, eskaintza erakargarri hori onartzea erabaki du Ion Izagirre ormaiztegiarrak, Ion Ander Insausti lehengusua ondoan hartuta. Ez da, ordea, Asiak maila gorenean egindako apustu bakarra, Abu Dhabi taldea ere sortu berri baitute Arabiar Emirerri Batuetan, Lampreren egitura euren eginda.

Hamabost euskal ziklista

Ion Izagirre eta Ion Ander Insaustirekin batera, beste hamahiru euskal txirrindulari ere ariko dira World Tourrean. Pello Bilbao (Astana), Igor Anton, Omar Fraile (Dimension Data), Jonathan Castroviejo, Victor de la Parte, Imanol Erbiti, Gorka Izagirre (Movistar), Beñat Intxausti, Mikel Landa, David Lopez, Mikel Nieve (Sky), Markel Irizar eta Haimar Zubeldia (Trek). Debuteko urtea izango da Insausti eta De la Parterentzat; beste muturrean, berriz, 20. denboraldiari ekingo dio laster Zubeldiak. Amets Txurruka, Oricarekin kontratua amaituta, eskaintzaren bat jaso zain dago oraindik.

Fitxaketei dagokienez, aldaketa handi dezente izan da denboraldi honetan. Garrantzitsuenen artean, Borara joan dira Peter Sagan, Rafal Majka eta Leopold Koenig, Katuxara Tony Martin eta Robert Kiserlovski, Sunwebera—orain arteko Giant Alpecin— Wilco Kelderman eta Michael Matthews, Etixxera Philippe Gilbert, BMCra Nicolas Roche, eta Abu Dhabira Darwin Atapuma.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.