Txirrindularitza. Euskal Herriko Itzulia

Itzuliko da, ziur egon

20 urte zituenean, Altsasun bizi izan zen Michal Kwiatkowski, eta, harrezkeroztik, lotura berezia du Euskal Herriarekin. Tropeleko izarretako bat da, eta harreman gazi-gozoa du Itzuliarekin. Lasterketa utzi aurretik mintzatu da BERRIArekin.

Michal Kwiatkowski, joan den asteartean, hotelean. IMANOL MAGRO EIZMENDI.
Imanol Magro Eizmendi.
<i>Sarriguren -Gasteiz</i>
2019ko apirilaren 12a
00:00
Entzun
Gogorra da Michal Kwiatkowski. Izaera gozo eta atseginekoa da, baina, era berean, lehiakide petoa-petoa. Herenegun asfaltuaren gogortasuna dastatu zuen bere hezurretan, baina atzo berriz ere igo zen bizikleta gainera. Ia bost minutu galdu eta sailkapen nagusia irabazteko itxaropen guztiek alde egin zuten arren, saiatu egin zen. «Erorikoak gertatu egiten dira. Egia esatea nahi baduzu, zorionekoa naizela sentitzen dut. Ziztu bizian gindoazela erori ginen, eta ez dut ezer larririk. Lurrera erori, gorputza aztertu eta berehala ikusi nuen ez zegoela hausturarik».

Lesio larririk izan ez arren, minak egunak behar ditu joateko. «Gorputza nola dagoen ikusi behar da, nola erantzuten duen. Orduan jakingo dut zeintzuk diren helburuak». Oinazea, baina, nekea baino askoz okerragoa da, eta euripean 74 kilometro egin ondoren proba utzi zuen atzo. 2017an Donostiako Klasikoa irabazi arren, Itzulian zorte gutxi izan du bere ibilbidean, eta asteazkenekoa izan zen egunik gogorrenetakoa. Hala ere, ez dio muzinik egin nahi. «Hurrengo urtean itzuliko naiz. Zergatik ez? Lasterketa maitagarria da hau».

Itzuliaz hitz egitean miresmen hitzak irteten zaizkio. «Nik urtero prestatzen dut ondo, baina ibilbidea ez da nire estilora hobekien egokitzen dena. Irabazteko sasoi oso onean etorri behar duzu, eta aurkari gogorrak daude. Txirrindulari askorentzat, gainera, sasoiko helburu nagusietakoa da. Hemen, Ion Izagirreri irabaztea, esaterako, oso zaila da».

Itzuliarekin harreman oso bitxia du, gainera. Inoiz ez ditu besoak altxatu helmugan, baina zortzi aldiz izan da hirugarren etapan, eta birritan bigarren. Sailkapen nagusian ere bigarren izandakoa da, 2014an. «Alberto Contadorrek irabazi zuen urte hartan. Oso ondo aritu zen, eta hainbat segundo atera zizkidan [49 guztira]. Ezinezkoa izan zen». Aurten aukera ona zuen, erorikoa izan arte oso ondo zihoalako. Berak ere bazekien, sasoi hasiera ona egin baitu. Hirugarren izan da Milan-Sanremo klasikoan eta Paris-Nizan. «Bai, baina ez dut ukatuko garaipen gose naizela».

Gose dela dio; normala da, beti baitabil podiumaren goiko koskaren inguruan. Halere, gose hori non apaldu nahiko lukeen galdetuta, berehala erantzun du: «Lieja-Bastogne-Lieja da nire kutuna». Ardenetako klasikoak bi aste barru etorriko dira, eta uste du Itzulia lasterketa aproposa dela horietarako pedal kolpe egokia hartzeko. «Han irabaztea da nire helburua; nire estiloko lasterketa bat da. Lasterketa ederra da. Gorabehera askoko ibilbidea du, baina han ez dago %30eko pendiz erorik».

Altsasuko urtea

Lieja-Bastogne-Lieja du proba kutuna, baina oso gustuko du Euskal Herrian lehiatzea. «Harrigarria da hemen duzuen txirrindularitza kultura. Plazer bat da zuen errepideetan lehiatzea. Herri bat gurutzatzean, umeak eskoletatik ateratzen dituzue tropela ikus dezaten». Kwiatkowskik ondo ezagutzen du Euskal Herria. «Bigarren etapan ikusi nuen Beasain ingurutik genbiltzala, eta paraje horiek guztiak ezagunak egiten zaizkit. Handik entrenatzen ginen Altsasun bizi nintzenean».

Altsasun? Bai, 2010ean, Caja Ruralekin lehiatzen zenean. «Oso oroitzapen ona dut Altsasurekin. Ez naiz itzuli, baina gogoan dut herri txikia zela, eta bertako jendea oso atsegina zela. Janaria ere oso ona zen. Argala naiz, baina asko jan dezaket». Xehetasun asko ditu gogoan, memoria onaren seinale. «Ez da memoria kontua, oroitzapen onak ez dira ahazten, bihotzean gordetzen direlako». Altsasurainoko bidea ere ez du ahaztu. Anaiarekin egin zuen, oso era bitxian. «Auto alemaniar on bat genuen, eta hantxe joan ginen Poloniatik Altsasura. Europa osoa gurutzatu genuen; bidaia luzea izan zen, baina merezi izan zuen». 2.353 kilometro daude Chelmzatik, bere jaioterritik, Altsasura.

Urte hartan gaztelania pixka bat ulertzea ere lortu zuen, eta barkamena eskatu du euskararik ez zuelako ikasi. «Pisuan bi poloniar, bi panamar eta uruguaitar bat geunden. Giro ona genuen». Abentura moduan gogoratu du erabaki hura, baina ez zaio inoiz damutu. «Europako mugak gurutza zitezkeen ordurako, eta niri sekulako ilusioa egin zidan. Nik oso gustuko dut herrialde, pertsona eta hizkuntza berriak ezagutzea. Zenbat eta jende eta kultura gehiago ezagutu, orduan eta pertsona hobea izango zara».

Pertsona ona izateak arduratzen du, eta maitasunez mintzo da txirrindularitzaz. «Nik egunero gozatzen dut bizikletan. Lan gogorra da hau, asko entrenatu behar da, baina motibazio bat bilatu behar duzu. Iaz, 90 egunez lehiatu nintzen. Ni zoriontsu izaten saiatzen naiz. Ez naiz inoiz triste egoten, ezta zoriontsuegi ere. Aurten, bi aldiz izan naiz hirugarren; bada, ez nago triste, ondo aritu naizelako pozik nago».

Skynikasten

Kwiatkowski izarra da. Itzuli laburretan nabarmendu da orain arte, eta 2014an errepideko munduko txapeldun izan zen. Hala ere, itzuli handietan inoiz ez du etaparik irabazi, ezta lehen hamarren artean bukatu ere. «Uste dut urtez urte hobera egiten ari naizela, baina, oraingoz, ez naiz itzuli handi bat irabazteko nahikoa indartsu. Noizbait iristen bada, lan gogorrari esker izango da. Pazientzia izan behar dut. Orain, inoiz eskuratu ahal izango ez dudan zerbait dirudi, baina ni egunero entrenatzen naiz gogor, saioa amaitzean hobea izateko».

Kwiatkowskik, gainera, bere taldean du eredurik onena. «Begira Geraint Thomas. Zenbatek pentsatuko zuten inoiz ez zuela itzuli handirik irabaziko, eta begira, Tourra irabazi du. Noizbait maila horretara iristen banaiz, badakit leku eta talde aproposean nagoela». Chris Froome eta Thomas, baina, ez dira betirako, eta beste lider batzuk beharko ditu Skyk. «Nik ez dut neure burua haiekin alderatu behar; nik aurkariekin alderatu behar dut».

tzuli handiak nola irabazi ikasi nahi badu, galderak egiteko maisu hoberik ez du aurkituko. «Nik eurekin entrenatzen dut Niza aldean [Frantzia], eta badakit Thomas eta Froome zenbat saiatzen diren. Denbora asko pasatzen dugu elkarrekin, baita lasterketetan ere. Zer galdetuko diot? Nola irabazi Tour bat? Horrek ez du erantzunik. Ez da galdera bat. Egin behar dudana euren ereduari jarraitzea da».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.