Udako narrazioak

Hiru hizkuntzaren ipuin emaria

BERRIAk ipuin bana argitaratuko die udan hiru euskal idazleri, hiru galiziarri eta bi katalani

itziar ugarte irizar
2019ko uztailaren 5a
00:00
Entzun

Berrikuntza batekin datoz aurten BERRIAko udako narrazioak: izan ere, hiru euskal idazlerekin batera, Galiziako beste hiruk eta Kataluniako bik hartuko dute parte. BERRIAk elkarlanean jardungo du Kataluniako Vilaweb atariarekin eta Galiziako Sermos Galizia hedabidearekin: bakoitzak bere ohiko hizkuntzan argitaratuko ditu zortzi ipuinak, jatorrizkoak eta itzulpenak. Iban Zalduak abiatuko du katea larunbat honetan, Pintadak narrazioarekin.

1. SUSANA SANCHEZ ARINS

Vilagarcia de Arousa herrian jaio zen (Pontevedra), 1974an. Filologia Hispanikoa eta Portuguesa ikasi zituen, eta A Sega kritika feministarako plataformako kidea ere bada. Narratiba eta poesia argitaratu du; horien artean daude [de]construçom (2009) poema liburua eta Seique (2015) nobela.

 2. KATIXA AGIRRE

Katixa Agirre (Gasteiz, 1981) idazleak 2007an argitaratu zuen lehenengo liburua: Sua falta zaigu ipuin bilduma. Ordutik, beste hainbat lan argitaratu ditu: besteak beste, Habitat (2009) narrazioz osatutako liburua eta Atertu arte itxaron eleberria (2015). Amek ez dute nobela du azkeneko lana (2018).

3. SEBASTIA BENNASAR

Palman jaioa, 1976an. Urte luzez kazetaritzarekin uztartu du literatur jarduna. 30 lanetik gorako obra oparoa du, poesia, narrazioa, eleberri beltza eta saiakera biltzen dituena, besteak beste. Hamaika literatur proiekturen sustatzailea izan da, eta hainbat literatur sari irabazi ditu.

4. NURIA CADENES

Idazle eta kazetaria (Bartzelona, 1970). Gaztetatik parte hartu du politikagintzan, eta kartzelan egon zen denboran argitaratu zuen lehen lana, Cartes de la presó (1990). Narratiba landu du ordutik; tartean, Ovidi Montllor i Mengual kantari eta aktorearen biografia kaleratu zuen 2002an.

5. ELI RIOS

Londresen jaio zen, 1976an. Galegoz idatzi du beti, eta, poesian nabarmendu bada ere, ipuinak, eleberriak, saiakera eta haur eta gazteei zuzendutako lanak ere argitaratu ditu. Sari ugari irabazi ditu bere literatur ibilbidean. Aurten argitaratu du azken lana: O ceo das reixas eleberria.

6. MARIA REIMONDEZ

Idazle, itzultzaile eta ikerlari galiziarra da (Lugo, 1975); literatura, feminismoa eta deskolonizazioa gurutzatzen ditu bere lanean. Poesia, narratiba, haur eta gazte literatura eta antzerkia idatzi izan du. Rosalia de Castroren gaineko ikerketa liburua du argitaratutako azken lanen artean.

7. IBAN ZALDUA

Donostian jaioa, 1966an. Historia irakaslea da EHUn, Gasteizen. Hainbat hedabidetan aritu da, baita Volgako batelariak bloga elikatzen ere. Narrazioak, nobelak eta saiakerak idatzi ditu, baina ipuingintzan nabarmendu da. Sekula kontatu behar ez nizkizun gauzak (2018) du azken lana.

8. HARKAITZ CANO

Lasarte-Orian (Gipuzkoa) jaio zen, 1975ean. Kea behelainopean bezala poema liburua argitaratu zuen 1994an. Beluna Jazz, Belarraren ahoa eta Twist nobelak eta Neguko zirkua eta Beti oporretan ipuin liburuak ditu hurrengo lanetako batzuk. Fakirraren ahotsa (2018) eleberria du orain arteko azkena.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.