Ana Arsuaga.
BI AHOTSETARA

Shaki

2023ko otsailaren 5a
00:00
Entzun
Komunikabide guztietan hitz egin den abestiari buruz badirudi guztiok daukagula iritzi bat, zerbait esateko, eta bestela, gure artean elkarri galdetzen diogu: «Zer pentsatzen duzu Shakira eta BZRP-en abestiari buruz?». Azkenean, aste pare bat pasatu direnean, gai honi buruz nik ere hitz egingo dut.

Lehenik eta behin, barregarria iruditzen zait nola despitezko letra honekin sororitatea eta adingabeen babesa bezalako kontzeptu dotoreak entzun izan diren askoren ahotan, ordura arte kezkatzen ez zituzten gaiak, bestalde. Ekintza guztiak ez baitira berdinak; eta abesti bat egitea arriskutsuagoa omen baita, zalantzagarriagoa publikoki, atzean (eta ez hain atzean) gertatu direnak baino; zure aitaren amodio-iskanbila bat, zu baino hamahiru urte zaharragoa den neska batekin, adibidez. Baina tira, hori egunerokoa da, maitasuna maitasuna da, eta Shakira, kontrolik gabeko emakume bat.

Badago zerbait interesgarria abesti batek har dezakeen funtzioan, eta nola azpimarratu ahal duen bizitzako aspektu bat eta kolektibizatu, kasu honetan, Piqueren kontrako irain batean; beste askotan, emakumearekiko iritzietan, adibidez, puta hitzean, estatu mailako trapean hainbeste erabiltzen dena, osagarri moduan, nazioarteko musikan bitch bertsioa ere badaukagu. Baina horiek ia bonbo berezi bat bezala entzuten ditugu, hortxe, abestiaren erritmoaren parte; irribarretxoak ere ateratzen dizkigute, ja-ja, ze makarrak garen.

Bukatzeko, aipatzea Lucia Lijtmaerrek aste honetan argitaratu duen iritzi-zutabea, El fascinante fenómeno de la Mujer Única izenburua daramana. Izen horrekin, gertakizun xelebre bat izendatzen du; Shakiraren abestia bezalako gaiekin, emakume feministon iritzi eman beharra, eta iritzi bakar, koherente eta unilaterala eman beharra. Feminismoaren zentzua, arrazoia, behin eta berriz frogatzen duten pedagogo doktoredun moduko enteak izan behar dugu orain.

Ondorioz, utzi bakean, utzi bakean jendea orokorrean, emakumeak partikularrean, eta Shakirak bere zorrak ordaintzeko Ogasunean; hori bai, hori gaizki dago.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.