gorka erostarbe leunda
BI AHOTSETARA

Kontrolari kontrola

2020ko martxoaren 29a
00:00
Entzun
Eguna argitzearekin batera, balkoira irteteko ohitura hartu dut; oihu isil bat bota ohi dut, auzoari egunonak emanez. Zein da isiltasunaren oihartzuna? Egunotan enaren txio-txioak itzultzen dizkit goizalbak. Badu poesiatik apokalipsiaren soinu bandak. Paradoxen aterpea da balkoia. Polen arrastoak ditu gaur barandak, bi tximeleta hori elkarri jarraika ari dira, udaberria deiadarka. Kalea mortu da, ordea. Ertzain patruila pare bat, langile solte batzuk oinez, elkarri begiratu ere egin gabe, Rosa eta bere lankideak maskarak jantzita... ez da hitzen oihartzunik airean. Eros eta Tanatos dantza nahasian, hain nahasian.

Beti amets egin izan dut balkoitik jarraitu ahalko litzatekeen musika proposamenen gorpuztearekin. Gertatu da; birus batek egin du komunitatearen miraria. Kontraesana da balkoia bera. Oraintxe kaiola, oraintxe arnaserako bide bakar —ai, balkoigabeak, egunotako ahantzi handi horiek! Eta ez gutxi—. Oraintxe errepublika aske, oraintxe zelatari eta kontrolatzaileen lubaki. Atzo arratsean trikitia jarri genuen gurean, alegrantzia amiñi baten peskizan-edo. Ez dugu txalorik jaso, baina bai irrintzi oihu askatzaile konplizeren bat. Zorte kaxkarragoa izan du alboko atariko bosgarren solairuko bikote gazteak; reggaeton dantzagarria jarrita, musika kentzeko oihu eginez baldrestu zaio pareko auzokidea. Gustura nintzen dantzan. Are erantzun zitalagoa jaso du gure atariko hirugarrenekoak, zakurra zintzo atera duenean etxe azpira: «Putasemea, zoaz etxera!», oihu egin diote.

Balkoi leihoetara begi zelatariak arrimatu dira saldoka. «Yeah yeah yeah, kontrolaren kontra...», abesten zuen Fernando Sapok Gailü proiektu efimero bezain ederrean, 2002ko Kutxa Beltza disko aparteko Kontrolari kontrola kantu orweltarrean. Ozen jarri dut kantua egongelako aparailuan, auzokideek ere entzun dezaten.

Paradoxa ad eternum luza liteke, ordea: neu ere kontrolatzaileak kontrolatzen ari naiz. Balkoiena gizarte kontrolatzaile paranoiko eta autopoliziatu baten gauzatze fisikoa izan da; ez deus berririk. Txiolandiari erreparatzea besterik ez dago.

Udaberria esnatu da apokalipsiaren bezperotan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.