Paule Bilbao Ajuriagerra.
BI AHOTSETARA

Abesti plastikoak, 'influencer'-ak, gaztetxeak

2021eko urriaren 3a
00:00
Entzun
Abesti plastikoak, gainazaleko sakontasuna adierazten saiatzen direnak. Hauxe da etengabe sortzen eta kontsumitzen duguna, sentitzeari beldurra. Gure barneko arrakalak erakustearen beldur gara, nor garen erakustearen beldur. Supernia elikatzen duten mozorroak jantziz irteten gara eszenatokira; oholtza atzean, ordea, eguneroko uniformea dugu zain.

Teknologia berrien erabilerak musika estilo berriak garatzeko erremintak sortu ditu. Gizartea aldatzen doan heinean, musikak ere, horren eraginez, bere bidea eraikitzen dihardu. Berrikuntzak aberasgarriak izaten dira, ikuspuntu ezberdin bat eman eta aurrekoa zalantzan jartzen baitigute. Hala ere, musika komertzialean geroz eta letra apalagoak sortzen dira, hausnartzeko aukerarik ematen ez digutenak, errealitatea zalantzan ez jartzeko edota gure barneko beldurrekin ez konektatzeko. Zein izan daiteke horren kausa? Besteen aurrean ahul edo zaurgarri sentitzearen beldurra? Musika entretenimendu moduan bakarrik kontsumitzea? Edo konformitatearen maila gorenera heldu ote gara?

Sare sozialen, influencer-en eta hedabideen eragina hain da handia, ezen musikarekiko dugun ideia aldatu egin baita. Influencer handiek, adibidez, ez diete laguntza handirik ematen musika talde berriei edo musika komertzialetik at geratzen direnei. Beraz, esan dezakegu Internetek, hasiera batean, talde txiki eta gazteak ateratzeko izan zuen gaitasuna murriztu egin dela, eta ideia hau bertan behera geratu dela, demokrazia ezabatuz etakapitalismoari eutsiz. Noiz ikusi duzue influencer handi bat talde underground bati oihartzuna ematen? Edo askatasun osoz gonbidatzen dituzte artista famatu horiek beren hedabideetara?

Errealitate hori jakinda, gaztetxeekin, kulturguneekin zein kontzertu antolatzaile txiki eta independenteekin lan egitea inoiz baino gehiago baloratzen dut, nire proiektua babesten dutelako. Helburu ekonomikoei erreparatu barik. Musika eta artea babesten dute, sortzaileen bide arrotzari konfiantzazko espazio bat eskainiz. Ni duintasuna, errespetua eta musikarekiko estimua dutenekin geratzen naiz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.