Joxe Azurmendiren lana, lehen lerrora

Filosofoaren ekarpena gaur egungo begiradatik aztertuko du kongresu batek, abenduaren 11tik 13ra, Donostian. Besteak beste, Joseba Zulaikak, Miren Azkaratek, Joan Mari Torrealdaik eta Jule Goikoetxeak hartuko dute parte

Joxe Azurmendi, 2017ko argazki batean. ANDONI CANELLADA / FOKU.
mikel lizarralde
Donostia
2019ko azaroaren 20a
00:00
Entzun
Joxe Azurmendi Otaegi (Zegama, Gipuzkoa, 1941) filosofoaren ekarpena egungo begiradatik aztertu eta landuko du Jakinek, EHUk eta Gipuzkoako Foru Aldundiak antolatu eta abenduaren 11tik 13ra Donostiako San Telmo museoan egingo den Joxe Azurmendi. Euskal pentsamenduaren ur-jauzia kongresuak.

Azurmendiren ekarpena ertz ugaritatik aztertzeko, 50 aditu elkartuko ditu kongresuak. Horien artean izango dira,besteak beste, Joan Mari Torrealdai, Jule Goikoetxea, Pako Sodupe, Elixabete Garmendia, Juan Ignacio Perez Iglesias, Eduardo Apodaka, Victor Gomez-Pin, Aitzpea Leizaola, Idurre Eskisabel, Ekai Txapartegi, Fito Rodriguez, Mirene Zufiaurre eta Elena Martinez Rubio.

Irekiera ekitaldian erakunde antolatzaileen ordezkariek hartuko dute parte, eta ondoren, Joseba Zulaika antropologoaren, Miren Azkarate hizkuntzalariaren eta Pruden Gartzia euskaltzain urgazle eta idazlearen hitzaldiak izango dira.

Abenduaren 12an, hiru aretotan banatuko da kongresua, Azurmendiren ildo ezberdinak aldi berean landu ahal izateko. Mahaika sailkatutako hitzaldi laburren bitartez, gai nagusi hauek jorratuko dira: gizaberearen filosofia, gogoeta etikoak, pentsamendu soziala, kooperatibismoa, nazioa, estatua eta kultura. Horiekin batera, goizean, hitzaldi luzeak ere tartekatuko dira Azurmendiren ibilbideari eta obrari buruzko gogoeta orokorragoekin.

Kultura Azurmendiren kezka eta langai nagusietako bat izaki, bi emanaldi berezi antolatu dira, biak ere Azurmendiren olerkigintzan oinarrituta. Lehen egunean, kontzertua emango du Gotzon Arrizabalaga irakasle eta musikariak. Eta azken egunean, kongresuari amaiera emateko, Aginako zero bat emanaldian jardungo dute Manex Agirrek, Jon Aranburuk, Marco Bianchik eta Gaizka Amondarainek.

Ekarpen askotarikoa

«Dena egiteke eta herri bat birpentsatzeke zegoen garaian hasi zen Azurmendi idatziak plazaratzen, Euskal Herriari baliagarri izango zitzaizkion auziei helduz, eta pentsamenduarekiko eta kulturarekiko aparteko kezka adieraziz. Gaur egun arte», adierazi du Jakinek ohar baten bitartez.

Gaztetan Arantzazuko frantziskotarrei lotua egon bazen ere, unibertsitateko irakasle jardun du gehienbat Azurmendik, EUTG-Deustun lehenengo (1978-1981) eta EHUn ondoren (1981-2014), 1993tik aurrera Filosofia Modernoko katedradun zela. Horrez gain, Jakin taldeko kide da 1960az geroztik, Jakin Irakurgaiak bildumaren arduraduna zehazki, eta ohorezko euskaltzain ere bada. Haren ekarpenari dagokionez, hiru eremutan jardun du, batik bat: euskal pentsamenduaren azterketan, filosofiaren eta pentsamendu europarraren azterketan eta unean uneko auzi etiko-politikoei buruzko gogoetan.

Informazio gehiago nahi izanez gero,jo webgune honetara: www.jakin.eus
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.