Asier Fullaondo.
Zientzia. ARGI ALDIAN

COVID-19 eta grafikoak

2020ko ekainaren 12a
00:00
Entzun
COVID-19ak ekarri duen pandemiak beste ezerk baino gehiago aldatu gaitu. Gure bizitza arruntean izan duen eragina izugarria izan da, baita beste esparru askotan ere, adibidez informazioaren kudeaketan. Zientziak berebiziko garrantzia izan du azken aste hauetan, hainbat ikerlari izan dira hedabideetan egunero, birologo, epidemiologo, mediku... Hitz berriak nonahi agertu dira: RT-PCR, antigorputz testak, asintomatikoak, eskala logaritmikoa, positibo faltsuak... Nik arreta jarri diot, bereziki, erakutsi dizkiguten datuei eta datuak erakusteko moduari.

Ni bezala, jende ugari, adi-adi egon da COVID-19ak sortu dituen datuetara, hildako kopuruen datuetara, positiboetara, ospitaleetako gaixo kopuruetara... Datuak ikusi eta ikusi aritu gara, herrika, probintziaka eta askotan, konparaketak eginez, zein doan okerren, azkarren, malda, joera… Baina, aldi berean, datu horiek, zenbaki horiek, informazio ulergarri bilakatzeko landu egin behar izan dira. COVID-19aren datuak laburbiltzeko hainbat grafiko, barra-diagrama, burbuila-diagrama eta abar ikusi ditugu, edonon, egunkari, telebista edo Interneten.

Bai, grafikoak izan dira hedabideetan nagusi, datuak, informazioan bilakatzeko. Datu asko eta asko genituen, egunero, segida luzeak, egunez egun datuak gehituz, eta datu horiek, ulergarri egiteko, informazio bihurtzeko, tratatu eta irudikatu behar izan dira. Eta horrek ekarri ditu lehenengo arazoak.

Datuak neutroak dira; datuak dira, besterik ez, aseptikoak, baina tratatzerakoan, lantzerakoan, irudikatzerakoan, distortsio bat sortzen da. Datu berberak modu desberdinetan irudikatu daitezke, eta lanketa horiek ez dira neutroak. Datu zehatz bat nabarmendu nahi badugu, datu hori irudikatzeko modu bat aukeratu dezakegu, eta beste batek, beste alderdi bat nabarmendu nahi izanez gero, beste grafiko modu bat aukeratu dezake. Beraz, datu beretatik hasita, grafiko moduak aukeratuz, ondorio edo aspektu ezberdinak nabarmendu daitezke. Adibidez, eskala logaritmikoa edo lineala. Sekula ez nuen pentsatuko egunkari batean eskala logaritmikoko grafikoak ikusiko nituenik. Uste nuen eskala mota hori oso esparru espezializatuetan besterik ez nuela aurkituko, baina erratuta nengoen, orain ia edonon daude. Eta eskala logaritmikoaren izaerak sekulako distortsioak eragiten ditu.

Era berean, datu asko ehunekotan bihurtzen dira konparazioak errazteko. Adibidez: «%30eko igoera izan da haurren positiboen artean». Bai, baina zenbat kasuri eragin dio igoera horrek? Hirutik laura pasatzea %33ko igoera da, eta 3.000tik 4.000ra ere bai, baina batean kasu bakarra da eta bestean, mila. Ez daude maila berean. Beraz, datuak modu logaritmiko edo linealean, zenbaki osoetan edo portzentajeetan agertzeak intentzionalitate bat izan dezake.

COVID-19aren kasuan, datu eta grafiko asko erakutsi dira, gehienetan datuak informazio bihurtu nahian, baina beste zenbaitetan, gu izutu edo nahastu nahian.
Gaiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.