KRITIKA. Musika

Bai, bai eta bai

Arkaitz Mendoza.
Donostia
2018ko urtarrilaren 17a
00:00
Entzun

Yuja Wang, Europako Ganbera Orkestrarekin

Piano jotzailea: Yuja Wang.Non: Donostiako Kursaalean.Noiz: Urtarrilaren 15ean.

Bai pop-rockeko izar bat bezala iritsi delako. Bai munduko piano jotzailerik handienetakoen artean dagoelako. Bai Kursaal Eszenari Yuja Wangen piano erakustaldia gerturatzeagatik. Bai izarrari babesa eman dion Europa Ganbera Orkestra izarrari ere. Bai sekulako musika ulertze eta ekite harrigarriari. Bai zuzendaririk gabe taldearen indarra atril bakoitzetik datorrela erakusteagatik. Bai flauta eta oboe bakarlariari. Berriro ere diot: bai flauta eta oboeari! Bai guztiz maitemindu ninduen haize egur taldeari, nahiz eta beren izenak entzuleari inon ez adierazi. Bai Ludwig van Beethovenen Pianorako 1go Kontzertua-ren freskotasunaz ase uzteagatik. Bai soinu bakarrari, bestelako trabak azaleratzen ez uzteagatik. Bai ganbera musika goraipatzeagatik, nahiz eta orkestra zuzendariaren rola miserian utzi.

Bai Wangen ezker eskuari. Bai Frederic Chopinen Andante Spianato eta Polonesa Handia-ren sarreran esku horrek laztandu zituen arpegio laguntzaile horiengatik, emanaldiko unerik hunkigarrienak izateraino. Bai hozkailuan hamar mila tona izotzekin gordeko nukeen ezker esku horri. Bai musika klasikoaren arauak apurtzeko etorri zaigun izar mediatikoari. Bai hotzikara dardaraz josita utzi ninduen Beethovenen Largo zatitxoaren edertasunari. Bai flauta eta oboe bakarlari maisuei.

Barkatu, errepikapenaren zorabioan nabil, lehen esan dizuet bi musikari hauena. Baina berriz ere: bai, bai eta bai flauta eta oboe bakarlari magiko hauei! Bedeinka ditzala auskalo zeinek beren instrumentuetatik ateratzen diren nota sorginduak!

Bai kontzertu osteko postreei. Bai Carmen operako Dantza Bohemioa-ren abiadura estralurtarrari. Bai Sergei Prokofieven 7. Sonata-ko Precipitato atala egonarri gutxiko konexio zoragarrian eskaintzeari. Bai ase zegoen entzuleriari jaki gehiago erregalatzeagatik. Bai orkestra erraldoi honek munduko erlojurik zehatzenaren bateratasunean Felix Mendelssohnen Udako gau baten ametsa-ren Scherzoa koroatzeagatik. Bai zuri, hari, hangoari eta guztiei. Bai aldi berean inoiz entzun ez ditugun hainbeste izarrei. Bai, bai eta bai!
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.