BI AHOTSETARA

Kantuan ez dakigunontzat

2020ko urtarrilaren 26a
00:00
Entzun
Hitz egin dezakegu ahapetik kantatzearen plazeraz. Zoriontasun une labur batek inbadituriko desafinatze ederrez, bizitzaren disonantzia onartzen dugun une horretaz. Melodiak hondatuak izateko ere badaude, betiere abesti horrek norberaren umorea aldatzeko balio badu bederen. Harrikoa egitearen ekintza nardagarria arindu dezake, elur giroko egun batez dutxa bero bat hartzearen plazera biderkatu... ez, hirukoiztu, ahapetik desafinatuta ateratzen den abesti horrek.

Irudikatu otutzen zaizun abestirik tristeena, eta, orain, sartu zaitez dutxan. Ur tantek zure azala besarkatzen duten bitartean, jar zaitez kantuan... zaila da irribarrea ez ahoratzea, ezta? Ispilu aurrean koreografia baldar batekin laguntzen baduzu, gainera, abestia are gozagarriagoa bihurtzen da, muturreko interpretazio dramatikoak sendatzeko ahalmena balu legez.

Horretan nenbilela, orrazia mikrotzat hartuta, otu zait sendatzeko ahalmena gugan dagoela, eta musika dela horretara iristeko eskura dugun tresnarik eraginkorrena. Horixe besterik ez, hori dena. Azken finean, kadentziak agintzen duen mundu honetan, gugan espero ez genituen irribarreak aterarazten baitizkigute gaizki abestutako melodia irregularrek, hasieran harrituz —noiz galdu nuen hau egiteko gaitasuna?—, eta, ondoren, ahaldunduz. Ahotsa apur bat goratuz pixkanaka, oihu ezin desafinatuago baina era berean askatzaileagoa bilakatzen da hasierako kantu baldarra. Axola duena ezbaita abestia bera, baizik eta bere bitartez gure ahotsa bilatzea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.