Ana Arsuaga.
BI AHOTSETARA

Fikziozko ipuina

2023ko urtarrilaren 22a
00:00
Entzun
Bazen behin, ume polit bat. Jaio, eta gurasoek abestiak kantatzen zizkioten, ipuinak irakurri... oso gustura zegoen. Nagusiagoa zela, pelikulak ikusten hasi zen, bere kontura liburuak irakurtzen jarri zen, zinemara joaten... Nerabe intelektual bat zen. Ze ondo.

«Nahi duzuna izango zara», esaten zioten etxean. Ikasten zuen, eta nota onak ateratzen zituen. Esaten ziotena egiten zuen barne-gatazka gehiegirik gabe, gustatzen baitzitzaion ikastea, eta, gainera, horrela lortuko zituelako haren ametsak; munduaren ezagutza, jakituria, askatasuna, eta horrelako kontzeptu garrantzitsuak bilatzera abiatuko zen unibertsitatera, bakarrik bizitzen hasiko zen... ezin zuen itxaron.

Hasi zen etxetik kanpo ikasten. Ingelesezko titulu bat atera zuen, karneta, eta lantxoak egiten hasi zen, ikastearekin batera, Eusko Jaurlaritzako diru-laguntza bukatu zenean ez baitzion ematen kanpoan bizirauteko. Berak musikaria izan nahi zuen, eta musikariak existitzen ziren. Hiri hartan, asko zeuden. «Nahi duzuna izango zara»,jarraitzen zuten esaten etxean, meritokrazian sinesten zuten.

Ikasketak bukatuta, ordea, igeltsero bezala hasi zen lan egiten osabarekin, pisua ordaintzeko, eta horrek denbora kentzen zion entseatzeko, sortzeko, dosierrak idazteko... Baina musikaria zen bera, hori esaten zien lagunei, are gehiago, hori deitzen zioten kalean; «aizu! telebistan ikusi zaitut, zorionak!», «sari bat irabazi duzu, pozik egongo zara ezta?».

Astelehenetik ostiralera, lixatzen, igeltsua espatulekin jartzen, trasteak kargatzen lan egiten zuen; horrek eskuak, gorputza, apur bat mintzen zizkion, eta askotan neka-neka eginda bukatzen zuen, gero jotzen hasteko, baina ezin zen kexatu; bere osabak libre ematen zion kontzertuetarako, eta, gainera, bere osabak ezin izan zuen musikaria izan, ez zituelako orain zeuzkaten aukerak izan. Bera pribilegiatu bat zen.

Ezin zen kexatu, bazekielako, pixka bat jarraituz, ziur, bere xedea lortuko zuela. Denbora eta esfortzu apurtxo bat gehiago behar zuen soilik; bere lagun musikariek zioten bezala, eutsi egin behar zen, hori zen gakoa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.