Jose Ramon Anda. Eskultorea

«Arte garaikidean egiten diren gauza gutxik hunkitzen naute»

Arte klasikoa sorkuntza garaikideak egiteko oinarri ezin hobea dela dio Jose Ramon Anda eskultoreak. Bere ibilbidearen errepasoa egin du Oteiza museoan dagoen 'Kausa formala eta materiala' erakusketan.
GORKA RUBIO / ARGAZKI PRESS

Naiara Elola -

2017ko uztailak 2
Bere estudioa inoiz baino hutsago dagoela azaldu du Jose Ramon Anda eskultoreak (Bakaiku, Nafarroa, 1969). Iragan astetik, Oteiza museoan zabalik du Kausa formala eta materiala izenburua duen erakusketa; bere ibilbidearen errepasoa egin du artistak. Nahi baino sorkuntza gutxiago egiten dituela dio, bere lanek «denbora asko» eskatzen diotelako. Hainbat galeristarekin izandako esperientzia txarrak direla tarteko, galerietan bere lanak ez erakustea erabaki ondoren, artearen ohiko sareetatik kanpo dagoela uste du. Arte garaikidea egiten duten hainbat artistarekin kritiko agertu da. Egun gailendu den azkartasunak artearen munduari izugarrizko «kaltea» egin diola irizten dio. «Testuingurua azalduta ere, egungo artista garaikideen sorkuntza asko txurro hutsak direla iruditzen zait».

Altzuzako erakusketari Kausa formala eta materiala jarri diozu izena. Aita zurgina zenuelako maite duzu horrenbeste egurra?

Egia esan, bizitza osoa igaro dut egurra lantzen. Batez ere, haritza erabili dut eskulturak egiteko. Nik ezagutzen ditudan egurren artean, haritza da menderakaitzena. Nik egiten ditudan eskulturak egiteko, arazo asko sortzen ditu. Ez dut uste hemendik aurrera haritzarekin gauza gehiago egingo dudanik. Izugarri aspertu nau, material horrekin egindako eskultura asko zaharberritu behar izan ditudalako. Nik eskulturak egin nahi ditut, ez dut nire eskulturak zaharberritzen denbora galdu nahi. Material gisa, brontzea eta harria izugarri gustatzen zaizkit; baina zura eskurago dudanez, gehiago landu dut.

Bururatu zitzaizun inoiz aita bezala zurgina izateko aukera?

Txikitatik argi izan nuen eskultorea izan nahi nuela. Aitak batez ere altzariak egiten zituen. Tailerrean aritzen nintzen nire eskulturak egiten bera lanean zegoen bitartean. Askotan, zalantzak sortzen zitzaizkidan, eta aitari eskatzen nion laguntza. Bartzelonan egona zen zurgin ikasketak egiten, eta hainbat eskultore ezagutu zituen. Gainera, oso gizon burutsua zen, eta nire arazoak konpontzen saiatzen zen. Nire zaletasunaren berri eman zion adiskide bati, eta hark esan zion Madrilera joan beharra neukala Arte Ederrak ikastera.

Adiskidearen gomendioak aintzat hartu, eta Madrilera joateko aukera izan zenuen?

Bai. Gainera, familian ez nuen inolako oztoporik izan. Aita Bartzelonan ikasten egon zenez, erraz ulertu zuten gurasoek. Madrilen igaro nituen lau urte haietaz oso oroitzapen onak ditut. Iritsi nintzenean, ez nekien ia-ia arte garaikidea zer zen ere. Niretzat, artea Grezia, Erroma, Errenazimentua eta modernismoa ziren. Askotan galdetzen nion neure buruari garaiko artistek zer egiten ote zuten. Banuen Piccasoren aditzea, eta Daliri buruz ere noizbait hitz egin zidaten, baina ezer gutxi. Bakaikun genuen mundua oso txikia zen. Garai hartan ez zegoen Internetik.

Jose Antonio Sistiaga artistak gogor kritikatzen ditu Arte Ederren fakultateak. Ezertarako ez dutela balio adierazia du. Ados zaude?

Jose Antonio [Sistiaga] izugarri estimatzen dut, Altzuzako aurkezpenera etorri zen, pentsa. Baina ez nator bat harekin. Nire ibilbide profesionalean oinarrizkoa izan da Arte Ederrak ikastea. Hasiera batean, erabat liluratuta nengoen arte klasikoarekin, arte garaikidea ezagutu ere ez nuelako egiten. Niretzat, formazio klasikoa izatea ez da inolako karga. Horrez gain, Madrilgo eskolan artea ikusten ikasi genuen. Aurrean duzun artelan hori ikusten jakitea oso garrantzitsua da.

Arte klasikoa horrenbeste miretsita, Erroman egonaldia egiteko erdietsi zenuen bekak asko eragin zizula esan izan duzu.

Izugarri. 1974an joan nintzen Erromara. Artearen eremuan epizentroa zen orduan Erroma. Garai hartan, abstrakzioan murgiltzen hasi nintzen. Beka lortu genuenon artean lagun talde ederra osatu genuen. Baina, frankismoa indarrean zegoen. Espainiako Arte Ederren Akademian aritzen ginen. Halako akademia asko zegoen orduan Erroman: AEBetakoa, Frantziakoa... Haiek erakusketak, hitzaldiak, kontzertuak... egiten zituzten. Guk, berriz, oso gauza gutxi egiteko aukera genuen; horma baten aurka ariko bagina bezala sentitzen ginen. Horregatik, bekari uko egitea erabaki genuen, eta etxera itzuli ginen. Bederatzi lagunetik sei etorri ginen etxera. Italia nire ametsetako herrialdea zen; mundu klasikoaz gain, gauza garaikide oso interesgarriak zeuden.

Oteiza museoko erakusketa atarian orduko lan bat jarri duzu.

Giambolognaren Sabinen bahiketa eskulturaren harira egindako interpretazio gaurkotua da. Florentzian [Italia] ikusi nuen, eta denbora batez begira arituta konturatu nintzen Giambolognak eskulturari zutik eusteko jenioek soilik topatu dezaketen irtenbidea lortu zuela. Izan ere, Sabinari zutik eusten diotenak eraso egiten dioten barbaroak dira.

Orain arte, eskulturaz mintzatu zara. Pinturak erakartzen zaitu?

Niri pintura izugarri interesatzen zait. Egia esan, nahi baino gauza gutxiago egiten ditut. Ia marrazkirik ere ez dut egiten. Diseinatzerakoan buztina, kartoia edota alanbrea erabiltzen ditut, batez ere. Akaso etxean altzariak nola egiten ziren ikusi izanagatik edo, izugarri erakartzen nau altzariak eskulturaren ikuspegitik egitea.

Sorkuntza moldeari dagokionez, abstrakziorako joera handiagoa duzu figuraziorako baino. Zergatik?

Altzuzan dudan erakusketarako Jorge Oteizaren erretratu bat egiteko asmoa neukan. Erroman egin nuen egonaldian, Unamunoren erretratu bat egin nuen. Erretratu naturalistak dira; gehiago interesatzen zaizkit. Gainera, Jorgek [Oteiza] aparteko erretratuak egin zituen. Baina denboraz larri ibili naiz, eta ez dut egiterik izan. Dagoeneko inork ez dit sinesten, baina ziur nago egingo dudala!

Zuk esana da Oteiza ezagutzea Errenazimentuan Leonardo da Vinci ezagutzearen parekoa dela.

Akaso esaldi hanpatsu xamarra da. Baina artea, niretzat, bizitzako arrazoirik inportanteenetakoa da, eta horregatik esan nuen hori. Jorge Oteiza, niretzat, XX. mendeko artistarik garrantzitsuenetarikoa da. Madrilen ikasten egon nintzenean oso izen ona zuen. Oro har, euskal eskultoreek zuten izen ona. Garai hartan, Oteizaz gain, Txillida, Mendiburu eta Basterretxea ere bazeuden. Artea maite duen pertsona batentzat, artista horiek ezagutzea baino gauza hoberik ez dago.

Oteizak merezi duen aitortza izan duela uste duzu?

Ez, ez du merezi adinako aitortzarik izan. Neurri batean, Oteiza bera da egoera horren erantzule. Oso gizon poliedrikoa zen. 1959an esan zuen egiten ari zen ikerketaren amaierara iritsi zela. Dena interesatzen zitzaion, poesia, zinema, politika... Sumendi baten modukoa zen. Fronte asko izan zituen, eta, noski, ez zen denen gustukoa. Baina nik izugarri miresten nuen, eta ez dut uste esaten duten bezain piperra zenik. Oso umore bizkorra zuen, eta lagun ona zen.

Irailean, Bakaikun duzun estudioan bisita gidatu bat egingo duzu, Oteiza museoarekin elkarlanean. Zaila egiten zaizu zure txokoa erakustea?

Nire estudioko ateak irekitzea ez da arazo bat. Ez dut Oteizak zuen dialektika, baina egin dudan lana azaltzeko gaitasuna badaukat. Nire sorkuntzei buelta asko ematen dizkiet. Eskultura bakoitza oso pentsatua dago; oso lan nekeza izaten da, eta denbora asko eskatzen duena. Beraz, horren berri emateko ez dut inolako arazorik. Lehen, erakusketa bat inauguratzen nuenean, ez zitzaidan nire lanen berri ematea gustatzen. Hainbat kidek esaten zidaten jarrera aldatu beharra neukala, eta konturatu naiz arrazoi zutela. Aste honetan, birritan izan naiz Altzuzan, eta behar adina bider joateko prest nago. Izan ere, garrantzitsua da azaltzea egiten dudan hori zergatik egin dudan horrela eta ez beste modu batera.

Nola ikusten duzu arte garaikidearen mundua?

Apur bat ilusioa galdua dut arte garaikidearekin. Egia da zenbait artistak ohiz kanpoko gauzak egiten dituztela. Baina gutxiengo bat dira. Gauzak oso interesgarriak izan arren, jende arruntak ulertzeko modukoak izan behar dute. Zenbait artista eta kritikariren diskurtsoak entzun, eta zozo aurpegia gelditzen zait. Horrek arbuioa eragiten dit. Bisitariak ahalegina egin behar du ikusten duen hori ulertzeko, baina artistak pistaren bat ematea ezinbestekoa da. Askotan, zera galdetzen diot neure buruari: bizitza osoa daramat mundu honetan, eta posible al da ikusten dudan horretatik ezertxo ere ez ulertzea? EHUko irakasle Xabier Saez de Gorbea zena laguna nuen, eta harekin sekulako eztabaidak izaten nituen gaiaren inguruan. Oso iritzi kontrajarriak genituen. Arte garaikidean gauza gutxik hunkitzen naute, tamalez.

Krisi ekonomikoak eraginik izan du artearen munduan?

Baietz uste dut. Krisi ekonomikoa baino lehen, eskultura publikoak egiteko lehiaketak egiten zituzten udalek. Hori dena orain erabat gelditua dago. Behin Jacako Udalak [Aragoi, Espainia] abian jarritako lehiaketa batera aurkeztu nintzen. Lehenengo saria eskuratu nuen. Eskultura egiten emandako saria baino gehiago gastatu nuen. Egiten ari nintzela, Jacako Udalekoei esaten nien aurrekontua gainditzen ari nintzela, baina ez zidaten jaramonik egiten. Milioi bat pezeta eman zidaten sari modura, eta nik bi milioi eta erdi pezeta baino gehiago gastatu nituen. Etxean esan zidaten lehenik eskultura amaitzeko, eta gero ikusiko genuela zer gertatzen zen. Jacako Udalak ez zuen ezer jakin nahi izan eskultura hartaz, noski.

Oso kritikoa izan zara galeriekin. Artearen hariak mugitzen dituztenengatik oso urrun zaudela esan izan duzu.

Galeriekin oso esperientzia txarrak izan ditut. Guztiekin ez, baina gehienekin bai. Une batean bide horretatik ezin nuela jarraitu erabaki nuen. Oso baldintza txarretan lan egitera behartzen dute artista. Baina gutxienez ordainduko balute! Nire obra saldu dudan zenbait galeriak ez didate ordaindu! Horri lapurreta esaten zaio! Horregatik, badira hamabost bat urte galeria batekin lan egiten ez dudala.

Aurrera begira, proiekturik baduzu esku artean?

2012an Bilboko Arte Ederren museoan erakusketa egin ondoren, Karmentxu Otermin nire emaztearentzat mahai bat egiten hasi nintzen. Oraindik ez dut bukatu, eta hori bukatzea gustatuko litzaidake. Altzari bat da, baina eskulturaren trataera du. Horrez gain, baditut beste proiektu batzuk. Lehen esan dut galeria batean lanean aritu nintzen azken alditik hamabost bat urte pasa direla. Baina berriz ere galeria batean erakutsiko ditut nire lanak. Lehen esan dudana esanda ere, bada oraindik ere serioa den jendea galerietan; bakanak dira, baina badira. EHUn Arte Ederretan eskolak ematen aritu nintzen garaian ikasle izan nuen emakume baten galerian erakutsiko ditut nire eskulturak. Duela urte asko proposatu zidan elkarlanean aritzea, baina orduan beste galeria batean nengoen. Fideltasuna dela eta, ez zitzaidan zuzena iruditzen proposamena onartzea. Gero gertatutakoak gertatuta, uste dut egokiena baiezkoa ematea izango zela, baina tira! Duela denbora bat berriz egin zidan proposamena, eta onartu egin dut. Altzuzan ikus daitezkeen artelan asko Bilbora joango dira, Vanguardia izena duen galeriara. Horrez gain, hiru bat gauza hasita dauzkat, baina ez dakit bukatzeko denborarik emango didan.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna